astekaria 2020/08/28
arrowItzuli

gizartea

Ikasgelei neurria hartzen

Irati Urdalleta Lete

Ikasgelei neurria hartzen

Ikasgeletako ratioak jaistea irakasleen eta sindikatuen eskaera historikoetako bat da, azken hilabeteetan gero eta indar handiagoa hartzen ari dena. Ikasgelako ikasle kopurua murrizteak osasun arriskuak gutxitu ditzake, baita haur eta gazteek ikastetxean jasotzen duten arreta hobetu ere, baina horretarako baliabide gehiago jarri behar dira. Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak ikasturtea hasteko ekainean aurkeztutako neurrien arabera —Jaurlaritzak ez zuen onartu ikasturte hasierari buruzko akordioa—, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan gehienez hogei ikasleko bizikidetza talde iraunkorrak —ahal dela, hamabostekoak— sortzeko aukera dago. Hogei ikasle pasatxokoa da batez besteko ratioa Hegoaldeko ikasgeletan.

Nafarroako Gobernuak ratioak jaitsiko dituztela ziurtatu du: 666 irakasle gehiago kontratatuko dituzte, eta HHn gehienez hogei ume egongo dira ikasgela bakoitzean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarteren hitzetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletako ratioak aztertu dituzte, eta gehienezko kopurutik behera daude batez bestekoak. LHn gehienez 25 ikasle egon daitezke ikasgelako, eta 19,6koa da batezbestekoa. Uriartek nabarmendu zuen DBHko geletan gehienez 25 ikasle egon daitezkeela, eta 21,5ekoa dela batezbestekoa; Batxilergoan, berriz, 30 ikasle egon daitezke ikasgelan, eta batez beste 24,6 daude.

Atzean geratu dira, hezkuntza ez-unibertsitarioan behintzat, 40 ikasle irakasleari entzunez egon ohi ziren urteak. Hezkuntza Ministerioak emandako datuen arabera, hogei ikasle inguru daude Hego Euskal Herriko ikasgeletan, nahiz eta aldea dagoen sareen, mailen eta urteen artean.

2017-2018ko ikasturtekoak dira azken datuak. Orduko txostenaren arabera, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko 486.633 ikasle ari ziren eskolak hartzen Hego Euskal Herrian, eta 24.170 taldetan zeuden banatuta. Hau da, ikasgeletan, batez beste, 20,1 ikasle zeuden.

Hamasei urte atzera eginda, 2001-2002 ikasturtean bestelako egoera bat zegoen. Orduan, 384.008 ikasle ari ziren ikasten, 19.845 taldetan banatuta. Beraz, 19,4 ikasle zeuden taldeko, hamasei urte geroago baino ia ikasle bat gutxiago gelako.

Ikasgeletan pixkanaka haur gutxiago pilatzen joan ziren 2007-2008ko ikasturtera arte —batez beste, 18,7—, baina gero igo egin zen urtez urte, eta hogei ikasleren inguruan finkatu da.

Badago aldea

Baina zenbaki orokorrek atzean ezkutatzen dituzte beste xehetasun eta gorabehera batzuk. Hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren arteko aldea da horietako bat. Aztertutako ikasturte denetan, ratioak altuagoak dira itunpeko ikastetxeetan publikoetan baino. Alderik handiena 2001-2002ko ikasturtekoa da. Orduan, batez beste, 22 ikasle zeuden itunpeko sareko ikasgeletan, eta 17,2 sare publikokoetan; hau da, ia bost ikasle gutxiago. Azken urteetan, aldea nabarmen gutxitu da, eta ia bi ikaslekoa (1,8) zen 2017-2018 ikasturtean —itunpeko eskoletako geletan, batez beste, 21,1; publikoetan, berriz, 19,3—.

Bilakaerari begiratuz gero, aldiz, hezkuntza publikoak du joera eskasagoa. 2001-2002an, 17,2 ikasle zeuden ikasgelako; 2006-2007ko ikasturtean, behea jo zuen, hamazazpi ikasleko batez bestekoarekin; eta 2012-2013ko ikasturtetik, hemeretzi ikasleren bueltan eusten dio; hau da, txostena egin zuten azken ikasturtean lehengoan baino bi ikasle gehiago zeuden ikasgeletan.

Itunpeko sarean, berriz, alderantziz gertatu da. 2001-2002an izan zituzten ikasle gehien ikasgelako (22); eta 2007-2008an, gutxien (19,7). 2012-2013ko ikasturtetik, 21 ikasle inguruko ikasgelak dituzte.

Mailaren arabera ere alde handia dago. HHko ikastetxeetako geletan daude ume gutxien: 2017-2018ko ikasturtean, 10,5. Bilakaera beheranzkoa izan da —16,5 haur zeuden 2001-2002ko ikasturtean—, nahiz eta azken urteetan 10-11 ikasleren inguruan gelditu den. LHko ikastetxeetan, aldiz, igo egin dira ratioak; hain zuzen, 16,3 ikasle zituzten ikasgelako 2001-2002an, eta 2017-2018an, 18,6.

Batez besteko ratioak hogei ikasletik gorakoak dira bigarren hezkuntza ere eskaintzen duten eskoletan. Hain zuzen, LHko eta DBHko eskoletan 21 ikasle zituzten ikasgeletan 2017-2018an, eta kopurua igotzen ari da 2006-2007ko ikasturtetik —gelako 19,6 ikasle ziren orduan—. DBHko eta Batxilergoko ikastetxeetako ikasgeletan, 20,9 ikasle dituzte—17,6 ziren 2006-2007an—. Ikasle gehien, berriz, LH, DBH eta Batxilergoa eskaintzen dituzten ikastetxeetako ikasgeletan dituzte: 24,6 ziren 2017-2018ko ikasturtean, 2001-2002ko ikasturtean baino ikasle bat gehiago.

BERRIAn argitaratua (2020/08/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA