politika
«Euskaraz hitz egingo duen» Jaurlaritza bat osatzeko eskaera
Maddi Ane Txoperena Iribarren Igor Susaeta
Euskal Herri osoko komunikabideetako kazetari euskaldunek izenpetu dute Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko kazetariak irakurri zuten adierazpena. Bertzeak bertze, BERRIA, Argia, Jakin, Gara, Hamaika Telebista, Naiz, Gaztezulo, Elhuyar, Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Eitb.eus, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Radio Euskadi, Naiz Irratia, Pikara Magazine eta euskarazko tokiko komunikabide anitzetakoek eman diote atxikimendua. Manifestuan adierazi dute «berdintasun defizit bat zuzentzea lortzeko helburua» dutela eskaerarekin: «Ezaguna da euskaraz lan egiten dugun kazetariok, euskaraz egite hutsagatik eta gure hizkuntzaren egoeragatik, urteetan iraun duen desberdintasun egoera batean ari garela lanean». Azaldu dute «herritar guztion ardura» dela euskara normalizazio «osora» eramatea, baina zeregin horretan «lehen mailako erantzukizuna» dutela erakunde publikoek.
Otamendik azaldu zuen zerk bultzatu dituen manifestua bultzatzera: «Kazetarien arteko elkarrizketa informaletan sumatzen zen halako haserre puntu bat, ezerosotasun puntu bat; batik bat, ikus-entzunezko hedabideetan». Izan ere, ezin izaten dituzte «irrati estudio batean, telebista plato batean» elkarrizketatu euskaraz ez dakiten kargu publikoak. «Beraz, hankamotz geratzen da hedabide eta kazetari horien funtzioa eta lana», zehaztu zuen BERRIAko zuzendariak. Artolak esplikatu zuen horri buruz mintzatu izan direla EITBko langileak: «EITBren hainbat erredakzio kontseilutan kezka hau partekatua izan da kazetarien artean, eta administrazio kontseilura helarazi da».
Manifestuak azpimarratzen duenez, «informazioa zorrotz, egoki eta zuzen» ematea da komunikazioan aritzen diren profesionalen «egitekoa», baita euskaraz jarduten duten profesionalena ere: «Horretan jartzen dugu gure lan, indar eta gogo osoa: gure irakurleei, entzuleei eta ikusleei lehen mailako informazioa helaraztea dugu helburu». Nabarmendu dute, gainera, egungo «une historikoan inoiz baino beharrezkoagoa» gertatu dela komunikabideetako profesionalen lana: «Oinarrizko jarduera da gurea, eta garrantzi ezinbesteko horren jakitun landu behar ditugu albisteak, egiazkotasunez eta eraginkortasunez».
Funtzio hori bete ahal izateko -zehazten du manifestuak- kazetariei «ezinbestekoa» zaie «notiziaren sorburura, protagonistengana eta arduradunengana jotzea». Arduradun horiek ere badituzte «betebeharrak», ordea: «Iritzi publikoari informazioa eta zehaztasunak ematea. Eta hori bi hizkuntza ofizialetan egitea». Galderen erantzunetan ere jarri dute arreta: «Kazetariaren betebeharra da galderak egitea; arduradun politikoen erantzukizuna, berriz, horiei erantzutea. Baita euskaraz ere».
Hori ez da hala gertatzen, ordea, manifestuaren sinatzaileen ustez. Hain zuzen ere, salatu dute «euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak» ez direla «aski»: «Ez dira aski euskaraz ari garen komunikabideetako profesionalontzat, eta, batez ere, ez dira aski informazioa euskarazko komunikabideetatik jasotzen duten herritarrentzat». Hala, hori berriro gerta ez dadin eta «euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea onartu eta 38 urtera», heldu den Jaurlaritza osatu behar duen «arduradun nagusiari» galdegin diote «euskaraz hitz egiten duten» sailburu eta arduradunak izenda ditzala: «Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaio euskal kazetaritza profesionalari. Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaie herritarrei».
Erantzunarekin «oso pozik»
Otamendik adierazi zuen ekinbideak izan duen erantzunarekin «oso pozik» daudela. «Kontsentsu errazeko manifestua da, eta jasotako babesak erakusten du kazetari asko zegoela horrelako baten zain». 350 sinadurak «oso egun gutxian» lortu dira.
Eusko Jaurlaritza berria osatzear dira, eta, Otamendik kazetarien galderei erantzunez nabarmendu zuenez, manifestuaren bidez bilatzen da «klase politikoaren gaitegian» jartzea auzia. «Gauza hauek, normalean, ez dute izaten berehalako efekturik. Mirakulurik ez dugu espero, baina bai eragina izatea».
Hau da kazetariek atxikimenduak emateko helbidea: sailburueuskaldunak@gmail.com