iritzia
Identitatea
Garbiñe Ubeda Goikoetxea
Lagunik onena omen dugun abere usnatu zale hori Tinder moduko bat da kalekumeontzat; ratio batean aurki litezkeen kide interesatuak bilatu, mapan kokatu eta harremanetan jartzeko tresna lau hankaduna, alegia. Analogikoa izanagatik ere, saretu egiten zaitu; nahi ala ez, bestela aise egingo ez zenukeena natural samar egitera bultzatu. Hala nola, adin, genero eta kultur mugak apurtu eta zurea ez den zakurrak tiraka-tiraka zure aurrean jarri duen gizaki trauskilari aurreiritzi handirik gabe hitz egitera. Kasu askotan, adiskidetzat jotzera.
Inon idatzita ez dagoen kodean, tiraka-tiraka garamatzan hori aitzakia da, baina era berean bermea, ongi zainduta dagoen zakurraren jabea gizalegezkoa dela adierazi nahiko lukeen marka, Viv Albertineri —biografia bikaina idatzi zuen, The Slits taldean abiatutako ibilbidea, bizipenak eta punk-aren ekarpena kontatuz— kontrakoa iruditzen zaion arren. Zakurrekin espezie berekoekin baino hobeto konektatzen duten gizakiez ez omen da askorik fio, liburuko pasarte batean espresuki dioenez. Baina halakoxeak dira gauzak hemen, eta ziurrenik, baita Euskal Herriko beste bizitoki askotan ere.
Testuinguru horretan ezagutu nuen aurreko batean, Bulldog txiki batekin zihoan andere frantses hiztuna, 60 urte inguru eta bere maskotaren tankerakoa. Geure zakurrak jolasean hasi, elkarrengana hurrerarazi eta bizpahiru esaldiko berriketa aski izan zuen ni katalogatzeko. Beste emakume baten antza hartu omen zidan berehala, bereziki ahotsean, agerkeran eta keinuetan, ez fisikoan. Milaka biztanle eta ehunka zakur-jabe inguruotan, baina nor eta Marisa gogorarazi omen nion, nire herri eta belaunaldi berean sortu, ikastola berean eskolatu, eta nik bezala, aspalditxoan Hendaia bizitoki hartutako emakumea. Harri eta zur utzi ninduen, ez baikinen preseski espresiobiderik onena ahalbidetzen didan hizkuntzan ari.
Kasualitatea? Ez. Homogeneizaziora zuzen-zuzen goazen arren, oraindik ere nortasun kolektibo amiƱi bat gordetzen dugun seinale. Bada oraindik esperantza.