politika
Partaidetza berrien bide urratzaileak
Jon O. Urain
«Ikusi dugu mendebaldeko demokrazia liberaletan gertatzen ari diren joera batzuk hemen ere gauzatzen ari direla belaunaldi berrietan: gazte asko politikatik urrundu dira», azaldu du Ane Larrinaga EHUko Soziologia irakasle eta ikerketaren zuzendariak. Haren hitzetan, ordea, urruntze hori ez da izan «hautaketa libre» baten ondorio: «Fenomeno sistemiko gisa ulertu behar da; gaur egungo egitura politikoak ez du bultzatzen herritar aktiboak edo konprometituak izatea».
Prozesu asko gertatu dira, eta, esaterako, globalizazioaren eraginari erreparatu dio Larrinagak: «Estatuek, elkarte autonomoek eta abarrek pisua galdu dute beste eragile ekonomiko global batzuen aurrean. Jendeak ikusten du erabakiak ez direla hartzen zuk eragina izan dezakezun esparruetan, kontrol demokratikorik ez daukaten esparruetan baizik». Hori horrela, gazteek sentitzen dute ez daukatela «inolako eraginik, euren ahotsa ez direla aintzat hartzen. Urruntze hori benetan gertatzen ari den prozesu bat da».
Haatik, politikagintza instituzionaletik urruntzen den jende hori ere ez da talde guztiz homogeneoa, Larrinagaren hitzetan: «Kezka sozialak eta politikoak dauzkate, batzuk jarduten dute euren bizitza pribatuan, boluntariotza lanetan... Politika instituzionaletik urrun sentitzen dira».
117 orrialdeko txostenean bildu dute ikerketaren mamia. Eginak ziren gazteen parte hartze politikoari buruzko inkesta eta ikerketa kuantitatibo batzuk, baina parte hartze horren atzean dagoenari erreparatu diote EHUko ikerlariek: «Askotan ez dakigu datuen atzean zer dagoen: nolakoak dira politikarekiko interesik ez dutela dioten gazteak? Guk planteatzen dugu ikerketa kualitatibo bat, hori ezagutzeko». Izan ere, uste dute Euskal Herrian «ziklo politiko bat» hasi zela ETAren jardueraren amaierarekin, eta mendebaldeko herrialdeetan «egiturazko hainbat aldaketa» gertatzen ari direla, gazteengan eragina daukatenak: «Indibidualizazio prozesua, lan prekarizazioa... Ikusten genuen faktore horiek eragina izango zutela gazteengan eta gazteek politikarekin daukaten harremanetan».
Politika ulertzeko era
Funtsean, «arazo kontzeptual bat» nabari du Larrinagak; zer ulertzen den politikaz: «Kaleko jendeari galdetzen diogunean, politikari buruzko ikuspegi hegemoniko bat dago, liberala, identifikatzen duena politika esparru publikoarekin, alderdiekin, politikariekin, hauteskundeekin...». Instituzio horiekiko «mesfidantza handia» antzematen du, eta «kasu askotan, gazteen indiferentzia», baina horrek ez du esan nahi «eredu horretatik urrun sentitzen diren guztiak apatikoak edo pasiboak direnik. Urruntze sistemiko bat da».
Nolanahi ere, beren burua politikarekiko urrun sentitzen dutenek ere praktika sozial eta politikoak dituzte sarri, ikerketan nabaritu dutenez: «Boluntariotzan ari dira jo eta ke, edo gobernuz kanpoko erakundeetan parte hartzen dute. Ustezko interes falta horren atzean egoera zeharo desberdinak daude».
Larrinagak adibide gisa jarri ditu erakunde edo gizarte mugimendu antolatuetan parte hartu ez, baina euren egunerokoan jarrera politizatuak dituztenak: «Hori da gaurko gazteen politizazioaren beste ezaugarri bat: eguneroko bizitza politizatzen dutela. Eta hori, ohiko ikerketa tresnekin, askotan ikusezin geratzen da. Bada jendea lana bera politizatu duena, bere lanari zentzu etiko bat esleitu diona».
Gauza bera egiten dute hainbatek aisiarekin, kontsumoarekin, harreman ereduekin... Horrela jardunez, Larrinagak uste du esparru politikoa «zabaldu» egiten dutela gazteek; politikagintzaren «ikuspegi murriztailea», «hegemonikoa», ireki.
Gazte multzo bat da hori, baina badira beste batzuk ere. Izan ere, ikerketa egiteko, soslai desberdineko jendea elkarrizketatu dute, eta azaleratu dira politikagintza ulertzeko modu diferenteak. «Euskal Herrian, gizartean oso errotuta dagoen kultura komunitario bat dago, autogestioa bultzatzen duena, autonomia handikoa gizarte zibiletik gauzak egiteko... Kultura hori birsortu da gazte talde batean», dio Larrinagak. Gazte horiek «politizatzea jaso» dute, parte hartzerako «orientazioa», eta garatu dituzte «gaitasun politiko batzuk: arazo sozialak betaurreko politikoekin ikusteko gaitasunak. Eta izan dituzte sare sozial batzuk antolatzeko, berdinekin batera politizatzeko».
Edonola ere, gazte politizatu horiek ez dute jarduten euren gurasoen praktika eta eredu berdinen arabera, ikerketan azaldu dutenez: «Gaur egun politizatutzat ditugun gazte horiek ere egokitu dira baldintza berrietara. Gaitasun eta baliabide berri horiek baliatzen dituzte euren erara antolatzeko; askotan, esparru politikoaren ertzetan, politika instituzionaletik at».
Larrinagak gogora dakar, gainera, hori deserosotasunez bizi dutela: «Gazte batzuk urrunduta sentitzen dira politikatik; horiek adierazten dute egoistak direla. Zentzu komunaren ikuspegi hori, gazteen estereotipo hori, oso barneratuta dago. Autokontzeptu negatiboa daukate». Are gehiago, ikusi dute elkarrizketatutako gazteek «sufritu» egiten dutela, «euren burua gaizki ikusten dutela, ez direlako gai ikusteko arazo sistemiko bat dela».
Feminismoa, motor
Txostenetik darien harietako batean aztergai dute sexu-genero sistemak parte hartze politikoan daukan eragina: besteak beste, dokumentuan jaso dute «proiektu eraldatzaileetan dabiltzan neska gehienek gogoeta landuagoak» egin dituztela, eta beren esperientziak ikuspegi feministatik aztertzeko gaitasuna erakutsi dutela: «Zalantzarik gabe, neska gazte aktibista horien erreflexibitate maila handia da, oso», erantsi dute testuan.
Mila Amurrio irakaslearen hitzetan, mugimendu feministaren lan teorikoak eragin handia izan du elkarrizketatutako gazteen gogoetetan nahiz praktika politikoan: «Gogoeta praktika bihurtzen dute, eta euren egunerokotasunetik abiatzen dira. Hori feminismoaren ekarpen bat da; norberaren bizitzaren eraldaketari bidea egitea. Kontziente izatea beste batzuekin aritzea harreman batzuetan murgiltzea dela eta horietan genero sistemak eragiten duela».
«Neskek beste esperientzia batzuk bizi izan dituzte euren gorputzetan eta euren memorian», gaineratu du Larrinagak. Haren hitzetan, genero ikuspegiak eragina du elkarrizketatutako gazteen jardunean ere: «Boluntariotza lanetan ari diren gazteen kasuan, nabarmena da ez daukatela gai horietaz inolako kontzientziarik edo ez dutela adierazten. Gainera, oso naturalizatuta dago emakumeen lana dela; Caritasen, Gurutze Gorrian... Zerbitzuan egotearen zera hori naturalizatuta dago, emakumearen rol tradizionalari lotuta dagoelako».
