astekaria 2020/08/21
arrowItzuli

kultura

Zer egingo dugu? Alkar hil? Hori ez, hori ez...

Anjel Mari Peñagarikano

Zer egingo dugu? Alkar hil? Hori ez, hori ez...



1.
Jaiotetxera ez naiz
gutxitan joaten,
lehengoan hor nebilen
buelta bat ematen,
banekien katua
han zela nonbaiten,
ta bai ikusi ere
zatitsua jaten.

2.
Hegaztiek larrea
eduki dezaten,
zer nolako zelaia
eta saila duten,
amona ari zelarik
artoa ematen,
xoxoa ikusi nuen
txitxarea jaten.

3.
Ta ondoren aitona
kontuak esaten,
nolako amorrua
eurekin zeukaten,
hala kontatu zidan:
«Lehengo egun baten
azeria ikusi dut
oiloa eramaten».

4.
Gero ez zait hasi ba
alaba esaten,
«Hemendik tripahutsik
inor ez da joaten,
zoazte sukaldera
zerbi zaitzateten,
ea urdaiazpikoz
asetzen zareten».

5.
Gainean telebista
piztuta zeukaten,
Itsas dokumental bat
ikusi zezaten,
krudelkeria latzak
somatu zitezken,
arrain haundiak arrain
txikiak irensten.

6.
Horra errugabeek
patua zer duten!
behin indarra nagusi
ezarri ziguten,
naturaren legeek
zenbat mintzen nauten,
hiltzen ez dunak ez du
bizirik irauten!

Doinua: Anje Duhalderen Delikatua baitut.

BERRIAn argitaratua (2020/08/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA