astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

kultura

Taldetasunak eta taldekeriak

Iñigo Astiz

Taldetasunak eta taldekeriak

Haizeak hari solteak nola, ba, antzera korapilatzen ditu 1960ko hamarkada erdialdeko giroak artistak ere. Mataza handiago baten parte deskribatzen du horregatik Ez Dok Amairu, adibidez, Joxanton Artze idazleak 1977ko Jakin aldizkarian. «Belaunaldi baten arte-adierazpideetako bat da Kanta Berri hau. Gure herriko beste artisten lanarekin ere ukan du zerikusirik, batez ere, Euskal Eskolako eskultore eta pintoreenarekin [...]. Eta zer esanik ez ikastolen eta politik oldarraldiekin [...]. Beste gerra bat galtzeak, gerra honetan burrukatu zutenen ondorengoak izateak, faxioak eta inperioak ezarritako zapalkuntza gure hizkuntza eta kulturaren egoera desesperatuak, mundu eta denbora honetan bizitzea, etab., eta guzti honi nolabaiteko erantzun bat eman beharrak, esan dezakegu, bultza duela mugimendu hauen sortzea». Neurri batean garaiak elkartu zituela da Artzek dioena, eta handia zela talde haietako kideen arteko igurtzia. Gizartea muturtzean, ordea, agerian geratu zen talde haien hauskortasuna ere. Garaiarekin lotuta daude taldetasunak eta taldekeriak.

«Nik ikusten dut garai hura utero artistiko bat bezala: han sortu ziren gero norbanako bihurtuko ziren artista asko». Euskal Kantagintza Berria liburuan ikertu zuen garaia Pako Aristi idazle eta kazetariak, eta inpresio hori nabarmendu du orain. Uteroarena. Dioenez, taldetu ziren arte, kantariek ez baitzuten elkar ezagutzen kasik. «Hasi ziren pentsatuz munduan bakarrik zeudela euskaraz kantatzen. Ohartu ziren bazegoela beste kantari bat Donostian, bazegoela beste morrosko bat poesian interesatua Xabier Lete deitzen zena, bazegoela neska bat disko bat zuena Lourdes Iriondo izenekoa... Prekaritate horretatik hasi ziren, eta erabaki zuten biltzea». Disko bat zeraman batek, poema bat besteak, kantutegi tradizionalak utzi, doinuak sortu... Hariak haizetara, pixkanaka korapilatzen.

Donostiako Barandiaran galeria aipatzen du gune neuralgikotzat Fernando Golvano arte historialari eta Donostiako San Telmo museoko Gaur konstelazioa erakusketako komisarioak. «Laborategi ireki bat zen hura», dio. Bertan egin zuen bere lehen jendaurreko aurkezpena 1966ko apirilean Gaur taldeak, eta gerora bertan batuko ziren Ez Dok Amairuko kantariak, Argia dantza taldea, eta Jarrai antzerki taldea ere bai. Golvanok eman du azalpena: «Leku propio bat aldarrikatze modu hori, autoafirmazio hori desira zabalago baten prefigurazio moduko bat zen: erreklamo moduko bat, esateko bazegoela agertzerik izan ez zuen nortasun, hizkuntza eta kultura bat. Eta horrek bultzatzen du beste talde batzuen sorrera galerian».

Kantariena baino trinkoagoa zen artisten egoera. Arantzazuko basilikan lanean elkarrekin arituak ziren haietariko asko, adibidez, eta, hortaz, Gaur taldea sortzerako aurrekari hori bazuten elkarrekin. Oteizak denbora zeraman, gainera, kultur fronte bat sortzeko ideiarekin bueltaka, eta nolabait ere behartu egin zuen Gaur taldea norabide horretarantz. Zeren eta, berez, frankismoaren arte erakusketa ofizialen aurkako erakusketa alternatibo bat antolatzea baitzen hasierako asmoa, eta ez Euskal Arte Eskolen mugimendua sortzea. Eta horren guztiaren oihartzuna igar daiteke lehen erakusketarako prestatutako testuan. «Denok dakigu ja nor garen eta euskal artista gazte sorta indartsu bati bere herrialdean dagokion leku, arreta eta eskubideak onartu behar zaizkiola, eta badugula iragana, oraina eta etorkizuna, gure egitekoak, beharrak eta bitartekoak zein diren jakin [...] eta sufritzen dugun kultur eta material makalaldi honekin eta gure eta gure herriaren arteko isolamenduarekin amaitzeko».

Barne gatazkak

Irizpide estetiko bateraturik ez testuan. Izan ere, kulturala bezain politikoa zen talde bilakatzeko motibazioa. Herrialdez herrialdeko arte taldeen sorrera sustatu eta amaieran euskal artearen unibertsitate moduko bat sortzea zen helmuga. Gaur taldea Gipuzkoan, Emen Bizkaian, Orain Araban, Denok Nafarroan eta Batera Ipar Euskal Herrian. Esaldi oso bat: Gaur, Emen, Orain, Denok, Batera. Berehala piztu ziren barne gatazkak, ordea, eta hirugarren taldea osatzean eten zen esaldia. Orain taldeak abstrakzioa irizpide formaltzat ezarri zuenean, hain zuzen ere. Golvano: «Abstrakzioaren defentsa egin zuten arabarrek abangoardiako lengoaia garaikide posible bakartzat eta Emen taldekoen aurkako gurutzada bat hasi zuten horrekin, talde hura asanblearioagoa zelako eta ez zegoelako argi zein zen artista profesionala eta zein artista amateurra eta nahasi egiten zituztelako arte figuratibo eta abstraktua. Printzipio kontu bat bilakatu zuen hori Orain taldeak, eta erakusketatik kanpo utzi zituen Emen taldeko zenbait sortzaile. Horrek barne gatazka asko piztu zituen, eta hor hasi ziren norabidea jada ez hain argi ikusten». Eta desegite datarik gabe, baina desegiten joan zen taldea.

Pako Aristik dioenez, Oteizaren ideiek eragin zuzena izan zuten Ez Dok Amairu taldearen kasuan ere, baina Jose Angel Irigarai izan zen bertan norabidea ezartzen lagundu zuena. «Taldearen dinamika oso serio hartzen zuten. Hor sortu zen nukleoak behintzat talde bilerak egiten zituen astero, eta lanak banatzen zituzten. Urte batzuetan horrek oso serio funtzionatu zuen, eta kohesio handiarekin. Eta denek aipatzen dute kohesio ideologiko hori batez ere Jose Angel Irigaraik eman ziola». Eta labur azaltzen du Aristik artista konstelazio hura batzen zuen asmo orokorra: «Denek zeukaten herri hau existitzen den ideia, eta herri hau esnatzeko gogoa».

Giroa ez zen aldekoa, ordea. Indarrean zen zentsura, eta 70eko hamarkadan biziagotu egin ziren gizarte eta politika mugimenduak. Muturtuz joan zen giro orokorra, eta arrakalatuz joan zen harekin taldeko giroa ere.

Ez Dok Amairuren amaiera

Baga, Biga, Higa ikuskizunaren diskoa izan zen azken kolpea. 1972an. Grabazioa egina zegoen, eta nekez, baina zentsura pasatu zuten azkenean kanta guztiek. Taldekideen artean hasiak ziren errezeloak ordurako, ordea, eta disko hura kaleratzeari buruzko bozketan heldu zen haustura. Argitalpenaren aurka agertu zen Irigarai, bertan ziren bi kantagatik ?Arestiren hitzak zituen batak, eta Artzeren poema antiklerikal bat besteak?, eta erabakiak aho batez hartu behar zirenez, bertan behera geratu zen asmoa. Eztabaidak. Tentsioa. Goxoago batzuetan eta zorrotzago besteetan, baina taldeaz kanpoko kontrol politikoa aipatu izan dute erabaki horren atzean Joxanton Artzek eta Mikel Laboak, esaterako, han eta hemen egindako adierazpenetan, eta pena azaldu izan du Irigaraik ere gertatutakoagatik. Zai Zoi Bele dokumentalean, kasurako. «Ez ginen gauza izan eta ginen diot, denok, benetako gaiari heltzeko, eta horren inguruan zer gertatzen zen hitz egiteko, eta zergatik gertatzen zen hori testuinguru orokorragoan, eta beraz gizarte orokorrean kokatzeko, eta horri erantzuteko». Zehaztasunik ez, baina gauza bat argi: hor amaitu zen Ez Dok Amairu.

ETAren adarrak

Garaiko eztabaidekin lotuta daude talde haien eztabaidak, Golvanok azaltzen duenez. «Barandiaran galerian bertan ere oso biziak ziren eztabaida politikoak. Kontuan hartu behar da 1966an, Gaur taldearen eta Barandiaranen galeriaren sorrera urte berean gertatu zela ETAren lehen zatiketa. ETA Berri, Komunistak eta EMK. Eta galerian dabiltzan batzuk mugimendu horietan daude, eta, 70eko hamarkadan eta trantsizio guztian gertatuko den bezala, orduan ere, ideologia euskaltzale, erradikal edo ezkertiar horiek guztiak elkarrekin lehian daude sortzen diren gizarte mugimenduez jabetzeko, guztiek eraman nahi dituzte beren alorrera kultur mugimendu disidente erradikal guztiak, eta disidentzia faktore hori ez zen biderkatzailea izan, zatitzailea baizik».

Kokapen historikoa egiten du lehenik Aristik, eta Ez Dok Amairuren amaierari buruzko hipotesia ematen du gero. Testuingurua: «Garai hartan abiada ikaragarrian gertatzen ziren gauzak. ETAko hildakoak, epaiketak, Carreroren hilketa, gose greba Baionako katedralean... Nik uste abiadura horrek irentsi zuela taldearen kohesioa, eta musika sortzea ez zetorrela abiadura politiko horrekin; beste abiadura bat zen». Eta hipotesia: «Esango nuke arrakasta izan zela Ez Dok Amairu desagertzea, horrek esan nahi duelako gizartea esnatu egin zela, gizarteak erreakzionatu egin zuela haien lanarekin, eta taldeak esnatu zuen gizarte horrek gainditu egin zuen taldea gero. Taldeak bere lana ongi egin zuen seinale da hori, nahiz eta paradoxikoki taldearen hondamendia ekarri».

Taldea oraindik elkarrekin zegoenean ere bake gutxi. Bada Aristiren Euskal Kantagintza Berria liburuan aipamen bereziki deigarri bat. Natxo de Feliperen hitzak dira. «Garai hartan talde boteretsu bat zegoen, Ez Dok Amairu, eta talde horretakoek esklusiba zeukaten jaialdietan; eta Laboak berak esan zidan niri [...] gurekin batera gehiago ez kantatzea erabaki zutela, baina esan ez zidana boikot aktiboa egingo zutela izan zen. Ez zuten bakarrik gurekin ez kantatzea erabaki, baizik boikot aktiboa egin zuten, toki askotan gaizki hitz egin guregatik, fama txarra ipini. Ez Dok Amairukoek beste kantari batzuk ere presionatu zituzten gurekin ez abesteko. Baina gaur egun gauza horiek, ahazturik ez badaude ere, superaturik daude». Gatazka betean kantarien arteko harremana ere, beraz. Talka haiek superatu zirela dio De Felipek bai, eta egon badaude talka hori amaitutzat erakusten duten keinuak, noski, Oskorriren 25. urteurreneko kontzertu esanguratsuan Laboak egindako kolaborazioa kasurako, baina hor gatazka haien lekukotza ere.

Eztabaiden seme-alabak

Aristik deskribatzen du korapiloa. «ETAren barne eztabaidetan etengabe planteatzen zen askatasun nazionala ala askatasun sozialaren arteko gatazka hori. Nondik egin lotura, arazo nazionaletik, Euskal Herria definituz esparru modura, edo lotura egin klase sozialekin eta Bilboko langileria Asturiaskoarekin eta Andaluziakoarekin batuz. Egiten bazenuen lotura sozial hori akusatzen zintuzten espainolistatzat, ez zenuelako nahi Euskal Herriaren independentzia. Hori zen fondoan zegoen eztabaida ideologikoa, eta gertatzen ziren gauza desatseginak. Gizartean zegoen eztabaida, eta taldekideengana heldu zen. Ez Dok Amairuk jo behar zuela eta Oskorrik ere bai, ba Ez Dok Amairukoak ez ziren joango eta halakoak. Bakoitza da bere garaiaren seme edo alaba, eta Ez Dok Amairukoak ziren kantariak, baina eztabaida horien seme eta alabak ere baziren. Eta eztabaida horiek ere eragin zuten beren bidean».

Talde haiek utero moduko bat izan zirela esan du Aristik, eta ernatze moduko bat aipatzen du Golvanok ere. Haren ustez, beren porrotekin ere arrakasta izan baitzen talde haietan sortutako askatasun esparrua. «Artistek eskatzen zuten espazio propio bat, autonomia bat, askatasun berri bat. Eta askatasun hori zen etortzeko zen askatasun politiko eta kultural baten aurrerapena».

BERRIAn argitaratua (2016/03/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA