mundua
RAJI SOURANI
«Zoazen tokira zoazela, ez zaude salbu»
Munia El Marhoum Iruretagoiena
Zer-nolako egoera duzue, egun, Gazan?
Gazak maiz jasan behar izan ditu Israelen blokeoak 2007tik —orduan hartu zuen Hamasek boterea—. Produktuak, baliabideak eta pertsonak ezin dira sartu eta atera eremutik. Ekonomia geldiarazi dute, eta horrek %65era igo du langabezia; laguntza jasotzen duen jendea herritarren %82 dira. Hortaz, hondamendia da egoera hau. Gainera, Israelek 2012an eta 2014an hiru eraso gogor egin zituen Gazaren aurka. Aipatutako guztiak zera ekarri du, bertako gizartea, ekonomia eta bizitza itolarrian egotea.
Egia esan, jendeak jada ez du ezer galtzeko. Blokeoarekin, gerrarekin, COVID-19aren pandemiarekin… Israelek esaten du Hamas duela helburu, ez zibilak. Hala ere, bonben zaratarekin, eta gerra baten erdian zaudela pentsatzean, jendea tentsio handian dago, eta ziurtasunik eza sentitzen dute. Baina halakoa da gure egunerokoa. Horrek ez du esan nahi kezkarik ez dugunik.
Oraingo honetan, erasoak egiteko, Israelek argudiatu du Hamasek suzko puxikak bidali dituela.
Hamas aipatzean, erresistentzia taldeez hitz egiten ari gara. Baina guri zibilak interesatzen zaizkigu. Nazioarteko zuzenbideak esaten du zibilak gerratik babestu behar direla. Genevako Konbentzioak eta giza eskubideek, denek diote hori. Gerra alderdi armatuen artean egiten da. Eta inork ez du eskubiderik bi milioi pertsona gatibu hartzeko ia hamabost urtean. Israelek lur eremu bat okupatu du, eta ez du erantzunik nahi, gu isilik egotea nahi du. Uste du herritarrak zigortuz hori lortuko duela, Palestinako erresistentzia gainditzea. Baina Israelek ez du eskubiderik gizarte oso bat zigortzeko.
Palestinar askok lekualdatu behar izan dute jazarpenaren ondorioz. Nola zaudete?
Gerra egoeran zibilek lekualdatzeko eta gerratik alde egiteko eskubidea dute; guk ez dugu aukera hori inoiz izan, ez digute aske mugitzen utzi. Horregatik, hiriz aldatu beharrean, jendea Gazako eremuaren barnean mugitzen da, erasoetatik alde egiten saiatuz. Familia batek hiru aldiz lekualdatu behar izan zuen, erasoetatik ihesi eta bost kide hil zituzten. Adibide bakarra da hori, eta gure errealitatearen erakusgarri: zoazen tokira zoazela, inon ez zaude salbu.
Produktuak sartzeko bidea itxi, eta blokeoa ezarri dute. Nolako baliabideak dituzue?
Ura guztiz kutsatua dago. Argindarrari dagokionez, egunean lau orduz dugu. Israelek ez du utzi ezer sartzen hamar egunean, puxika lehergarriei erantzun moduan. Energia zentral bakarrak elektrizitatea sortzeari utzi dio, erregairik ez duelako, eta horrek eragin latza du hainbat sektoretan; ez dago esan beharrik zein negatiboa izango den neurria ospitaleetan. Etxeetan ere hozkailuak ez badabiltza, janaria galdu egiten da. Uda latza izaten ari da, eta ura eta elektrizitatea eska dezakegun gutxienekoa da.
Bestalde, ia 7.000 arrantzale ditugu Gazan. Ohiko egunetan arrantzatzeko duten eremua ere ez da handia: 14 kilometro izaten dira. Baina orain ezin dira itsasora atera, eta hondartzetan ere —itsasertzetik— ezin dute arrantza egin.
Blokeo horren eragina okerragoa izango da koronabirusaren pandemiagatik?
Bai, noski. Lehenago inolako aukerarik ez bazegoen ekonomia berpizteko, pandemia honek gauzak hamar aldiz okertu ditu. Dena den, zortea izan dugu gauza batean, behintzat: Gazak ez du COVID-19aren jatorrizko kasurik. Israelen parteko blokeo luzeak ez du modurik eman bertako herritarrak nazioarteko jendearekin nahasteko. Gutxi batzuek bakarrik dute sartzeko baimena, eta kontrolatuta daude, berrogeialdia egiten. Arau zorrotzak jarri dira, eta Hamasen osasun sektoreak lan ona egin du horretan.
Nola jokatzen duzue zuek egoera horretan?
Zibilen ordezkari agertzen gara nazioartean eta Israelgo sistema judizialean. Hala egiten dugu zibilak ez daudelako salbu. 1967tik pairatzen ari gara okupazio bat. Sufrimendua, hilketak, zaurituak, suntsipena ez dira gelditzen, eta ez dugu ostertza ikusi ere egiten. Egoera guztiz bidegabea da hau, eta nazioartean salatzen dugu. Dena den, legalki aurre egiten saiatzen garenean, terrorista trajeduntzat jotzen gaituzte, eta esaten digute nazioarteko zuzenbidea gaizki erabiltzen ari garela.
Nola ikusten duzu nazioarteko eragileen egitekoa?
Israelgo erakundeei galdetuz gero —Bt'selem eta Gisha, esaterako—, nazioarteko giza eskubideen aldeko taldeei, Amnesty Internationali, Nazio Batuen Erakundeari ... gauza berbera esango dizute denek: Israel gerra krimenak eta gizadiaren kontrako krimenak egiten ari da. Europako Batasunak ere antzekoa esaten du, baina, zoritxarrez, ez dugu inolako erreakziorik ikusi, praktikoki, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka honetan. Israel da nagusi joko honetan, «Palestina ez» pentsaerarekin, eta horrek anexioaren gaia dakar, Trumpen babesarekin: munduko herrialderik boteretsuenaren laguntzarekin, alegia.
Duela gutxi, Israelek eta Arabiar Emirerri Batuek akordio bat sinatu zuten. Zer deritzozu?
Egia esateko, ez ninduen harritu. Mundu guztiak daki emirerriek eta Israelek, azken bi hamarkadetan behintzat, oso harreman ona izan dutela. Palestinarren onerako egin dutela esaten dute, baina zertan lagundu digute? Guri ez digute ezer onik ekarri. Espero dut, behintzat, Palestinako jendearen egoerak okerrera ez egitea horren ondorioz; izan ere, Israel inoiz baino argiago palestinarrak ezabatzeko saiakerak egiten ari den honetan sinatu dute akordioa. Eta, gainera, hitzarmen horrek harreman eredu bat ezartzen du. Israel saritzen ari dira, eta Israelek egindako ankerkeriak. Lotsatuta egon beharko lukete.
Bi estaturen konponbidea oraindik ere bideragarria da, zure ustez?
Palestina Askatzeko Erakundeak 1965ean argi eta garbi esan zuen estatu bakarra nahi genuela, laikoa eta demokratikoa, musulmanentzat, kristauentzat eta juduentzat. Bi estaturen konponbidea ez genuen guk sortu, nazioarteak baizik. Eta NBEren erabaki guztiak horren inguruan hartzen dira. Israelek beti esaten du: «Estatu judu baten garbitasuna nahi dugu». Baina Palestinakook estatu bakarra nahi dugula esaten badugu, haiek suntsitu nahi izatea egozten digute. Palestinako jendea ez da konbentzitu behar konponbidea hori den edo ez, baizik eta Israel, haiek ezabatu egin nahi baikaituzte.
Zer eskatzen duzue palestinarrek etorkizunera begira?
Oraintxe itolarrian gaude. Beraz, lehenik eta behin, eskatzen duguna zera da, gizatasunik gabeko blokeo hau amai dadila; nazioarteko zuzenbideak eta giza eskubideak errespetatzea besterik ez da hori. Bigarren eskakizuna: okupazio honi amaiera ematea.