iritzia
Hezurdurak
Alazne Arruti Bengoetxea
Gure gorputzak makina perfektua direla ere esan ohi da. Egoera optimoenean, sistema konplexu baina naturalen bidez oreka mantentzeko egoki kalibraturiko engranaje multzo bat izan nahi genuke. Baina alto! Ezustean harrapatu gaituen ditxosozko zomorroari desorekaren alde egindakoak onartu beharrean gaude. Norbere zilbor eta hesteen kontrolaren nolakotasuna eztabaidan baita behintzat.
Hezurrak, organo mordoa babesten eta biltzen dituzten egitura sinpletzat hartu genitzakeen arren, bizitza oso bat sostengatzeko gai dira. Urteen zama pilatu dezakete, milimetro bakoitzean gure existentzia abailduz. Eurei esker mugitu, zutitu edota dantzatu dezakegu.
Bizitza handiena bada, haren oinarri izan litezke hezurdurak. Eta ezinezkoa dirudien arren, ustezko garapenetik aldendu gabe, kontrolik gabeko zabor pilak elikatzen jarraitu dute nonbait. Eta amiantozko mendi eta erabakien nahaspila bete eta irauli dute atsedenik gabe, bizi pare bat hezurretan sakabanatu eta galtzeraino.