ekonomia
Bidasoak banatzen ditu urtaroak
Imanol Magro Eizmendi Ekaitz Etxamendi
Darraiduren hitzek talka egiten dute Elena Estonbarenekin, Donostiako Londres hoteleko zuzendari eta Gipuzkoako Hotelen elkarteko presidentearenekin. «Duela bi hilabete galdetu bazenit, udako aurreikuspenak %20-25eko betetze maila zirela esango nizuke; eta uztailean, azkenean, %50 inguruan ibili gara Donostian. Gurean, %57 uztailean, gaitz erdi. Baina ezin da alderatu ere egin beste urte batzuekin, %90etik gora ibiliko ginen. Eta abuztuaren erdi aldetik aurrera, okerragoa izango da». Lurraldeko betetze datuak, berriz, are ilunagoak dira. Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartearen arabera, uztailean ez dira %30era iritsiko.
Ezpeletatik Donostiara 50 kilometro eskas daude, eta bi mundu dirudite. Angeluren (Lapurdi) eta Bilboren arteko distantzia hiru aldiz handiagoa da, baina ez nahikoa bi urtarotan bizi direla pentsatzeko. Angeluko turismo enpresen elkartearen arabera, 2020ko udako betetze maila «2019koarena bera da»; areago, «abuztuan, ostatuak ia beteta egongo dira; bai, behintzat, hilaren 22ra arte».
Eta Bilbon zer diote? Alvaro Diaz Ilunion hoteleko zuzendaria da eta Destino Bilbao hotel elkarteko bozeramailea. «Uztailean irekita egon diren hotelek diote ez direla %30era iritsi. Abuztua hobea izatea espero ze; iaz, hilabete onena izan zen, %93ko betetze mailarekin. Baina ezerezteak egon dira, eta uztaileko kopuruak izango dira berriro».
Darraiduk oso argi du zein den uda onaren gakoa: «Frantziako turista gehiago etorri dira [%7, AaDTren arabera]. Hortik kanpoko turista oso gutxi ditugu [-%44]. Halere, emaitzak beste urte batzuetan baino hobeak dira». Osasun krisi garai betean, historikoki bezerorik onena izan den horrek ez du kale egin Iparraldean. Donostiara jo zalea ere bada bidaiari frantziarra; aurten, baina, «gutxi» ikusi dituztela azaldu du Estonbak. «Abuztuaren lehen bi asteetan, betetze mailaren %60aren inguruan ibiliko gara, bezero espainiarrari esker. Baina bigarren hamabostaldian jaitsiera nabarmena dator. Atzerriko turistak eusten dio horri, eta ez dago».
Ipar Euskal Herrian, kostaldean zein barnealdean dabiltza bisitariak. AaDTren datuen arabera, betetze maila %98 izan da abuztuko lehen bi asteetan. Ipar Euskal Herriko museoak eta bisita guneak —Larhungo trena, Sarako leizeak, Baionako Euskal Museoa...— batzen dituen elkarteak datu horiek berretsi ditu: uztailean %80ko betetze maila izan zuten, eta %50koa espero zuten.
Hegoaldean ere datuak ezberdinak dira hiriburuan eta landa eremuetan. Horren eredu Nafarroako Gobernuak iragan astean sektorearen inguruan eginiko erradiografia: abuztuan %27ko betetze maila espero dute Iruñerrian; han, hotelak dira gehien. Landa turismoaren datuak, aldiz, onak dira: %87 lehen hamabostaldian, eta %85 bigarrenean.
Beste modu batera lanean
Koronabirusak hankaz gora jarri du sektorea, eta lan egiteko modua aldatu. «Ezjakintasuna da okerrena», onartu du Estonbak. Baina zergatik? «Gertatu izan zaigu egun batetik bestera hamar logela gehiago edo hamar ezerezte izatea. Oso zaila da aurrea hartzea». Diazek, aldiz, egunerokoa hartu du hizpide: «Garbiketa protokoloengatik, segurtasunarengatik... Horiei ohiko lana gehitu behar zaie. Betetze mailaren %30 duzu, baina lantaldearen %80 behar duzu. Baliabideak ez dituzu optimizatzen». Darraiduk hotel osoa desinfektatzen du egunero, baina jatetxean sumatu du alderik handiena: «Mahaiak urrundu behar izan ditugu gutxieneko distantziak ziurtatzeko. Zenbatuak ditut, berrogei aulki galdu ditut jantokian neurriengatik».
Eta iraila? Hegoaldean behintzat urrunegi dirudi aurreikuspenak egiteko. «Guretzat iraila, orain, ez da existitzen», bota du Diazek. Estonba argigarriagoa da: «Hondamendia. Iraileko bezeroa da Espainiatik kanpokoa eta bilera handietara etortzen dena, eta ez dago». Nafarroako Gobernuak ere ez zuen iraila sartu bere aurreikuspenetan. «Irailari buruz esan dezakedana da itxita dauden hotelek ez dutela orduan irekiko», aurreratu du Destino Bilbaoko zuzendariak. Carltonek ireki ondoren, zazpi dira Bilbon itxita dirauten hotelak.
«Ahalik eta gutxien galtzea»
Irailaren ondoren etorriko da kontuak egiteko garaia. Estonbak dio hotelek %30 inguru merkatu dituztela prezioak eta, betetze maila zein den ikusita, «erresistentzia urtea» dela. «Aurtengo helburua ahalik eta gutxiena galtzea da». Dioenez, aurten, Donostian hotel askok inbertsio handiak egin dituzte eta bederatzi berri ireki dituzte. «Hiriko logela kopurua %20 igo da azken urtean, eta hori ere kontuan hartu behar da alderaketak egitean. Eskaintza asko igo da». Probintzian ere ez da komeriarik faltako, eta Adegik mezu larria zabaldu du dagoeneko: «Udako betetze maila ez da nahikoa enpresa ehun honi eusteko».
Eta zenbaki gorrien eskutik, erabaki zailak. Iragarpena egin du Diazek: «Hotelik ez da eroriko; Bilbon, behintzat ez, baina batek baino gehiagok itxiko du udazkenean. Orain duten lanarekin ez die merezi. Urte amaieran kontuak egitean, inork ez ditu ezta erdi txukunduak ere izango». Estonbak ere uste du Donostian hotelen batek aldi baterako lan erregulazioren bat onar dezakeela, negozio askotan nola egin ikasi dutelako. Oso modu grafikoan laburbildu du zer espero duen udazken-neguetarako: «Lau otsail izango ditugu jarraian».