astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

kultura

Eta euskal kultura piztu zen

Iñigo Astiz

Eta euskal kultura piztu zen

Irakurri hurrengo hitzak kantuan, eta 1960ko hamarkadan zaude: «Gazte gera gazte,/ ta ez gaude konforme,/ mundu garbiago bat/ bizi nahi genduke,/ gezurraren kontra/ injustizirik ez...», akorde ireki bat, eta «gazte gera gazte/ ez gaude konforme». Hamarkada oso baten soziologia biltzen dute Lourdes Iriondoren abestiaren lehen hamabost segundoek. Hor piztu zen euskal kultura. Leturiaren egunkari ezkutua, ETA, Durangoko Azoka, Ez Dok Amairu, Euskal Arte Eskolak, Ama lur lanaren filmaketa, ikastolen mugimendua, Quosque tandem, euskara batuaren eztabaida... Urte batzuk gora, urte batzuk behera, 1966aren bueltan ezar daiteke lurrikara. Zehatz-mehatz igandean beteko da mende erdi Ez Dok Amairuk izen horrekin bere lehen emanaldia eman zuenetik, eta zehatz-mehatz orain mende erdiko apirilean aurkeztu zen Gaur taldea Donostian. Orduan ezarri ziren hurrengo bost hamarkadetako euskal kulturgintzaren oinarriak, eta garai hartako kultur leherketari buruzko bost artikuluko sorta kaleratuko du BERRIAk gaurtik igandera bitarte. Iragan hartan hasi zen orain hau.

Orio produkzioak ekoizpen etxeak egindako Zai, Zoi, Bele dokumental sortan dator Mikel Laboaren azalpena. «Gerra Zibilaz geroztik, gehienak joan ziren exiliatuak, eta hau zen desertu bat kultura aldetik, eta poliki-poliki hasi ginen ezagutzen gure herria eta gure kultura. Ez genituen ezagutzen ez Iparraldea, ez kantu tradizionalak; orduan hasi ginen ezagutzen, eta hori izan zen guretzat oso momentu ederra. Berriro ezagutzea herri bat zuretzat ia-ia desagertua zena». Baina zergatik piztu zen orduan? Eta zergatik aldi berean kultur alor guztietan? Iriondoren doinuak biltzen duen soziologia horretan dago erantzunaren parte bat.

50eko hamarkadako industrializazioak aldaketa sozio ekonomiko handiak eragin ditu. Hiritartu egin da gizartea, eta haziz doa 36ko gerra ezagutu ez zuen belaunaldiaren ezinegona frankismopeko Euskal Herrian. Ipar Euskal Herritik autoetan ezkutaturik heltzen dira doinu libreagoak, baina estua da giroa oro har. Eta hori dena dabil Iriondoren ahotsean kantuan.

Indarrean da zentsura Hego Euskal Herrian, eta indarrean errepresioa, baina 60ko frankismoa ez da 50eko frankismoa. Datu historikotzat aurkezten dute txistea adituek. «Operatuko duten zain dago buruan zauritutako ofizial bat, baina jeneral egingo dutela abisua jaso, eta kolpean uzten du operazio gela zaldira igotzeko. Medikuak burua zaurituta duela esaten dio, eta militarrak erantzun: 'Jeneral izateko ez da bururik behar'». Barreak berak kontatutako bromarekin Francisco Francok, eta barre Dwight David Eissenhower AEBetako lehendakariak ere. Argazkilari batek harrapatu du momentua, 1959ko abendua da, eta dena aldatu da irribarre horiekin. Komunismoaren mamuaren aitzakian, nazioartean onarpena irabaziz doa Francoren erregimena, eta nazioarteko hainbat erakunderen parte da jada. Prozesu horren ikur da AEBetako agintariak eta Francok elkarri emandako besarkada, eta irudi horrekin amiltzen dira erbesteko Eusko Jaurlaritzaren esperantzak ere. Besarkada bat eta dena aldatu da.

Iraultza «narrasa»

Kubako iraultza, pantera beltzak, Vietnamgo gerra, deskolonizazio prozesuak... Borborka dago mundua, eta Euskal Herria ez da irla bat. Belen Oronoz ikerlariaren hitzetan, ordea, frankismoak berezi egiten du Euskal Herriko kasua. «Euskal Herrian diktaduraren hertsidura bizi genuen, eta, nahiz eta itxuraz diktadura kanpoaldera pixka bat irekitzen hasi eta zirrikituetatik haize pixka bat sartzen hasi, hemen gertatzen zenak ez du zerikusirik munduan ziren ekintza eta giro kontrakultural horiekin. Gu hasi ginen pixka bat leihoak irekitzen, baina ezin konparatu kanpoan zen egoerarekin. Guk ere izan genuen gure iraultza, baina arras ezberdina eta pixka bat narrasagoa». Sakon ikertu du garaia Oronozek Gazteri berria, Kantagintza Berria liburuan eta Joxanton Artzeren hasierako poesiari buruz egindako doktore tesian, eta, dioenez, «ezinbesteko oinarria» izan zen orduko kultur eztanda. «Oraindik ere, gaur egun, 50 urte geroago, oraindik hor gaude errotuta, eta funtsezkoa da gaur egungo mugimendu kulturalak ulertzeko».

«Heuskara da kanpora, eta goazen oro danzara». Bernart Etxepare idazleak XVI. mendean izandako dilema beraren aurrean irudikatzen ditu euskal kantariak 1966aren bueltan Pako Aristik Euskal kantagintza berria liburuan. «Euskarak diskoetarako balio duen ala ez, kanta modernoak egiteko gai den ala ez». Hori erabaki behar, beraz, eta galdera horren muina ez da teknikoa, mikrofonoari berdin baitzaio kantaria euskaraz ari den ala ez. Sakonagoa da Aristiren esaldiak erakusten duen dilema. Izan ere, errezeloak sortzen zituen kanta moderno haren modernotasunak garaiko sektore abertzale tradizionalenetan. Eta berdin abizen bereko beste sorkuntza klaseekin: hala literatura modernoarekin, nola arte modernoarekin eta antzerki modernoarekin ere. Zarpailkeriatzat, gustu txarrekotzat edo iskanbilatzat jotzen zituzten.

Aitzurra bai, molekula ez

Baina nor zen horrela pentsatzen zuen jendea? «Entzulegoaren zati bat», erantzun zuen Xabier Lete poeta eta abeslariak 1977ko Jakin aldizkarian. «Edo, hobeki esan, abertzalegoaren zati bat. 'Belaunaldien arteko urradura', eta horrelako beste topikoek, giro aldaketa baten beldurra estaltzen zuten; radikalizazio politiko eta gizarte bizitzaren laizizazioaren beldurra, hain zuzen». Eta doinua eta irudia ere baditu beldur horrek. 1955etik 1969ra arte Arantzazurako errepide bazterrean urteak eman zituzten Oteizaren hamalau apostoluena, esaterako, edo fraideek ezabatutako Nestor Basterretxearen horma irudiena bestela. Eta doinua, berriz, Julen Lekuona apaiz eta abeslariak Ez Dok Amairuren emanaldietan abestutako kantarena: «Eliza pobrea, eliza pobrea, eliza hobea». Horra iskanbila.

«Euskal kulturaren inguruko ikuspegi berri hori aldaketa sozioekonomikoekin dago lotuta». Argi du Amaia Lamikiz historialariak, baina horrek ez du esan nahi kultura berri hori garaiko kultura bakarra zenik. «Okerra da pentsatzea frankismoak dena debekatu zuela. Euskara eta euskal kultura museo pieza gisa beti onartu izan ditu, ikuspegi tradizional horrekin». Aitzurra esateko bai, beraz, eta molekula esateko ez. Iraganerako bai, etorkizunerako ez.

60ko hamarkadako herri mailako kultur taldeen sorrera ikertu du Lamikizek bere doktore tesian, eta, dioenez, talka bat igartzen da bertan. «Debatea da garai hartan folklore hori defendatzen dutenen artean eta euskal kultura modernoa defendatzen dutenen artean. Eta kultura moderno hori defendatzen dutenen ustez, ikuspegi folkloriko hori azaleko zerbait da, eta benetan beste bat izan behar da kulturaren oinarria. Kultura bizi bat izateko eta bere denborarekin bat datorrena izateko, beste elementu batzuk hartu behar ditu. Hizkuntzarena ere hor dago». Ikastolak, helduentzako alfabetatze ikastaroak, euskara batua...

Dena lotuta

«Zartada bat». Horrela deskribatu zuen 60ko hamarkadako lurrikara Rikardo Arregik, 60ko lurrikaratik bertatik. «1969 urte inguruan azaltzen da euskal arazoetarako belaun berri bat. Urte hori ezkeroztik, behar bada pixka lehentxeagotik euskal adimena eta euskal sentipena berritu egiten da, bere baitan zartada bat sentitzen du eta ordu ezkeroztik gertaera hau, belaun berri baten esnatzea kontuan hartu gabe ez dago aztertzerik ez euskal kultura, ez euskal politika, ezta ere euskaldunen artean dabiltzan ideologiak».

Eta herriz herri zeuden elkarteetaraino heldu zen zartada hura. Lamikiz: «Orduan hasi ziren elkarte horietako kideak antzerkiak egiten euskaraz gai modernoei buruz, euskara klaseak ematen, umeentzako eskolen sorrera laguntzen... Dena zegoen pixka bat lotuta». Izan ere, mugitzen zebilen jende hori da euskal kultura berri hori propio egingo zuena. «Haiek antolatzen zituzten kontzertu jaialdi eta gisakoak». Elizaren babespean hasieran, elkarte autonomo gisa 1964ko Elkarteen Legeaz geroztik.

Adibide bat: 1965eko lehen Durangoko azoka Andra Mari elizaren aterpean. Bat-batean, lepo itzuliko jertse gorria jantzita igo da ile beltz luzeko neska bat oholtzara, bere gitarrarekin, eta hasi da kantuan. Liluraz mintzo da une hartaz Xabier Gereño Cinsa diskoetxeko kide izandakoa Zai Zoi Bele dokumentalean. «Ikaratuta geratu nintzen. Esan zidaten moja eskoletako jaialdietan abesten zuela. Ea nola zuen izena, eta Lourdes Iriondo. Amaitu zuenean, esan zidan adiskide batzuekin zegoela harremanetan talde bat sortzeko, eta esan nion taldea sortzen zutenean abisatu eta nire aldetik lagunduko niela promozioa egiten edo diskoa grabatzen». Esan du Lamikizek; «dena zegoen pixka bat lotuta». Ahul oraindik baina hezurdura berri bat sortua zen mugimendu berriarentzat: jaialdiak, kultur taldeak, azokak, disko etxeak, irratiak...

Harrotasuna itzultzea

Mugarri filosofikoa 1963an kokatu du Ana Gandara ikertzaileak. Oteizaren Quosque tandem liburua argitaratu zen urtean, alegia. «Euskal biblia» deitzen zion lan hari Mikel Laboak, eta Gandararen hitzetan ere funtsezkoa da liburua. Harrotasuna itzuli zion ukatu eta zapaldutako kultura bati. «Euskal komunitateak duintze prozesu bat behar zuen, eta, horretarako, fundamentala izan zen iraganera jotzea. Ezezaguna zen iragan horretara jotzea. Berreskuratzea, eta berreskuratze horretaz gain, berreskuratze hori bera etorkizunerako baliagarri izango litzatekeen kultura batera moldatzea». 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara arteko kulturgintzaz egin du doktore tesia, eta, dioenez, liburu horretan dago gerora Ez Dok Amairuren eta Euskal Arte Eskolen mugimenduaren hazia.

«Erein aroa» izendatu zuen Jerardo Elorzak 60ko hamarkada garaiko euskal arteari buruzko liburuan. «[Belaunaldi hark] Ez balio sasoitsu ereiteari ekin, egun ezingo genuke hizkuntzan, literaturan, musikan, arte ederretan, irakaskuntzan, komunikabideetan, eta abarretan izandako aurrerakuntza izugarriaz gozatu». Edo bestela esanda: iragan hartan hasi zen orain hau. Irakurri kantuan berriz hitzak, eta orain arte heltzen den soka bat darabilzu ezpainetan. «Gazte gera gazte,/ ta ez gaude konforme».

BERRIAn argitaratua (2016/02/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA