mundua
Sua eta ura
Arantxa Elizegi Egilegor
Egia da presidentegai demokrataren kanpaina arduradunek ez dutela ahalegin berezirik egin behar izan inkestetan aurrea hartzeko. Urrats bat atzera egitea nahikoa izan du Bidenek, zenbakiak bere alde jar zitezen. «Trump garaipenak ematen ari zaigu etengabe. Ez dugu ezer egin beharrik», onartu du Jess Morales demokraten kanpainako kideak.
Uztail amaierako inkesten arabera, Bidenek 22 punturen aldea ateratzen zion Trumpi emakumezko hautesleen artean, eta 33koa moderatuen artean. Demokratak lirateke nagusi bozetan erabakigarriak izan ohi diren Wisconsinen, Michiganen, Pennsylvanian eta Floridan; eta 2016ko emaitzak irauliko lituzkete Ohion eta Ipar Carolinan.
Duela urtebete, presidentetzara aurkeztuko zela iragarri zuenean, inork gutxik egingo zuen haren alde; zaharregitzat eta moderatuegitzat jotzen zuten gehienek. Baina egungo errealitatea beste bat da. Trumpek ez du jakin osasun krisia kudeatzen: garrantzia kendu zion hasieran; zientzialariei entzungor egin eta jarduera ekonomikoa ireki zuen ondoren, eta, pandemia gorenean egonda, Barack Obamak indarrean sartutako doako osasun sistema bertan behera uzten ahalegindu da datorren legealdian hartuko dute auzitegiek azken erabakia.
Estrategia gaietan aditu direnek argi dute. «Plan bat dute [demokratek]: eserita daude Trumpek bere hobia zulatzen duen bitartean. Trump kontrola galduz doan heinean, buruzagi lasaiagoaren, normalagoaren, itxura handiagoa du Bidenek», azaldu du Rebecca Katz politologoak.
Orain artekoa, hala ere, kanpainaurrea izan da. Kanpaina bera joan den larunbatean hasi zuten, bi alderdiek euren kongresuak egin bezperan; atzo, berriz, ofizialki izendatu zuten Biden Alderdi Demokratako presidentegai gaur egingo du kargua onartzeko hitzaldia. Hala, hemendik aurrera arriskutsua litzateke garaipena zoriaren esku uztea. Izan ere, Trumpek berak dioen moduan, koronabirusaren aurkako txertoa hauteskundeen aurretik lortuko balute, errepublikanoak kolpe bat emango luke mahaian, eta inkestak irauliko lituzke egun batetik bestera.
Kezkarik gabe
Giro asaldatuan eroso sentitzen da Donald Trump, eta gustuko du eztabaidak sortzea eta titularrak ematea. Ahoan bilorik gabe hitz egiten dutenetakoa da. Estrategia baliagarria izan zen hori 2016an, haren ezaugarri nagusia ohiko politikagintzatik at zegoen hautagaia izatea zenean. Lau urte geroago, ordea, jarrera horrek arrakalak eragin ditu haren alderdiaren barruan ere.
Babesa ukatzea gehiegi litzateke, baina hainbat hasiak dira presidentegai errepublikanoaren diskurtsoa zalantzan jartzen. «Uste dut [Trumpen] zenbait txio ez direla lagungarriak; izango lirateke haien tonua beste bat balitz», aitortu zuen ekain hasieran Pennsylvaniako senatari errepublikano Pat Toomeyk.
Legealdiaren erdian Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren zati bat aukeratzeko egin ohi dituzten bozetan, argi geratu zen Trumpen irudia indarra galduz zihoala. Demokratak gailendu egin ziren Ordezkarien Ganberan, nahiz eta errepublikanoek Senatuaren kontrolari eutsi. Aintzat hartu behar da Trumpen aurkako impeachment edo epaiketa politikoa abian zela ordurako. Salaketa politikoaren jatorria zera izan zen: Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari eskatu zion ikerketa bat, zehazki Bideni eta haren seme Hunterri buruzkoa, Ukrainan egin zituzten jardueren ingurukoa. Dena den, oztopoa gainditu egin zuen Trumpek; izan ere, otsail hasieran Senatuak errugabetzat jo zuen haren kontrako akusazioetan —ez da ahaztu behar errepublikanoek eusten ziotela Senatuko gehiengoari.
Horrela amaitu zuen bere aurkako auzi politikoa, garaile eta itxuraz indartuta. Ordurako, ordea, hasia zen koronabirusa herrialdean zabaltzen, eta, arnasa hartzeko tarterik gabe, beste zulo ilun batean barneratu zen estatuburua. Hari gehitu zitzaizkion George Floyden hilketak eragindako protestak polizia zuri batek hil arte ito zuen gizonezko afro-amerikarra. Eta hori guztia hauteskundeetarako sei hilabete eskas falta zirenean.
Horrek guztiak ez du batere aldatu Trumpen diskurtsoa. Hiru dira haren kanpainako zutabe nagusiak: Mexikoren eta AEBen arteko hesia eraikitzen jarraitzea, immigrazioa eteteko; maila federaleko araudiak kentzea, Obamaren garaiko ingurumen legediarekin hasita; eta AEBentzako mesedegarri diren merkataritza akordioak sustatzea, herrialdea munduko potentzia nagusia izaten jarraitzeko.
Hauteskundeak irabazteko, ordea, duela lau urte haren alde egin zuten horien beharra du, ohiko jarraitzaileena ez ezik. Moderatuak dira haren kanpainaren helburu nagusia, baina ez da erraza haien babesa eskuratzea, hautagaiak hitz egiten duen aldiro ahotik sua botatzen badu. Alderdian bertan, gero eta gehiago dira diskurtsoa baretzeko eskatzen diotenak, tartean Tim Scott bera, senatari errepublikano afro-amerikar bakarra: «Haren txioak ez dira batere eraikitzaileak; horretan ez dago zalantzarik».
Presidenteordeak
AEBetako gizartea aldatuz doa, eta primarioek argi utzi dute demokraten artean handituz doala progresisten pisua; hori dela eta, alderdiak berak ere irudia aldatu nahi du. Emakumeen botoa bermatzeaz gain, gazteen eta progresisten babesa ere lortu nahi du. Hortik Bidenek emakume gazte eta beltz bat hautatu izana bere bigarren izateko, nahiz eta politikagintzako lehen lerroan esperientzia laburra izan.
Kamala Harrisek berritasuna eta freskotasuna dakartza kanpainara, eta Bidenek, berriz, esperientzia saltzen du. Hala, oreka eta segurtasuna lirateke demokraten azarorako eskaintza, errusiar mendi baten antzera jokatzen duen hautagai errepublikanoari aurre egiteko. «Jendeak ez du nahi bonbak jaurtitzen dituen hautagai bat, ez dute behar gerlari ideologiko bat; soilik jaiki eta dena ondo dagoela jakin nahi dute, eta egunkariak izutu gabe ireki ahal izatea. Eta hori eskaintzen die Bidenek», azaldu du Pete Buttigieg hautagai demokrataren kanpaina arduradun izandako Lis Smithek.
Trumpentzat moderatuak diren bezala, Bidenentzat oinarrizkoa da komunitate beltza. Duela lau urte behera egin zuen beltzen sostenguak; besteak beste, Hillary Rodham Clintonek ez zuelako haien artean aurrez Obamak edo lehenago haren senar Bill Clintonek adina babes. Horrez gain, Clintonek Tim Kaine senataria aukeratu zuen presidenteordetzarako, hura ere zuria. Hala ere, emakume beltzen %98k egin zuten demokraten alde emakume zurien erdiek Trumpi eman zioten babesa-.
Harrisen hautagaitzak, Trumpen hutsegiteei gehituta, emakumeen botoa erakarriko duen esperantza dute demokratek, baita gazteena ere, eta, nola ez, progresistena. Horien kasuan, ordea, Trumpen aurkako botoa litzateke, Bidenen aldekoa baino gehiago. Izan ere, bai Biden eta bai Harris zuzenbidearen alorrean ibiliak dira, eta Harrisek eztabaida eragin duten hainbat erabaki hartu zituen Kaliforniako fiskal nagusi zenean; besteak beste, heriotza zigorrak berriz martxan jartzeko modua eman zutenak. Egia da biek egin dutela beltzen eskubideen alde, baina aldi berean ez dute egoera aldatzeko proposamen zehatzik egin.
Errepublikanoen taldean, Mike Pence presidenteordea izango du ondoan Trumpek. Lau urteotan, eta hautatua izan aurretik, babes osoa agertu dio Pencek, baita presidentetzarako hautagaitza aurkeztu eta alderdian gutxi batzuek soilik babesten zutenean ere.
Harremana ez da berria. Trump politikan sartu aurretik ezagutu zuten elkar. Kontserbadorea da Pence ere, abortuaren aurkakoa eta «erlijio askatasuna» aitzakia hartuta LGTBI komunitatearen eskubideak murriztearen aldekoa. Hain zuzen, Penceri esker lortu ditu Trumpek zuri ebanjelisten botoak.
Ez dago alde handirik bien diskurtsoan ere. Lehenak bezala, bigarrenak behin baino gehiagotan ohartarazi die zalantzan diren estatubatuarrei ez direla «seguru» egongo Biden boterera heltzen bada. Gainera, Harrisen kasuan bezala, askok uste dute urte batzuk barru Pence bera izango dela errepublikanoen presidentegaia.
Familia katoliko eta demokrata batean jaioa da, eta Alderdi Demokratan egin zituen lehen urratsak egungo presidenteordea denak. Baina, berak dioen moduan, «denborak» eraman zuen jarrera aldatzera.
Bihar: Hautesleak