astekaria 2020/08/28
arrowItzuli

gizartea

Euskarari bultzada udan

Aloña Beraza Peña

Euskarari bultzada udan

Itxialdian galdutakoa berreskuratzeko asmoz eman dut izena barnetegian, abuztu osorako». Marisa Marroquinek euskara indartzeko baliatuko ditu udako oporrak. Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko ikaslea da, baina, konfinamenduaren garaian eskolarik izan ez zuenez, kezkatuta dago hilabete horietan galdutako mailarekin. Ez da bakarra: haur asko hezkuntzaren eremuan soilik bizi dira euskaraz; eskolan bakarrik entzuten dute, eta ordutegi horretan baino ez dute erabiltzen. Itxialdian, beraz, haur ugarik ez zuten euskaraz egiteko ia aukerarik izan, eta heldu askori ere hala gertatu zaie. Uda baliatzen ari dira asko galdutakora hurbiltzeko.

Gabriel Arestiren Bakaikuko (Nafarroa) barnetegian eta Lazkaoko Maizpiden (Gipuzkoa), 16 urtetik gorako ikasleek eman dezakete izena, eta hamaika helburu izan ohi dituzte tarteko: titulazioa lortzea, norberak euskara gehiago erabiltzea eta jakintza maila hobetzea, besteak beste. Aurten, ordea, egoera bestelakoa dela azaldu dute ikasleek, eta beharrak ere moldatu dituztela. «C1 titulua lortzeko prestatzen ari naiz, baina uda honetako helburu nagusia da martxora arte nuen maila berreskuratzea», azaldu du Marroquinek. Semea jaio zenean hasi zen euskara ikasten, haurrari etorkizunean lagundu ahal izateko: «45 urterekin, hutsetik hasi nintzen, eta bost urte daramatzat. Asko ikasi dut euskaltegian; hasieratik asko gustatu zitzaidan euskara».

Nuria Ogeta eta Roberto Dagnino Maizpide barnetegiko urte osoko ikasleak dira. Alarma egoerak barnetegiko ikastaroan harrapatu zituen bete-betean. Orduan, egunero 24 orduz bizi ziren euskaraz, baina ordu gutxira mugatu behar izan zuten jardun hori. Dagnino italiarra da, eta lau urte daramatza euskara ikasten. Hizkuntzalaritza eta itzulpengintza ikasitakoa da, eta «interes hutsagatik» ekin zion euskarari, bere kabuz: «Lilura nuen euskararekin, eta pasiogatik hasi nintzen ikasten, Interneteko materialekin eta liburuekin. Baina, hizkuntza guztiekin gertatzen den moduan, hizkuntza ondo ikasteko garrantzitsua da noizbait herrialdera joatea. Horregatik animatu nintzen Euskal Herrira etortzera eta barnetegian sartzera». Ogeta, berriz, gasteiztarra da, eta A ereduan ikasi zuen txikitan, gaztelaniaz. Iaz heldu zion berriro euskara ikasteari, lana aurkitzeko «ezinbestekoa» delako eta inguruko «euskal giroan» murgildu nahi duelako.

Marcos Mon irakaslea da. Lanerako C1 maila behar duelako hasi zen Gabriel Aresti euskaltegian, baita kultura ulertzeagatik ere. Aurten, abuztua libre duenez, erabaki du iazko udako esperientzia errepikatzea euskaltegiak Bakaikun antolatzen duen barnetegian. «Euskara lantzeko aukera aprobetxatu nahi izan dut, oso aberasgarria delako eta ez dugulako aspertzeko astirik».

Bizipenez betetako egunak

Bakaikun, eguna 07:00 aldera hasten da. Esnatu, eta denek batera gosaltzen dutela kontatu du Monek. 08:30etik 14:00etara, eskolak izaten dituzte, atsedenaldi bat tartean, eta elkarrekin bazkaltzen dute. Arratsaldean, berriro klasera itzultzen dira, baina ikasgelatik kanpo; lorategian, esaterako. Iluntzean, bestelako jarduerak egiteko astia izaten dute; frontoira joateko edo paseo bat emateko, dena euskaraz.

Lazkaon ere, otorduak elkarrekin egiten dituzte, eta zortzi eskola ordu izaten dituzte astelehenetik ostiralera: goizean, lau ordu, eta bazkalostean, beste hiru; arratsaldeko azken orduan, berriz, Maizpiden ere eskolaz kanpoko jarduera bat egiten dute ikasleek, norberak erabakitakoa. «Balio du euskarazko aisialdia badagoela konturatzeko, baita beste taldeetako edo mailetako ikasleek elkar ezagutzeko ere», esan du Laida Begiristain Maizpideko zuzendariak. Barnetegia herrian bertan dagoenez, ordu libreak herrira joateko baliatzen dituzte ikasleek. «Konfinamendu aurretik herriko pintxo-potera joaten ginen», gaineratu du Ogetak.

Euskaltegian eta barnetegian une gogoangarri ugari izaten direla eta harreman asko sortzen direla berretsi dute ikasleek. Marroquinek azaldu duenez, euskara ikasteko tokia izateaz gain, erlazionatzeko eta gauza berriak probatzeko lekua ere izaten da: «Asko ikasi dut euskaltegian; konfiantza, lagunak eta momenturik onenak eman dizkit euskarak. Ez da hizkuntza ikastea bakarrik. Hizkuntza zati txiki bat da, kultura ulertzeko atea: kultura barrutik ondo ezagutzeko, beharrezkoa da hizkuntza ulertzea».

Ogetarentzat, erronka pertsonala da: «Neure burua irekitzeko balio dit. Askotan, euskaraz hitz egitean saiatzen naiz itzulpena egiten, eta hori ezinezkoa da. Eskemak apurtzeko balio izan dit, dena ezin da buruz ikasi, eta hori landu egin behar da».

Udatik aurrera

Aurrerantzean euskara ikasten jarraitzeko asmoa dute laurek. Bat datoz hizkuntza bere horretan ez dela zaila bereziki, baina denbora eta dedikazioa eskatzen duela. Dagninok dio «bizitzako proiektua» dela, eta euskara ikasi nahi duenak «luzerako programazioa» egin behar duela. Dena den, nabarmendu du garrantzitsuena hastea erabakitzea dela: «Beharbada, batzuentzat prozesua laburragoa izango da; nik denbora pixka bat gehiago behar izan dut Euskal Herrira etorri eta hemengo kulturara, gizartera eta ohituretara ohitzeko».

Ogetak gaineratu du «beharrezkoa» dela ikasitakoa praktikan jartzea, eta barnetegia oso lagungarria dela klasetik kanpo 24 orduz euskaraz bizitzeko. Marroquinek ere bat egin du ideia horrekin, eta euskara ikasten ari diren hasiberriei gomendio bat egin die: «Jarrera ezinbestekoa da. Gauza txikienetik ere ikasten da, eta egia da lan handia egin behar dela, baina konturatu gabe ere asko ikasten da. Hori bai, euskaltegian ikasitakoa eguneroko bizitzan erabili behar dugu; bestela, pauso bat egiten dugu aurrera baina beste bat atzera».

BERRIAn argitaratua (2020/08/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA