mundua
AGHSAN BARGHUTHI
«Anexioa indarrean dago Israelek Palestinako lurrak okupatu zituenetik»
Gorka Berasategi Otamendi
Anexioak bideraezin bihurtuko al luke bi estaturen ereduan oinarritutako konponbide bat?
Kontua ez da [Palestina eta Israel] estatu bat ala bi izango diren. Palestinarra den oro lurretik ezabatu nahi duen kolonizazio bati buruz ari gara, eta frogatuta dago ezarri diren okupazio neurriek eta politikek —kokaguneen hedatzeak, hesiek, hormak, kokaguneen errepide sareek— palestinarren zatiketa ekarri dutela, haien hiri eta herriena, haien bizitzak espetxe erraldoi bat bihurtzeraino.
Ez du anexio planak eragingo bi estatuen konponbidearen porrota. Aitzitik, konponbide eredu horrek urteetan egin du porrot kokaguneen hedatze geldiezinaren, lurra arpilatzearen eta natur baliabideak lapurtzearen ondorioz. Palestinako lurren kolonizazioaren oinarriak finkatzeko planaren jarraipena besterik ez da anexioa. Nazioarteko komunitatea ez da gai izan denbora honetan guztian indar okupatzailea geldiarazteko.
Nazioarteko hainbat eragilek ohartarazi dute Israelen anexio plana nazioarteko legediaren kontrakoa dela, eta asko zailduko lukeela irtenbide adostu bat. Nahikoa da haien presioa plana geldiarazteko?
Soilik baldintza bat betetzen baldin bada esan diezaiokegu planari baietz: nazioarteko komunitateak Israelen krimenak geldiaraztea lortzen badu eta kontuak eskatzen badizkio. Orain arte hala gertatu ez dela frogatzen duen adibiderik argiena da hamalau urtez Gazan jasaten ari diren blokeoa. Nazioarteko komunitateak ez du blokeoa geldiarazi, nahiz eta giza eskubideak urratzen dituen. Ez da gai izan gobernu okupatzailea eta haren kideak erantzule egiteko, palestinarren kontrako krimenen erantzule direla frogatuta egonda ere. Nazioarteko komunitatea derrigortuta dago okupazioak ezarritako presio neurriak altxatzera. Gogoan izan behar du palestinarrak ez direla okupatzaileak, baizik eta okupazioa pairatzen ari direnak.
Israelek anexionatzeko asmoa duen eremuetako bat Jordan ibaiaren harana da, Palestinako eremurik emankorrena. Zer litzateke palestinarrentzat eremu hori galtzea?
Jordan ibaiaren harana etorkizuneko Palestinako Estatuaren elikagai saskia da. Hura galtzeak natur baliabideak galtzea esan nahi du: lurra eta ura. Giltzarria da Palestinan elikadura subiranotasuna lortzeko. Ur aberastasun handia du. Zisjordaniako lur azpiko ur erreserben heren bat, besteak beste. Horrez gain, aukera asko eskaintzen ditu nekazaritza, industria eta turismoa garatzeko.
Jordan ibaiaren haranak Zisjordania osoko ur baliabiderik garrantzitsuenak ditu. Itsaso Hilak, Jordan ibaiak eta beste iturburu batzuek ur nahikoa eskaintzen dute haranean eta Zisjordaniako beste gune batzuetan bizi diren palestinarrentzat. Baina Israelek kontrolatzen ditu baliabide horietako gehienak, eta ura ukatzen die palestinarrei; bereziki, C eskualdean bizi direnei.
Nola egiten diete aurre Palestinako nekazariek Israelen anexio mehatxuari?
Anexioa dagoeneko indarrean dago Israelek Palestinako lurrak konfiskatu zituenetik, etxeak eraisten dituenetik, natur baliabideak lapurtzen dituenetik eta nekazari palestinarrei eta haien jabetzei erasotzen dienetik. Anexio plana eskubide urraketekin eta kolonizazioarekin jarraitzeko urrats bat besterik ez da. Israelek plana iragarri duenetik, urraketak areagotu direla nabaritu dugu, baina ez dira orain hasi.
Nekazarien eta haien jabetzen kontrako erasoak aipatu dituzu. Zer eraso dira horiek?
Zuhaitzak errotik ateratzen dituzte, jabetzak eraitsi, etxeak eta bestelako eraikinak erre, nekazaritzarako lurrak deuseztatu, kutsatu; kolonoek laboreak suntsitzen dituzte, eta eraso fisikoak ere jasaten dituzte nekazariek. Halakoek ez dute etenik izan pandemia garaian; aitzitik, ugaritu egin dira. Palestinarrek oro har eta nekazariek bereziki etengabe pairatzen dituzte eguneroko krimen horiek beren lur eta etxeetan.
Zer ondorio du Israelek Jordan ibaiaren haraneko ur baliabideak eta bestelako natur aberastasunak kudeatzeak?
1967tik, Israelek Jordan ibaiaren haraneko baliabide naturalak eskuratzeko eta ustiatzeko sistema bat garatu du, eta sistema horren helburua da baliabideak Israelgo ekonomiaren eta herritarren mesederako erabiltzea. Ondorioz, geroz eta baldintza jasangaitzagoak sortu ditu haranean bizi diren palestinarrentzat, horiek lekuz aldatzera behartzeko eta eskualdea modu egonkorrean anexionatzea bermatzeko.
Familia askok beren lurretatik alde egin behar izan dute azken hamarkadetan, eta, ondorioz, Palestinako biztanleria nabarmen murriztu da. Zer-nolakoa da egoera gaur egun Jordan ibaiaren haranean?
Bizitzea ezinezkoa egiten duten baldintzek haraneko biztanleria gutxitzea eragin dute. Israelek 1967an lurrak okupatu aurretik, haranean 320.000 palestinar bizi ziren. Gaur egun, 58.000 inguru dira. Haranaren %5 inguru dago soilik palestinarren kontrolpean; %45 Israelgo armadaren esku dago, eta %50 Israelgo kolonoen menpekoa da —11.500 baino gehiago dira—.
Nola eragingo lioke anexioak egoera horri?
Palestinako herritarren lekualdatzea operazio sistematikoa da Israelek 1967an okupazioa ezarri zuenetik. Herritarrak zuzenean lekualdatzea ekarriko luke anexioak, eta palestinarrak beren lurrak uztera behartuko lituzke, gobernu okupatzaileak eskura dituen politiken bidez. Bereziki, agindu militarren bidez: eraisteak, konfiskatzeak eta abar.
Zenbaterainoko kaltea egiten diote erasoek eta ur mozketen gisako presio neurriek nekazarien ekoizpenari eta Palestinako ekonomiari?
Israelek Palestinako ur baliabideen %87 inguru kontrolatzen ditu, eta horiek erabiltzea eragozten die palestinarrei, beren oinarrizko eskubideak urratuz. Israelek ura konfiskatzen du, eta garesti saltzen die gero ur horren iturburuak dauden lurretako biztanleei. Batzuetan ur zikina saltzen die, gainera. Horrek zuzenean eragiten dio Palestinako nekazarien lanari, eta beste oztopo bat gehitzen zaie bestela ere aurre egin behar dieten gainerako zailtasunei. Esaterako, beren lurretara sarbidea izateko ezintasuna eta kontrol postuen ondorioz dituzten eragozpenak.
Zer lan egiten du UAWC elkarteak haraneko nekazarien erresistentziari laguntzeko?
UAWCk egoitza bat du Jeriko hirian, Jordan ibaiaren haraneko eremuentzat. Duela hamabost urtetik, UAWCk dozenaka proiektu garatu ditu nekazari eta artzain palestinarren lur eta uren gaineko eskubideak babesteko. Ildo horretan, UAWCk tokiko haziak banatzen dizkie, erabili gabeko lur ahalik eta gehien landatu ditzaten. Esaterako, garia, garagarra eta algarrobo leka erein ditzaten. Horrez gain, ehunka dunum [mila metro koadro inguruko azalera neurri tradizionala] ureztatze sare berritu ditugu, nekazari txikiei ekoizpen gastuekin laguntzeko. Ehunka aterpe eta berotegi ere berritu ditugu, eta dozenaka ur zisterna, animalientzako nahiz laboreetarako ura biltegiratu ahal izateko. Bestalde, nekazariei beren lurrak legez babesten laguntzen diegu aholkularitza juridikoarekin, lur eremuak erregistratuz eta lurrak ikuskatuz. La Via Campesinaren bidez, hitzaldiak ere egiten ditugu, nekazari eta abeltzainak Palestinako nekazari mugimenduan antola daitezen.
Olibondoak landatzeko eta olibak biltzeko kanpainak erresistentzia ekintza bihurtu dira?
Olibondoak sakratuak dira Palestinan, palestinarren erresilientziaren sinbolo direlako. Palestinako lurretako gerra eta okupazio guztiak bizi izan ditu zuhaitz horrek. Lurraren gaineko eskubidearen sinboloa da, uzta garaian palestinarrak mendian olibak batzen aritzen direnean gauzatzen dena. Hain justu, Palestinako lurretan dauden kokagune israeldar arrotzekin gertatzen denaren kontrakoa islatzen du.
Hamar urtez baino gehiagoz, nazioarteko elkartasun brigadak antolatzen aritu da UAWC, nekazari palestinarrei olibak batzen laguntzeko. Nekazariek etenik gabeko mehatxuak eta erasoak jasaten dituzte olibondoak zaintzeagatik eta uzta jasotzeagatik. Berdin gertatzen zaie kokaguneetatik gertu lurrak dituzten nekazariei ere. Kolonoek eraso egiten diete.
Olibak batzeko kanpainak nekazari horiek babesteko eta uzta azkarrago batzeko laguntza dira, eta murriztu egiten dute erasoak jasateko arriskua. Nazioarteko boluntarioen kopuru handia biltzen delako gertatzen da hala. Dena den, nazioarteko boluntarioak egoteak ez ditu beti erasoak eragozten.