kirola
IKER ARRETXE
«Beste maila batean, baina jokatzen jarraitu nahi dut»
Julen Etxeberria
Astebete joan da profesionaletan azken partida jokatu zenuenetik. Zer sentipen duzu?
Oso pozik utzi dut, eta oso harro nago egin dudanaz. Lorpen handia da profesionaletan hamabost urtez jokatu izana.
Desiratutako agurra izan duzu?
Bai. Egun polita eta hunkigarria izan zen. Etxekoak etorri ziren, lagunak, lankideak... Eta zaleek denbora luzez egin zidaten txalo. Oso eskertuta nago.
Nabaritu duzu jada egunerokoa aldatu zaizula?
Bai. Azken egunetan askoz gehiago egon naiz familiarekin, eta gauza ezberdinak egin ditut. Ez dut arduratu behar izan entrenatzeaz edo jokatzeaz. Poliki-poliki ari naiz egokitzen. Badakit izugarri sumatuko dudala frontoiaren falta, eta hemendik aurrera, telebistaz ikusi beharko ditudala lankideak. Arraroa egingo zait. Baina denori iristen zaigu agur esateko unea, eta niri iritsi zait. Baina bizitzak aurrera jarraitzen du.
Zeren falta sumatuko duzu?
Aldagelako giroa: jaialdia hasi baino bi ordu lehenago iristea, eta lankideekin hitz egitea, edozein gairen inguruan. Beti izan dugu oso giro ona pilotarion artean.
Pilotari ohitzat duzu jada zeure burua?
Profesionaletan jokatzeari utzi diot, baina badira Aspe eta Baiko ez diren beste enpresa batzuk, eta aurrerago hitz egingo dut haiekin. Beste maila batean, baina jokatzen jarraitu nahi dut.
Zuk esana da koronabirusak eragindako egoerak zure agurra aurreratu duela.
Hala da, baina ez diot horri bueltarik eman nahi. Aurrera begira nago jada.
Baikok ez zizun kontratua berritzeko eskaintzarik egin. Eskaini izan balizu, jarraitzeko prest zinen? Ala jada hartua zenuen uzteko erabakia?
Enpresak erabaki zuen ez ninduela behar, eta ez zidan kontratua berritu. Bizilegea da. Berritzea eskaini izan balit segituko ote nuen? Bada, bai, noski. Maila onean ari nintzen. Baina koronabirusak eragindako egoerak ezustean hartu gaitu guztiak, bai pilotan, baita bizitzaren alor guztietan ere.
Hamabost urte egin dituzu profesionaletan. Emaitzei dagokienez, lehen urteak izan ziren oparoenak.
Bai. 2005ean debuta nuen, eta estreinakoa egin eta gutxira Bigarren Mailako txapeldun izan nintzen lau eta erdikoan. Hurrengo urtean, berriz, Bigarren Mailako binakako txapeldun eta banakako txapeldunorde izan nintzen. 2010ean irabazi nuen azken txapela, Bigarren Mailako binakakoa. Garai polita izan zen.
Bigarren Mailan irabazitakoak dira txapel guztiak. Lehen Mailan, ordea, ezin izan duzu txapelik irabazi. Pena hori duzu?
Pilotari handiekin lehiatu behar izan dut: aurrelarien artean, Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a, Berasaluze II.a, Titin III.a, Martinez de Irujo, Xala eta Gonzalezekin; eta atzelarien artean, Beloki, Begino, Patxi Ruiz, Lasa III.a, Barriola eta Zubietarekin. Garai horretan Lehen Mailako pilotariak oso sendotuta zeuden: jokalari puskak ziren, eta eskarmentu handia zuten. Oso zaila zen hor goian toki bat egitea. Nik aukera izan nuen bi urtez Lehen Mailako Binakako Txapelketa jokatzeko, Beginorekin, Asegarceko laugarren aurrelari moduan. Lorpen handia izan zen Olaizola II.aren, Bengoetxea VI.aren eta Berasaluze II.aren ondoren sartzea. Gero, Urrutikoetxea azaldu zen, eta bigarren koska batera jaitsi nintzen. Ondoren, aurrelari bikainak iritsi dira: Altuna III.a, Ezkurdia, Irribarria, Elezkano II.a, Jaka... Baikon ere belaunaldi berri bat dago orain.
Pozik zaude egin duzun bideaz?
Bai. Bakoitza ahal duen tokira iristen da, eta aurkariak zu baino hobeak baldin badira, onartu egin behar duzu, eta lanean gogor jarraitu. Ni oso pozik nago egin dudanaz. Beti eman dut dena kantxan, bete-betean entrenatu naiz, eta enpresak esan didan guztietan jokatu dut. Lehen Mailako hiru txapelketetan parte hartu dut: banakakoan, lau eta erdikoan eta binakakoan. Hori oso zaila da egiten. Meritu handia du horrek. Baita beste datu aipagarri batek ere: enpresak hala erabakita, makina bat aldiz jokatu behar izan ditut atarikoak banakakoan eta lau eta erdikoan, eta inoiz ez dut galdu. Beti irabazi dut. Atzetik zetorrenak bazekien gora iritsi ahal izateko Arretxeri irabazi egin ziotela.
Partida asko jokatu dituzu: 750, 50 urteko. Enpresako pilotaria izan zara.
2016an jokatu nuen Lehen Mailako azken txapelketa, banakakoa. 22-14 galdu nuen Irribarriarekin, gerora txapeldun izan zena. Nik egin nizkion inork baino tanto gehiago ekitaldi horretan! Gero, nire egoera aldatu zen enpresan, eta esaten zidaten tokian hasi nintzen jokatzen: gazteekin, jaialdiko lehen eta hirugarren partidak... Enpresak esaten zidana konplitzea zen nire eginbeharra. Uda oso beteak izan ditut, baina polita zen, garai aproposa baita jokatzeko: asko jokatzen duzunez, errazago ikusten dituzu zuloak eta errazago egiten dituzu jokaldiak. Behin zortzi egunetan jarraian jokatu nuen, eta beste behin, 11 aldiz hamahiru egunean. Baina gustura egiten nuen.
Zein izan da zure kirol ibilbideko unerik onena?
Asko izan dira: Bigarren Mailan txapeldun izan nintzen bi aldiak; 2012an, Beginok eta biok Irujori eta Barriolari irabazi genien txapelketako partida; Xalari eta Titin III.ari irabazitako lau eta erdikoko neurketak... Oso une politak bizi izan ditut.
Eta zein izan da unerik txarrena?
Inoiz ez dut ahaztuko 2012an, Albisuk buruan eman zidan pilotakada. Medikuak esan zidan gutxigatik libratu nuela.
Eta orain? Zer egiteko asmoa duzu?
Lasai hartu nahi dut, ea nola datorren iraila, eta ikasturtea. Ez da giro. Gero, aitak [Fernando Arretxe pilotari ohia] eta biok pilota eskola bat dugu Arangurengo bailaran. Baina patxadaz hartu nahi dut.