astekaria 2020/08/21
arrowItzuli

kultura

Gitarraren mintzoa

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Gitarraren mintzoa

Gitarra zahartxo bat zur-gorritan, Bilbon, luthier tailer txikian. Laura Vicariok gozo ferekatu dio ahoaren buelta, lehen aldiz noiz hartu zuen kontatu bitartean: «Otsail hasieran izan zen». Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzatik ekarri zioten, Gernikatik, 1896tik hona han pilatutako urteen zama arin ziezaion. «Arrakala txikiak bazituen, hotz-bero eta lehor-heze aldaketek eraginda. Pipi pixka bat ere bazuen. Kola eman diot, eta barrutik indartu dut. Kanpotik egin dizkiot konponketa guztiak, ireki gabe». Beste igurtzi bat, gorputz ertzean oraingoan. «Begira, hemengo parte honetan zur zati txiki batzuk sartu behar izan dizkiot, kolperen batengatik deformatua zegoelako, barruraka». Eta beste ukitu bat.

Gaur ohikoa den gitarra klasikoaren ondoan, luthierrak esku artean darabilena txikiagoa da gorputzez, zortzia estuagoa du, egurrezkoak larakoak, eta barrutik ere ez da erabat berdina. «Honen zubia desberdina da; eta uztaien arteko tartea, handiagoa».

Jose Mari Iparragirreren azken gitarra. Erromantikoa, jabea bera bezala. Tresna hutsa baino askoz gehiago, haren kantarik ezagunenetako bati kasu egitera: «Gitarra zarhartxo bat det nik nere laguna/ horrela ibiltzen da artista euskalduna». Horixe da, aditu gehienen ustez, bardoak sortu zuen lehenetariko kanta: Gitarra zahartxo bat. 1840ko urteetako Europako ibilerak kontatu zituen artistak bertan, gerora beste hainbatetan baieztatu zuen joera iragarriz: bere bizitzako pasadizoak kantagai bihurtzekoa. Gertakizunak, bizimodua eta pentsamenduaren eta sentimenduen joan-etorriak agertzen dira Iparragirreren kantetan. Horren erakusle dira, besteak beste, Gernikako arbola; Nere amak baleki; Nere maitearentzat; Hara nun diran; Trapu biltzaileak; Glu, glu, glu; Nere herriko gazteari; Arren ez bedi galdu euskera; eta Nafarroako alkarkidari.

Soinuaren eboluzioa

Isilik datza orain bardoaren zurezko laguna, ahoa zabal-zabalik, autopsia mahai gainean. Ahosabaian, idatzita: Progreso Argentino. Fábrica de guitarras. Salvador Ramírez, Rivadavia, 480. Buenos Aires. «Malagakoa [Espainia] zen jatorriz Ramirez gitarragile hori. Buenos Airesera aldatu zen bizitzera». Erretsin usaina; Vicariok berak prestatutako berniza potean, gitarra noiz blaituko zain. «Gitarra honen soinua berriz entzuteko modua eginez gero, gustura nengoke», nabarmendu du. Soinu hori ez da inoiz berdina izango hala ere, erantsi duenez, ekarri zituen tripazko sokak nailonezkoekin ordezkatuko dituztelako. «Tripazko sokek ñabardura ezberdinak ematen dizkiote soinuari. Gitarra honen soinuak, egun ezagutzen ditugunen aldean, bolumen txikiagoa du, eta biribilagoa da. Gaur egungo gitarra, izan ere, sonoritate handiagoa lortzeko saioen emaitza da, orkestretan eta areto handietan gehiago entzun zitezen».

Gitarren soinuaz eta eboluzioaz mintzo da Enrique Solinis ere. Euskal Barrokensemble taldearen sortzailea da, gitarra jotzaile profesionala, antzinako musikan aditua. Vicariok gozatutakoaren oso antzeko tresna bat darabil Solinisek kontzertuetan, musika klasikoa jotzeko. «Euskal Herrian gitarrak eta biolinak ohikoak ziren garai hartan. Erdi Aroan jada, gitarren aurrekoa den giterna jotzen zen hemen; errenazimentu garaian, gitarra barrokoa heldu zen, Iparragirrerenaren aurrekoa».

Gitarrak, eboluzionatu ahala, ekarri zuen aldaketarik herri musikara, Solinisen esanetan: «Euskal doinuak, berezko koloreak eta eskalak, ez ziren oso perfektuak, gaur egungo ikuspegitik begiratuta. Bai txirulak, bai albokak, bai gaitak, hodi bat ziren, eta iritzira egiten ziren zuloak». Matematikoki, «sistema pitagorikoa» litzateke hura, non soinuak eta eskalak berezko afinazioa zuten. «Sistema horretan, kantatzeko eran eta afinazioan, soinu batzuek desafinatuta lirudikete gure egungo ikuspegitik. Iparraldean oraindik ere bada horren arrastorik, ia erabat galdua den arren». Zer gertatzen da, bada, kantu hori gitarrarekin laguntzen denean? «Ezinezkoa dela uztartzea», Solinisen hitzetan. «Melodia horiek gitarrarekin ez datoz bat, eta tradizioko desafinazioan landutako errepertorio guztia pikutara joan zen. Hori da Iparragirreri eta antzeko gitarristei egin zitzaien kritikarik gogorrena, garai hartan. Joera modernizatzaile horren barruan kokatzen da Iparragirreren gitarra».

Modernizatzailea, gainera, alderdi askotan. Ariketa bat proposatu du Solinisek: Iparragirreren kanta bat alemanez kantatzea. «Tirolgoa dela esan diezazukete, lasai asko, haren lanaren substratua oso internazionala eta oso modernoa delako, harmonikoki eta melodikoki». Beste ariketa bat: gitarrarekin agertzen den argazkiei begiratzea. «Garai hartan hartzen zen moduan hartzen zuen hark ere gitarra: zintzilikatuta, normalki, eta nahiko bertikal. Flamenkoan ere Iparragirreren garaian sartu zen gitarra, kantuan-eta laguntzeko. Horregatik hartzen zuten berdintsu hark eta flamenko gitarra jotzaileek». Gitarristaren begiak beste gauza bati ere erreparatzen diote: bardoaren atzaparrei. «Errekurtso urriz, baina nahiko birtuoso begitantzen zait gitarra jotzeko haren keinua. Tresnarekin orduak eta orduak egin zituen bere bizitza osoan».

Garai hartan oso boladako zegoen zortziko erritmoan, gehienetan. «Hemen, tradizio handia zuten erritmo kinarioekin egokitzen ziren zortzikook, eta, horren ondorioz, askoz pluralagoa zen musika, egun baino. Orain askoz karratuagoa da dena». Erritmo kinarioon tradizio horretan kokatzen du musikologoak Iparragirre. Eta berehala dator galdera: nola kantatuko ote zuen bardoak? «Nahiko operistikoa izango zen haren kantaera, segur aski, anplifikazioa lortzeko xedez».

Iparragirrerena Wagnerren garaia ere bazen, izan ere; eta areto handien ugaltzearena, antzerki, musika eta bestelako ikuskizunak hartzeko. «Antzoki horietan ahotsa ondo kokatu behar zen, soinua zabaltzeko». Musika entzutekotan, zuzenean entzun beste aukerarik ez zegoen mundu batean; eta musika entzuteagatik sarrera bat kobratzea ohiko bihurtzen hasia zenean. «Musikaren nolabaiteko pribatizazio horrekin, musikariarena ogibide bat izan zitekeelako ideia etorri zen. Halaxe etorri zitzaion Iparragirreri ere». Ez zuen lortu, baina. «Eta ideia horixe leporatu zion Xenpelar bertsolariak».

«Ez zen bertsolaria»

«Iparragirre abila dela/ askori diot aditzen,/ eskola ona eta musika/ hori hoiekin zerbitzen./ Ni ez nazu ibiltzen/ kantuz dirua biltzen,/ komeriante moduan», kantatu zion Xenpelarrek Iparragirreri. Hau ere bai: «Eskola ona eta musika/ bertsolaria gainera,/ gu ere zerbait izango gera/ horla hornitzen bagera./ Atoz gure kalera/ baserritar legera/ musika hoiek utzita». Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearen ustez, eztabaida antzua da Iparragirreren bertsolari izaerari buruzkoa. «Ez dakit zergatik kontrajartzen diren bertsolaria eta Iparragirre. Hura ez zen bertsolaria. Hura kantari eta sortzaile handi bat zen. Hark bere musika eta hitzak egiten zituen, eta izugarrizko arrakasta lortu zuen, hemen eta kanpoan». Xenpelarren bertsoek ere halaxe adierazten dute, nabarmendu duenez.

Iparragirreren heriotza mendeurrena gogoratzeko ekitaldietan parte hartu zuen Amurizak, 1981ean. Orduko iritzia ez zaio aldatu: Iparragirre eta Xenpelar mundu ikuskera biren adierazle dira, eta Gernikako arbola kantako «eman ta zabal zazu munduan fruitua» esaldian laburbiltzen da aldea. «Iparragirreren mundua-ren esanahia eta Xenpelarrena ez dira berdinak. Bertsolariak munduaz ari direnean, garai hartan, euskaldun munduaz ari dira, eta Iparragirrek ikuspegi internazionala zuen. Izugarrizko arrakasta lortu zuen, eta gorputz eman zien garai bati eta sentimendu batzuei». Foruak, euskara eta herria gogoan; kantu ludikoak eta maitasunekoak alboratu gabe. «Hari ez zaio Gernikako arbola bakarrik kantatzen. Nork uzten du halako ondare bat, 200 urteren buruan herri guztiak dakiena? Alde horretatik, figura izugarria da», dio Amurizak. Arlotetzat hartu izan den arren. «Arlote kulturala ez zen. Arlotetzat hartzen dutenen bizitzako soinu bandan ere, haren kanta asko daude».

Bihar: Sekuela.

BERRIAn argitaratua (2020/08/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA