astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

bizigiro

Haize berriek astin ditzaten

Aitor Biain

Haize berriek astin ditzaten

Gurutzedunak, armarridunak, ilargidunak, bi koloretakoak, kolore anitzekoak, horizontalak, bertikalak... askotarikoak dira munduan dauden banderak. Izan herrialde batenak, izan udalerri batenak, edo izan kirol elkarte batenak. Diseinu aldetik, askotarikoak badira ere, antzekoak direnak ere hamaika dira. Esaterako: Poloniakoa eta Sri Lankakoa, Irlandakoa eta Boli Kostakoa, Herbehereetakoa eta Luxenburgokoa, Esloveniakoa eta Eslovakiakoa, Bahraingoa eta Qatarkoa edota Australiakoa eta Zeelanda Berrikoa.

Ozeaniako bi herrialde horien kasua oso nabarmena da, gainera. Australiako eta Zeelanda Berriko banderen antzekotasuna hain da handia, bereizten oso zailak direla urrunetik begiratzean; ondorioz, errakuntzak izan dira maiz. Australiakoak hondo urdina du, ezkerrekoan, goiko ertzan, Erresuma Batuko bandera du, eta behean izar zuri bat. Eskuinean, berriz, hegoaldeko gurutzea deritzon konstelazioa, bost izar zuriz osatua. Zeelanda Berriko bandera ere oso antzekoa da, baina aldaketa txiki batzuk ditu: hegoaldeko gurutzea lau izar zuriz osatuta dago.

Banderetan aditua da Juan Jose Gonzalez. Adierazi duenez, «Erresuma Batuaren kolonia izandako hego hemisferioko edozein herrialde ordezka ditzakete bi banderek. Bereizgarriak oso txikiak dira». Hain zuzen ere, Australiako eta Zeelanda Berriko banderek iraganeko arrasto kolonialista dute.

Bada, aztarna hori desagerrarazi nahi dute maorien herrialdean. Egungo bandera ofizialaren alternatiba bila dabiltza Zeelanda Berrian joan den urteaz geroztik. Herrialdeko lehen ministro John Keyk, herritar askoren eskariari kasu egin, eta bandera aldaketaren proposamena herritarren esku utzi baitzuen. Hala, erreferenduma egingo dute hil honetan: 1902an onartu zuten banderarekin jarraitu ala herrialdea ordezkatuko duen bandera berria izendatu.

Hain zuzen ere, joan den urteko azaroan eta abenduan aukeratu zuten egungoarekin lehiatuko den ikurra. Zilarrezko iratzea izena du bandera berriak, eta Kyle Lockwood arkitekto zeelandaberritarrak diseinatu du. Izenak berak azaltzen duen moduan, zilarrezko iratze hostoa da protagonista. Ez da nolanahiko ikurra Zeelanda Berrian, hosto bera erabiltzen du errugbi selekzioak —All Blacks ezagunak—. Iratze hostoaz gain, lau izarrak bere horretan mantentzen dira diseinu berrian, baita hondo urdina ere. Hala ere, hostoaren ezkerreko aldean aldatu egingo da kolorea: beltza izango da.

Bandera berriak «egungo gizartearen eta herrialdeko kulturaren elementuak» hartzen ditu kontuan, Gonzalezek adierazi duenez, eta hori «oso garrantzitsua» da herritarrek bandera bere egin dezaten. «Banderak giza talde konkretu baten sentimenduak eta ideiak ordezkatzen dituen ikurrak dira», nabarmendu du. Hori dela eta, «logikoa» iruditzen zaio ikurra aldatu nahi izatea: «Oso normala iruditzen zait iragana alde batera utzi eta identitate ikur berrien alde egin nahi izana; XXI. mendeko Zeelanda Berriko gizartearen ikurren alde egin nahi izana, alegia. Betiere, herritarrak egungoarekin identifikatuta sentitzen ez badira».

Bandera aldatzearen auzia aspaldiko kontua da, hala ere, Zeelanda Berrian. Hala dio banderetan aditu Aingeru Astui bermeotarrak: «1960az geroztik ari dira bandera aldatu ala ez eztabaidatzen». Are gehiago, britainiar iragana duten herrialde batek baino gehiagok aldatu du bandera historian zehar. «Beharbada Kanadako kasuarekin aldera daiteke Zeelanda Berriaren egungo egoera», azaldu du Astuik. Izan ere, 1965. urtean onartu zuen Kanadako gobernuak herrialdean gaur egun ofiziala den bandera: zuri-gorria eta astigar hosto gorria erdian duena.

Bandera berriak

Australiakoarekin duen antzekotasunaz eta Erresuma Batuarekiko duen lotura handiegiaz gain, Zeelanda Berriak badu banderaz aldatzeko beste arrazoirik: egungo banderan ez da ageri herrialdeko historiaren eta kulturaren elementurik. Hori dela eta, egungo bandera ofizialarekin lehiatuko denak hartzen ditu kontuan elementu horiek.

Hala ere, nola aldatu hainbat urteko historia duen bandera? Eta, garrantzitsuena, onartuko al dute herritarrek bandera berri bat haien ordezkari jarduteko? Elementu bereizgarriek prozesu horretan izan ditzaketen garrantzia azpimarratu du, hain zuzen ere, Gonzalezek: «Norbere herrialdearen kulturaren, historiaren eta nazio identitatearen elementuak baldin baditu, askoz ere errazagoa da herritarrek bere egitea bandera hori».

Ez du zertan horrela izan beti, hala ere. Horren harira, ikurrinaren kasua gogorarazi du adituak. «Sabino Aranak Bizkairako sortu zuen ikurrina; baina, Bizkaiak inoiz ez du bere bandera moduan onartu, nahiz eta bere garaian EAJren Bizkai Buru Batzarrak hala egin. Hori dela eta, garai batean alderdiaren ikurra izan zen, batez ere».

Gerora, baina, ezagunago eginez joan zen, eta ikurrinaren erabilera haziz joan zen apurka. «Herritarrei gustatu egin zitzaien, eta erabiltzen hasi ziren; lehenik, Bizkaian, eta, ondoren, Gipuzkoan: gutxika, ikur bilakatu arte». Hala, urte batzuk geroago izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak bandera ofizial gisa. Gerra garaian izan zen, 1936. urtean, zehatzago. «Ikurrinarena herritarrek bere egin zuten ikur baten kasua da. Horrek esan nahi du bandera bat berria izanagatik ere, ez dagoela arazorik herritarrak identifikatuak sentiarazteko». Hori horrela, gauza bera nabarmendu dute bi adituek: herritarren nahiak duen garrantzia.

Antzeko zerbait gertatu da munduko beste herrialde batzuetako banderekin ere. Inolako bereizgarrik gabeko bandera zirenek pisu eta garrantzi handia hartu dute. «Bandera batzuek urte askoko historia dute atzean. Ez dute egile jakinik, baina inork ez ditu zalantzan jartzen. Sentimendu eta botere sinboliko handia dute. Danimarkakoak eta Eskoziakoak, adibidez».

Beste kasu batzuetan, ordea, bada egilerik. Gonzalezek, esaterako, 50 bat herritako banderak sortu ditu oihalen munduan barneratu zenetik. Hala, Bizkaiko 33 udalerritako banderak diseinatu ditu, eta ofizialak dira egun, udal batzarrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak onartu ondoren. Basauri, Muskiz, Abanto-Zierbena, Gorliz, Lezama, Zamudio, Berango, Urduliz, Morga, Lemoiz, Arrieta, Meñaka, Karrantza, Balmaseda, Gordexola, Ibarrangelu, Lemoa, Areatza, Larrabetzu, Elorrio eta beste hainbat herritako banderen egilea da. Herri horietan, ordura arte ez zuten banderarik izan inoiz.

Bandera berri bat sortzeko arau zehatzik ez badago ere, «errazak eta garbiak» izan behar dute, adituak azaldu duenez. «Askotan esaten da haur batek margotzeko modukoak izan behar dutela». Hala ere, zehaztu du arau «nagusietako bat» dela armarrian agertzen diren koloreak «errespetatzea».

Aditu bakoitzak bere sortzeko modua badu ere, Gonzalezek azaldu du «garrantzitsuena» herri edota giza talde horrekin «identifikatzea» dela. «Bandera bat egin aurretik herriaren historian, geografian, herritarren sentimenduetan murgildu behar da. Azterketa sakon bat egin behar da lehenik, eta ondoren egin behar da marrazketa. Prozesu zaila da, askotan ez baita lortzen hori guztia banderan islatzea ondoren». Hori hala, behin baino gehiagotan jaso du udalen ezezkoa.

Halaber, erabaki hori «normaltasunez eta errespetu osoz» hartu izan duela azpimarratu du. «Banderak ez dira zerutik erortzen. Gizakiaren sentimendu eta ideien ordezkapen nahiaren emaitzak dira. Ikur oso boteretsuak dira. Hori dela eta, onarpen edo bazterketa sentimenduak eragiten dituzte askotan».

Gauza bera nabarmendu Astuik ere. Hori dela eta, Zeelanda Berriaren kasuan, ahalik eta herritar gehienek erreferendumean parte hartzea beharrezkoa dela uste du. «Erreferenduma ez da egun bakarreko kontua. Jendeak ongi pentsatzeko denbora dauka hil guztian; oso garrantzitsua da hori».

Izan ere, bandera berri bat izendatzea kolore aldaketa baino askoz gehiago da, Gonzalezen hitzetan: «Bandera batek giza talde baten ikur identifikatzaile izateari uzten dionean, aldaketa politiko-kultural bat gertatu dela esan nahi du. Bandera aldaketa kolore aldaketa baino askoz gehiago da».

BERRIAn argitaratua (2016/03/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA