astekaria 2020/08/21
arrowItzuli

bizigiro

ANTTON ETA JULEN TELLERIA

«Jolasteko bidea eman behar du mozorroak»

Nagore Arin

«Jolasteko bidea eman behar du mozorroak»

Inauteria maite dute Julen Telleria (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) eta Antton Telleria (Tolosa, 1993) anaiek. Gauza askoren artean, festaren espiritua nabarmendu dute, baita mozorroek ahalbidetzen duten askatasuna ere.

Zergatik dituzue hain preziatu?

ANTTON TELLERIA: Oso plan polita delako eta umeak ginenetik horrela erakutsi digutelako. Herriko jairik inportanteenak izanik, plazera da.

JULEN TELLERIA: Festa edo espiritu polita da urte osora esportatzeko. Inauteria bizi baldin baduzu, ez aste batez soilik, urte osoan erabilgarri izan daitekeen espiritu bat da.

Aita duzue zale amorratu, ezta?

J. T.: Inauteriak bizi izateko modu hori aitagandik jaso dugu. Baina amari ere eskertu behar diogu; hain zalea izan gabe, erraztasun eta baliabide guztiak jarri ditu festa hau bizi izan dugun moduan bizi izateko.

A. T.: Inauterizale peto horietako bat da aita. Amari ere gustatzen zaizkio, baina erakutsi du sekulako entusiasmorik gabe ere ongi pasa daitekeela. Hau da: ez dela gauza askorik behar inauterietan ongi pasatzeko.

Bada inauteriak gustuko ez dituen tolosarrik?

J. T.: Bai. Asko gustatzen zaizkizu, edo paso egiten duzu. Bada kanpora joaten denik ere.

Oroitzapen asko izango dituzue inauterien ingurumarian sortuak... Bereziren bat gogoan?

A. T.: Niretzat oso gogoangarria izan zen unibertsitateko hirugarren maila egiten ari nintzela egin nuen mozorroa. Gorputza bitan banatuta atera nintzen: erdi cani, italiar eta metrosexual, batetik; erdi hipster, cool, BERRIAlagun, bestetik. Pena da argazkirik ez izatea.

J. T.: Txikitatik gurasoekin atera izan gara konpartsan, jende askorekin. Urte batean mozorro leotardodun batekin atera ginen. Etxetik irten, eta hotza nuela esan nion aitari, eta berak: «Lasai, seme, hanketatik ez da hotzeririk harrapatzen». Oso gogoan dut, ez da edonola ahazten. Inauterietan sufritu egin behar da.

Julenen eta Anttonen bilakaeraren lekuko ere izango dira, akaso. Gaztaroa, lehen parranda, giroa...

J. T.: Egia esan, nahiko testuinguru basatia da lehen parranda egiteko. Festa lasaiagoetan egin ditugu guk lehen parranda horiek. Ume-umetatik izan gara inauterietan, eta, hain izan gara ume, ez gara oroitu ere egiten.

A. T.: Trantsizio polita dago tartean. Gurasoekin ateratzeari utzi, eta, agian, jabetzen zara gurasoen plana hobea zela. Mozorroa aukeratzeko garaian, esaterako. Gero, apurka-apurka, joaten zara moldatzen.

Hala ere, urteren batean huts egin zenuten: eskiatzera joan zineten... Orban beltz bat?

A. T.: Orban zuria, kasu honetan... Jakara joan ginen, ez da plan txarra ere. Biok batzen gaituen beste pasio bat da. Trantsizio hori hasi bitartean izan zen. Hala ere, txaranga zegoen egunerako itzuli ginen.

Inauteriek biltzen dituzten gauza guztietatik, zer duzue gustukoen?

J. T.: Espiritua; izan ere, inoiz izango ez zaren pertsona edo gauza bat izan zaitezke. Hori da politena.

A. T.: Askatasun puntu hori, bai.

Eta zer gustatzen zaizue gutxien?

J. T.: Lanarekin uztartu beharra.

A. T.: Eta biok lan bera izanda...

Garrantzitsuak dira mozorroak?

J. T.: Bai, baina ez gara diru inbertsio handirik egitekoak eta detaileak erotu beharrean zaintzekoak.

A. T.: Inportanteagoa da ideia bera, ideia horren garapena baino, eta jendearekin jolasteko bidea eman behar du mozorroak.

Mozorro on baten adibiderik?

J. T.: Batzuk zezen plazako barreraz atera ziren. Oso sinplea zen, baina, imajinazioari bidea emanez, zezena inguruan zutela irudikatzen zuten: taula baten gainera igotzen ziren, eta jendea ere zirikatzen zuten.

Zein mozorro egiteaz eta janzteaz zaudete harroen?

J. T.: Azken lau urteetan, Tolosako La Jara txarangaz mozorrotu izan gara. Elkarte extremeño bat da, ez dauka txarangarik, eta horregatik sortzen dugu guk txaranga. Elkartera ere hurbildu izan gara, eta negarra ere egin izan dute, hunkituta.

Damutu zarete inoiz?

A. T.: Egon izan dira polemika ugari: honetaz bai, honetaz ez... Niri ez zait gertatu. Damutu izan gara, akaso, klimatologia ez aintzat hartzeaz.

Mozorro bat egiteak badu bere lana: ideia pentsatu, egin... Sarri lotura handia du umorearekin. Eta umorearen inguruan ia beti dago eztabaida. Mozorrotzeko garaian, mugarik bai?

A. T.: Umorearekin dudan teoria bera dut: zuzenean inor iraintzeko asmoz egiten ez baduzu... Inori ez dagokio jendeak nola atera behar duen inposatzea. Ez dago denen neurrira eginiko gusturik.

J. T.: Inauterietan ez dago mugarik...

Txarangazaleak izango zarete...

A. T.: Inauterietako lehen maitemin puntu hori txarangari zor diot.

J. T.: Gure ametsa txaranga batean jotzea izan da txikitatik.

Datorren urtean izango dira?

J. T.: Aurtengoan salbatu diren festa inportante bakarrak izan dira. Nola ez dakigu, baina izan, izango dira. Irudimenari esker baldin bada ere...

BERRIAn argitaratua (2020/08/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA