ekonomia
Sagarraren zatia nahi dute
Jokin Sagarzazu
Asteon, sagarraren konpainiak jakinarazi dio bideo jokoen sortzaileari abuztuaren 28an App Storetik —aplikazioak instalatzeko Appleren dendatik— bere produktu guztiak ezabatuko dituela; tartean, Fortnite bideo joko ezaguna. Eta hori kolpe gogorra izango litzateke Epic Gamesentzat, Fortnite mundu mailako joko arrakastatsuenetako bat baita gaur egun —150 milioi erabiltzaile inguru ditu, eta horietako asko Appleren bitartez—, eta diru iturri amaigabe bat da.
Auziaren oinarrian dago Applek bere bezeroei kobratzen dien tasa edo komisio bat: erabiltzaileek App Storen dauden aplikazioak erostegatik edo erabiltzen ari diren bitartean egiten dituzten ordainketengatik zati bat eskuratzen du. Adibidez, partidetan jokalari batek beste arma bat edo jantzi bat eros dezake jokorako, eta horren truke ordaintzen duenaren %30 zuzenean Appleren patrikara doa, jokoaren sortzailearengana joan beharrean.
Epic Gamesek gehiegikeriatzat jotzen du praktika hori, eta, aurreko astean, bideo jokoaren beste eguneraketa bat bidali zuen, jokalariek Appleri beharrean hari zuzenean ordaintzeko aukera izan zezaten. Applek ez zuen eguneraketa hori onartu, eta Fortnite ezabatu zuen aplikazioetarako bere dendetatik.
Gatazka aspaldikoa da, eta Epic Gamesek prest zuen kontraerasoa: hori iragarri eta ordu batzuetara, AEBetan auzitara joko zuela adierazi zuen, eta sare sozialetan Appleren aurkako kanpaina ikusgarri eta sinboliko bat zabaldu zuen, FreeFortnite lelopean, gogora ekarriz 1984an sagarraren konpainiak Macintosh sistema operatiboa aurkeztu zuenean eginikoa, zeinak IBMren eta oro har PC ordenagailuen monopolioa salatzen zuen.
Joko arauen jabea
Applek argi du bere jarduna ez dela legez kanpokoa. Argi dio App Store denda pribatu bat dela, eta bere produktuak bertan saldu nahi dutenek kostu bat ordaindu behar dutela; gogoratu du horrela jokatzen dutela sektoreko beste plataforma guztiek: Googlek bere Play Storen dituen aplikazioekin, Microsoftek, Amazonek edo bideo-joko ekoizleen denda digitalek. Appleren arabera, horiek eta bitartekari lanak egiten dituzten gainerako enpresek oso antzeko kopuruak kobratzen dituzte, eta azpimarratu du bere tasa ez dela neurriz kanpokoa. Era berean, gogorarazi du dendan dauden aplikazioen %14ri soilik eragiten diela horrek, soilik eguneraketak eta bestelako zerbitzuak behar dituztenei.
Fortnite Tencent txinatar erraldoiarena da. 2018an, denda digital bat jarri zuen martxan Mac OS eta Windows sistemetarako, eta %12ko komisioa ezarri zuen erosketa bakoitzagatik. Plataforma sakelako telefonoetara eramaten saiatu zen, baina ezinezkoa suertatu zitzaion. Horregatik leporatu dio Appleri softwarearen monopolioa ezartzea.
Izan ere, aplikazioak beste bide batzuetatik saltzea eta behar bezala garatzea zailtzen duten hainbat arrazoi daude. Batzuk, subjektiboak: erosotasun eta segurtasunarekin loturikoak, ordainketak egiterakoan, bereziki, edo birusak eta gisakoak ekiditeko. Eta beste batzuk, teknikoak. Bigarren hori hein handi batean gertatzen da Apple delako aplikazioa instalatzen den sistema eragilearen jabea. Aplikazioak eguneratzean, adibidez, automatikoki deskargatzen dira bere dendatik; hori etengabe beste plataforma batetik egin nahi izanez gero, traba bat izango litzateke erabiltzaileentzat; besteak beste, horrek gutxieneko ezagutza tekniko bat eskatzen duelako.
Europak begiz jota
Ez da arrazoi beragatik Apple salatzen duten lehen aldia. Europako Batzordea ikertzen ari da beste bi salaketa: zuzenean musika entzuteko Spotify plataformak jarritakoa eta Rakutenen Kobo liburu eta audioliburuena.
Batetik, aztertzen ari da ustez gehiegizkoa ote den %30eko kuota ordaintzea erosten den abesti bakoitzeko edo liburu bakoitzeko. Bestetik, ikertzen ari da Applek horrekin merkatua monopolizatu nahi duen, bereak diren Apple Music eta Apple Books eta gainerako aplikazioen bitartez erosketak eginez gero baldintza hobeagoak eskaintzen dituelako. Aldi honetan, gainera, Bruselak araudi berri bat onartu du denda horien gardentasuna hobetzeko.
Ikerketak hasi baino ez ditu egin Bruselak; buelta asko eman ditzake auziak, eta urte asko igaro daitezke. Auskalo Applek agintariak konbentzituko dituen eta isuna saihestuko duen, Irlandaren onura fiskalena bezalako beste borroka bat irabaziz EBri. Edota bide berriren bat bilatu beharko duen orain arte izugarrizko onurak eman dizkion zerbitzuaren sagar zatia berreskuratzeko.