astekaria 2020/08/28
arrowItzuli

gizartea

«Historiak, hizkuntzak, kulturak batzen gaituzte, instituzioen gainetik»

Oihana Teyseyre Koskarat

«Historiak, hizkuntzak, kulturak batzen gaituzte, instituzioen gainetik»

Joseba Erremundegik (Ainhoa, Lapurdi, 1988) lehen kargualdia izanen du Euskal Hirigune Elkargoan. Kontseilu eragilean sartu da, eta Jean Rene Etxegarai lehendakariak mugaz gaindiko, Europako eta nazioarteko lankidetzen delegazioburu izendatu du. «Ohoraturik» agertu da izendapenaz, eta «lanean hasteko gogoz» dago.

Nola definituko zenuke mugaz gaindiko harremana?

Mugaz gaindiko harremana da Euskal Elkargoak mugaz bertzaldeko erakundeekin egiten duen elkarlana. Elkargoak eskuduntza hori hartzea erabaki zuen 2018an, Europako eta nazioarteko lankidetzen eskuduntzarekin batera. Maila ezberdinetan obratzen da: herriekin, mankomunitateekin, aldundiekin, eta, nola ez, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin.

Bi lankidetza maila garrantzitsu ikusten ditut. Lehenik, badira muga ondoan diren herrien arteko lankidetzak. Hor egiten dira eguneroko mugaz gaindiko harremanak. Uste dut herrietan diren iniziatibak sustengatu behar direla. Adibide ederra da Ainhoa, Sara [Lapurdi], Bera, Etxalar, Urdazubi eta Zugarramurdin [Nafarroa] egiten duten Herri Aitada. Jendea batzen duen egitasmo bat dela iruditzen zait.

Zentzu horretan, erabaki dut mugan dauden herri guzietako auzapez eta hautetsiak ikustera joatea, ikusteko haiek gauzak nola ikusten dituzten. Kilometroak badira, baina funtsezkoa iruditzen zait hori abiapuntua izatea. Haiekin ikusiko dugu bigarren urrats batean elkarrekin ikusten ote ditugun bertzaldeko alkate eta zinegotziak.

Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroarekin harremanak azkartzea funtsezkoa da ere. Historiak, hizkuntzak, kulturak batzen gaituzte, desoreka eta ezberdintasun instituzionalen gainetik. Eusko Jaurlaritzarekin badugu harreman instituzionala, eta lankidetza indartzeko gogoa aldebikoa da. Nafarroarekin, harreman horiek sustatu eta sendotu nahi nituzke. Laster biltzekoa naiz partaide ezberdinekin.

Zer egin da arlo horretan orain arte?

Azken hiru urteetan elkargoa xutik ezarri dute, bere tokia atzeman du panorama instituzionalean, eta orain inork ez du gehiago zalantzan ematen. Haatik, oraindik badugu lan gauzak finkatzeko eta azkartzeko. Elkar mugaz gaindiko, Europako eta nazioarteko lankidetzen eskuduntza 2018. urtean hartu zuen bere gain. Orduz geroztik, koadroak idatzi dira.

Estrategia horrek biztanle eta enpresen bizia erraztu nahi du muga inguruko bizigunetan, mugaz gaindiko nortasunak sustatu nahi ditu, trantsizio ekologikoaren desafioari erantzun nahi dio lankidetzan, eta lurraldea kanpoan ezagutarazi nahi du. Orain, helburu horiek ekintza bilakatu behar ditugu, eta ekintza plan bat osatu beharko dugu.

Adostu den plangintza horri gehitu behar zaio Jean Rene Etxegaraik eta IƱigo Urkulluk joan den urtean izenpetu zuten lankidetza memoranduma. Horrekin, lankidetza sustatzeko beharra aldarrikatu, eta hainbat sailetan obratzeko engaiamendua hartu zuten. Hori ere ekintza bihurtu behar dugu.

Euskal Herria osoki hartzen duen instituziorik ez da. Ba ote da halako egitura bat sortzeko proiekturik?

Oraingoz ez da. Niri gustatuko litzaidake, baina epe luzeko lana litzateke, eta hiruren arteko harreman batean [Nafarroa, Ipar Euskal Herria eta EAE] partaide guztiek ados izan beharko lukete; ez dakit horretan gauden oraino. Gaur egun, harremana garatuagoa dugu Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin baino.

Hala, lehenik Nafarroarekin behar ditugu harremanak sendotu. Gero badira gobernantza galde batzuk, eta galde nagusia da jakitea Euskal Elkargoa, instituzio berria, nola kokatzen den mugaz gaindiko lankidetzaren panorama instituzionalean.

Kooperazio tresna berezi bat sortu behar ote da? Euroeskualdeari begira nola kokatu behar ote dugu? Horretan kontuan hartzen da desoreka instituzionala. Nafarroaren eta Eusko Jaurlaritzaren hein bereko instituzioa Akitania-Berria eskualdea da; bada, beraz, Ipar Euskal Herriarekiko asimetria instituzional edo administratibo bat. Hala ere, erronka bat izan daiteke euroeskualdean leku baten lortzea, barnetik edo kanpotik.

Haatik, Ipar Euskal Herriak badu lotura kultural eta historikoa lurralde horiekin, eta hor bada koherentzia. Guk toki bat aldarrikatuko dugu panorama horretan, gure boza entzunaraziko dugu, txikiak izanik ere, zilegitasuna dugulako horretarako.

Zein dira zure asmoak kargualdi berrirako?

Erran bezala, koadroak finkatuak dira; orain egin behar duguna da gure estrategiari ekintza plan bat gehitu, Eusko Jaurlaritzarekin izenpetu Memoranduma obratu, eta Nafarroarekiko harremanak indartu. Momentu ona da, Nafarroa ari baita bere mugaz gaindiko estrategia definitzen. Eta, bistan da, proiektu handinahiak obratzea gustatuko litzaidake. Ideiak baditut; anitz, gainera. Baina gure partaideekin aipatuko ditugu lehenik, eta denen itzulia egin beharko dugu.

Mugaz gaindikoez gain, Europako eta nazioarteko harremanez arduratzen zara. Nola kokatzen da elkargoa bezalako egitura bat Europan edo nazioartean?

Nazioarte mailan oraindik ez dugu estrategiarik zehaztu; hori izango da sei urte hauetan landuko dugun gaietarik bat. Hori gure aldetik eginen dugu, eta baita Ipar Euskal Herrian dauden beste instituzioekin ere. Baina aukera bada nazioarteko proiektuak bideratzeko ere. Sail horretan Etxepare Institutuak egiten duena interesgarria iruditzen zait: Ipar Euskal Herriko kultur eragileak kanpoan ezagutarazten dituzte.

Europa mailan, 2014-2020 epealdian 52 proiektu eraman zituzten elkargoak eta garraio sindikatuak, eta kasik 20 milioi euroko diru laguntzak lortu zituzten. Etorkizunean, finantzaketa handiagoa lortu nahi dugu, eta Europako programen eraikitze prozesuetan ere parte hartu nahi dugu. Jada badiren zenbait egituraren eragile izateko asmoa dugu, erabakitzaileen artean sartzeko.

Bihar: Filipe Aramendi, lurralde antolaketaren delegazio burua.

BERRIAn argitaratua (2020/08/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA