kultura
Zaharhegiak
Aintzane Usandizaga
6 urterekin zaharregia zinen besteen altzoetan lo geratzeko.
12 urterekin zaharregiak ziren kalean, zoruan, itzulipurdika ibiltzeko.
14 urterekin zaharregiak zineten bazkaltzeko makarroiak izateagatik aztoratzeko.
18 urterekin zaharregiak ginen gure norabide profesional distiratsua argi ez izateko.
24 urterekin zaharregia nintzen bikotekide «formal eta egonkorrik» eduki nahi ez izateko.
32 urterekin zaharregia naiz erabaki serioetan hanka sartzeko.
36 urterekin zaharregia izango naiz txikikeriatan behar baina ilusio gehiago jartzeko.
40 urterekin zaharregia izango haiz «bai, horrela?» jantzita kalera ateratzeko.
46 urterekin zaharregiak izango dira bestelako harremanetan sinisteko.
53 urterekin zaharregiak izango gara patinetan irristatzen ikasteko.
62 urterekin zaharregia izango da ezer berriaren irrikan egoteko.
67 urterekin zaharregiak izango zarete txoro-txoro desiratzeko.
70 urterekin zaharregia izango zara erabaki asko hartzeko.
75+ urterekin zaharregiak, denok… izateko.
Orain pentsatu zenbat zaharhegitara eraman zaituzten arrastaka;
zenbat zaharhegitatik bultzatu dituzun zuk ingurukoak,
ezezagunak.
Zenbat gezur zaharrEGIz mozorroturik, bizitza traba inozoz betetzen.