gizartea
Iraila, inoiz baino aldapatsuago
Irati Urdalleta Lete
Orain arte, tantaka eman dute informazioa erakundeek. Eusko Jaurlaritzak ekainaren amaieran protokolo orokor bat atera zuen COVID-19aren aurrean nola jokatu jakiteko, eta uztailaren bukaeran azaldu zuen lan arriskuen prebentziorako protokoloa. Horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan irailetik aurrera bete beharreko neurriak zehaztu dituzte. Jaurlaritzak hiru egoera aurreikusi ditu: eskola presentzialak, hezkuntza telematikoa eta aurrez aurrekoa txandakatzea, eta hezkuntza ez-presentziala. Ikastetxe bakoitzak bere kontingentzia plana egin behar du, dokumentu horietan oinarrituz.
Hasiera datari eta eskolak emateko moduari dagokienez, Hezkuntza Sailak, oraingoz, ez du asmoa aldatu: irailaren 7an hasiko dira eskolak, lehenengo egoeran. Irailetik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako haurrak eta haien irakasleak bizikidetza talde egonkorretan bilduko dira Lehen Hezkuntzako 2. mailara arte, eta horietan ez dute distantzia mantendu eta maskara jantzi beharrik izango. Gabezia batzuk ere badituzte bi protokolo horiek. Adibidez, ez dute zehazten zenbat positiborekin itxiko duten eskola bat. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak asteartean hitz egin zuen azkenengoz, eta ziurtatu zuen Osasun Sailarekin lanean ari direla gehiago zehazteko nola jokatu beharko duten positiboren bat agertzen bada.
Bitartean, sindikatuek babes neurriak bete ahal izateko baliabideak falta direla salatu dute. Steilasek astelehenean plazaratu zuen eskaera: «Gutxienez, 6.000 langile gehiago beharko genituzke hezkuntza publikoan osasuna babesteko eta hezkuntza eskubidea bermatzeko». LABek ere ratioak jaisteko eta irakasle gehiago kontratatzeko eskatu du: «Ez da hezkuntzan aurrezteko garaia, beharrezko giza baliabidez eta bitarteko materialez hornitzekoa baizik». Uriartek argi esan zuen ez zutela asmorik irakasle gehiago kontratatzeko; asteartean, ordea, zehaztu zuen ikastetxeetako leku eta irakasle beharrak kasuz kasu aztertuko zituztela. Espazioei dagokienez, prebentziorako dokumentuak jasotzen du eskolek ikasle guztiak birkokatu ezin dituztenean, udal espazio publikoak eskain ditzaketen tokiko erakundeekin koordinatu beharko dutela.
Antzekoa da egoera Nafarroan ere. Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak prebentziorako eta antolaketarako protokolo bat aurkeztu zuen ekainaren amaieran, eta lau egoera aurreikusi zituzten: «normaltasun berria»; koronabirusaren agerraldi bat egotea; agerraldia «larria» izatea eta sareko irakaskuntza indartzea; eta ikastetxeak guztiz itxi behar izatea. Hezkuntza Departamentuak BERRIAri jakinarazi dionez, oraindik ez daukate zehaztuta lau egoera horietatik zeinetan hasiko diren: «18 urtetik beherakoen kutsatze kopurua aipagarria da, eta kontuan hartu behar da». Egoera batetik bestera noiz igaroko diren, berriz, Osasun Departamentuak erabakiko du.
Azken egunetan positibo kasuek izan duten gorakada ikusita, pentsatzekoa da ikastetxeetan ere agertuko direla kasuak. Baina nola jokatu ikasle edo langileren batek positibo ematen badu? Hezkuntza Departamentuak bihar emango ditu xehetasunak. Orduan zehaztuko du maskara noiz erabili beharko den ere. Oraingoz, esan dute positiboak daudenean aztarnariek aukera izango dutela Educa plataformako datu batzuetara sartu, eta beste ikasle eta irakasleekin «prebentzioz» aritzeko. Koronabirusa ez kutsatzeko, aste honetan materiala —gelak, xaboiak, panelak...— ikastetxeetara iristen ari dela ziurtatu dute.
Hezkuntza Departamentuaren arabera, LAB, Afapna, Steilas, ANPE, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek eskaera hauek egin zizkieten atzo egindako bileran: ikasgeletako ratioak jaistea, irakasle gehiago kontratatzea, PCR probak edo test serologikoak egitea langileei, telelana errazteko neurriak hartzea eta gaixotasun batzuk dituzten irakasleak eskolak presentzialki ematera ez behartzea. Hezkuntza Departamentuak ziurtatu du hezkuntza komunitatearekin biltzen ari direla.
Iparraldeko haurrak izango dira Euskal Herriko lehenak ikasgeletara itzultzen, irailaren 1ean. Ekainean eskolak irekitzeko hartutako neurriak mantenduko dituzte: garbitasunean arreta berezia jarri, ikasle taldeak ez gurutzatu, eta 11 urtetik gorakoek maskara erabili beharko dute mugitzen direnean... Egoerak okerrera egiten badu, protokolo bat zehaztu dute eskolak aurrez aurre ez emateko.
Zalantzak nagusi
Irakasleak izango dira, ikasleekin batera, erabaki horien ondorioak egunerokoan ikusiko dituztenak. «Galdera ikur handi bat da». Horrela deskribatu du Garbiñe Etxeberria Zarauzko (Gipuzkoa) Oteiza Lizeoko irakasleak datorren ikasturtearen hasiera.
Maite Undiano ingeleseko irakaslea da Abartzuzako (Nafarroa) eskolan. Lankideekin hitz eginda, gauza bat argi dute: informazioa falta dute. «Jada abuztua aurrera doa, eta ez dakigu nola hasiko garen».
Zalantzak dituzte batak zein besteak. Etxeberria kezkatuta dago, aurrez aurreko eskolek zenbat iraungo duten pentsatuz: «Oso erraza da hainbeste ikasleren artean norbait kutsatzea». Iruditzen zaio baliabideak jarri behar direla eskola presentzialek iraun dezaten: «Uste dut presentziala hobesten saiatuko direla, baina, presentzial horrek iraungo badu, baldintza oso onak jarri beharko dira, eta horrek kontratazioak eta ordutegiak sakabanatzea eskatzen du».
Undianok hainbat galdera ditu buruan haurrek jasoko duten heziketaren inguruan. «Haur hezkuntzan, adibidez, haurrekiko gertutasuna erabat beharrezkoa da, eta legez galarazita badago, nola egingo dugu? Horrela hezi daitezke? Irribarrerik gabe, besarkadarik gabe... Hori ere kezka handia eta garrantzitsua da». Aldi berean, Undianok ez daki zer gertatuko den ere irakasleren bat kutsatuz gero: «Nola izango litzateke? Lehenengo egunetik ordezkatuko gintuzkete? Berrogeialdia zenbat egunetakoa litzateke? Hori ere ez dakigu. Gaixo agiria izango al da? Denak zalantzak dira».
Zailtasunak ere espero dituzte, esaterako, tartea mantentzeko. «Bideratu egin beharko da, baina oso justuan ibili behar dugu. Uste dut hori aztertzen arituko direla», azaldu du Etxeberriak. Oteiza Lizeoan matrikula asko dituztela nabarmendu du, eta eskatzen dizkieten neurriak beteko dituzten arren, iruditzen zaio zailtasunak edukiko dituztela: «Maskarak erabili eta eskuak garbituko ditugu; distantzia ere ahal den guztia mantenduko da, baina dauden bitartekoak daude».