Generoak jokatutako rolen beste ertzetako bat balio politikoen transmisioan antzeman du Larrinagak: «Gaur egungo gazteen sozializazioan genero rolak oso bereizita egon dira, eta, gazte politizatuenen kasuan, nahiz eta aita eta ama politizatuta egon, ikusi dute aitak proiekzio handiagoa izan dutela. Baina gero, balioen transmisioan eta sozializazioan, erabakigarritzat jo dute haien amen rola».
Beldurrik ez
Euskal Herrian, ETAren jarduerarik gabeko testuinguru politiko batean, nola bizi dute egungo gazteek politikagintzan jarduteko beldurra? Zenbateraino dute presente beren aurreko belaunaldiek gatazkaren lubaki ezberdinetan egoteak sorraraz zezakeen ikara? Izan ere, ikerketan jaso dutenez, zenbait esparrutan ETAren indarkeriarekiko beldurrak baldintzatu du praxi politikoa, jazarpen polizialarekikoak beste esparru batzuetan, eta, beste maila batean, politikagintza esparru gatazkatsu edo arriskutsu gisa ikusi izan dute hainbatek.
Onintza Odriozola soziologia irakasleak aurreko belaunaldiaren praktika politikoari lotutako aldagaitzat du beldurra: «Gure elkarrizketatuen artean badira adinean gorago dauden gazteak, eta horietako batzuek bizi izan dute euren erakundea legez kanpo egon izana». Horrez gain, Odriozolari atentzioa eman dio «Euskal Herriko nazio gatazkan alde batean edo bestean» jardun duten gazteek adierazi dutela kezka bera: «Memoria historikoa galtzearen edo transmisio falta egotearen beldurra. Bi aldeetan agertu zen transmisiorik ezaren beldurra, egungo gazteek ez ezagutzea gertatu diren gauza batzuk».
Larrinagaren esanetan, «atzealdean egon den elementu bat» izan da beldurra, baina gaur egungo gazteen jarduera ez du «batere» baldintzatzen: «Gauza bat da batzuen iraganeko memoria, baina beste batzuek ez dute inolako memoriarik edo bizipenik horretaz. Gaur egungo gazteen jarduna ez dago beldurrak baldintzatuta».
Ikara horrek, ordea, izan zezakeen beste dimentsio bat: eztabaida publikoa saihestearena edo espazioa beste ikuspegi politiko batzuetako jendearekin ez konpartitzearena. Hori aldatuz doala antzeman dute ikerlariek, eta «polarizazioaren ahultze» baten ondorio dela uste du Odriozolak: «Lehen, markatu behar zenuen zeure burua: alde batean edo bestean zeunden, egoerak behartzen zintuen zeren alde edo zeren kontra zauden ezartzera. Polarizazioa ahulduz doan heinean, konpartimentalizazioa desagertuz doa».
Aldaketa antzeman du Larrinagak ere: «Lehen, identitate politikoak oso finkoak ziren; gaur egun, oso ohikoa da gazte batek esatea lehenik bati bozkatu ziola, gero beste bati, eta orain pentsatzen ari dela nori eman botoa. Leialtasun politikoak askoz zurrunagoak ziren lehen, baina, mugak desegitean, horrelako gauzak ere gertatzen dira».
31 elkarrizketa sakon eta lau eztabaida talde osatu dituzte ikerketa egiteko; alderdi politikoetako gazte erakundeetako kideak, arlo askotariko gizarte mugimenduetakoak, sindikatuetakoak, inoiz botoa eman ez dutenak... Horietan «herritartasun berrien emergentzia» detektatu izana nabarmendu du Amurriok; «ez zentzu tradizional bati lotua. Herritartasun geruzatuaz mintzo dira teorialariak, herritartasun digitalaz, intimoaz... Hori guztia ia ukitzera heldu garen neurrian, oso interesgarria izan da; ikustea susmatzen genuena gertatzen ari dela».