astekaria 2020/08/28
arrowItzuli

gizartea

Nora begira?

Arantxa Iraola

Nora begira? Arantxa Iraola

Tabernetan ohiko poteo eredua amaituko dela adierazteko erreportaje luzeak, hondartzetara joateko ilarak egin behar direla kontatzeko kronika jostalariak, terrazetako martxa izurri aroan nolakoa den azaltzeko prest egon diren bezeroen lekukotasunak, egin ez diren festei buruzko kazetaritza pieza kolore askotarikoak, badoazen eta badatozen turistei egindako elkarrizketak... Iragan hilabeteotan hedabideetan argitaratu eta emititu diren albisteei erreparatu, eta aisialdiarekin lotutako gaiek hartu duten lekua aski deigarria da; egunkarietako azalak izan dira maiz, eta albistegiak ere zabaldu dira horiekin. Konfinamendu gogor baten ostean, ulertzekoak eta beharrezkoak dira hein batean halako albisteak, eta, egiari zor, bestelako pieza asko ere egin dira; epidemia hau zer den azaltzeko eta horren ondorioez ohartarazteko eta gogoetatzeko hedabideetan egin diren ahaleginak goraipatu egin behar dira. Baina aisialdiarekin eta konfinamendua arindu ahala normaltasun berria deitzen hasi ziren horrekin lotutako gaiei eman zaien tokiak zer pentsatua ematen du.

Martxotik ikasgela bat ez dute zapaldu haur eta nerabe gehienek, udalekurik eta aisialdirako eskaintza egokirik gabe geratu dira kasu askotan, edonor asaldatzeko moduko prebentzio neurri zorrotzekin jarraitu dute hilabeteotan egoitzetan bizi diren adinekoek eta elbarriek, eta kezkatuta eta artega egon dira gaixo kroniko asko, izurria berriz noiz oldartuko, beren irteerak eta bizi ohiturak guztiz mugatuta... Ingurumari hori gogoan hartzen denean ematen du zer pentsatua aisialdiarekin lotutako gaiei eman zaien hauspoak eta taxuak; mingarria ere izan da zenbaitetan.

Izan ere, nora begira jarri. Horretan zeresana badute hedabideetatik zabaltzen diren mezuek. Eta itauna da: galdutako normaltasunaren arranguran eta desioan ardaztutako mezuak hanpatzea da egokiena? Krisi honetatik ateratzeko ezinbestekoa izango da irudimena. Aldi batean, beste era batera egin beharko da lan. Beste era batera ikasi beharko da. Beste era batera bizi. Eta aisialdiak ezin du uharte bat izan aldaketa horretan guztian; beste era batera dibertitu beharko da.

Uda honetan lortu da aisialdian normaltasun eremu batzuk berreskuratzea, eta sarri goiburu arranditsuak egin dira lorpen horien berri emateko, triunfalistak ere bai ia. Hainbatetan argi ikusi da, ordea, lorpen horiek oso hauskorrak direla; areago, asteotan ozen zabaldu diren zenbait albisteren arabera, izurriaren bilakaerarako arriskutsuak ere izan daitezkeela interpreta daiteke.

Interpretazio bat da; ezin seguru ezer esan. Birusaren agerraldiei buruzko informazioa datu huts eta hotzak dira administrazioaren eskutik heltzen diren adierazpen gehienetan; argibideak falta dira jakiteko, zehazki, zein eremu eta jardueratan hedatzen den birusa era arriskutsuenean. Arazo bat da hori, agerikoa. Baina, heltzen den informazio apurraren arabera, aisialdia ulertzeko era jakin batekin lotuta daude agerraldi asko eta, hori aintzat hartuta, arlo horretan ere bolada batean normaltasun deituriko horrek bestelakoa izan beharko duela ikusita, gai horien gaineko begiradari buruzko gogoeta bat ez al da beharrezkoa?

BERRIAn argitaratua (2020/08/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA