gizartea
Eritasunari buruzko lezio berrikusia
Arantxa Iraola
EZ DA GRIPEAREN ANTZEKOA; OSO EZBERDINA DA, ETA LARRIAGOA
«Gripearen antzekoa da». Erruz entzun zen esaldi hori krisiaren hasieran; oraindik ia izenik ere ez zuen gaitzak, baina hari buruz jarduteko usu errepikatu zen ideia hori. Lorratza utzi du gizartean, baina guztiz gezurtatu behar da. «Transmititzeko bidea nahiko antzekoa da; arnasbideetatik kanporatzen ditugun tantatxoen bidez transmititzen dira biak» , adierazi du Basarasek. Hortik harago, «guztiz ezberdinak» dira. Askoz ere «kutsakorragoa» da, adibidez, COVID-19a: «Gripearen kutsakortasun maila 0,5 da; alegia, kutsatu bakoitzak 0,5 pertsona kutsatzen ditu. Birus honen kasuan, bi-hiru pertsona izan daitezke, eta hainbat kasutan, bost: maila horretara ere iritsi izan da». Hilgarritasun tasan ere aldea handia da: «Hamar aldiz handiagoa». Dudarik ez da, beraz: «Larriagoa da». Hein batean, larritasun horren zio nagusia da «birus berri bat» dela, eta, ondorioz, immunizatu gabeko populazio bat duela aurrean. Errealitate hori aldatuz doan heinean egoerak hobera egin dezakeela onartu du Basarasek: «Baina etorkizun hori noiz izango den ez dakigu». Sintomei dagokienez, batez ere aurrez osasun kaltebera dutenekin dira oldarkorrak, baina bestela ere izan daitezke larriak: «Orokortasun moduan, pertsona gazteetan klinika arinagoa du; baina arau hori ez da beti betetzen». Sintomarik gabeko infektatuak ere badira, baina hori ez da ezohikoa: beste eritasun batzuetan ere gertatzen da.
SINTOMAK EZ DIRA ARNAS APARATUAN BAKARRIK AGERTZEN
Denborarekin ikusi da, era berean, hasieran uste zenaren kontra, birus honek ez diola soilik arnas aparatuari erasaten. «Hasieran uste zen sukarra eragiten zuela, ondoeza eta ezohiko pneumonia bat... Orain ikusi da zenbaitetan larriagotu egiten dela pneumonia hori. Askotan eragina izaten du, gainera, beste organo batzuetan ere: bihotzean, burmuinean, gibelean.... ». Hilabeteotan ikusi da, halaber, behin gaitza gaindituta ere epe luzerako ondorioak uzten dituela zenbait erirengan: «Ondorengo hilabete eta urteetan aztertu beharko dira ondorio horiek. Goiz da oraindik ere noiz arte geratuko diren jakiteko».
SINTOMARIK GABE ERE, KUTSAKORRA DA
Osasun agintariek krisiaren hasieran zabaldu zituzten lehen ohartarazpenak sintomak zituztenei begirakoak izan ziren -eztula eta sukarra zutenei begirakoak, bereziki-, birusa solik haiek transmititu zezaketela uste baitzuten. «Hasieran Txinatik eta beste herrialde batzuetatik iristen ziren datuek hori erakusten zuten», azaldu du Basarasek. Ondoren ikusi da, ordea, sintomarik ez dutenek ere heda dezaketela gaitza; zaildu egin du horrek izurria menderatzeko lana.
EZ DAGO ARGI ZENBAT IRAUTEN DUTEN ANTIGORPUTZEK
Eritutako pertsonek, antzeko gainerako prozesuetan ohikoa den eran, antigorputzak garatzen dituzte birusaren kontra: «Hori egiaztatuta dago». Ez dago argi zenbat irauten duten, ordea, organismoan. «Izan ere, ikusi da antigorputz horiek pertsona batzuetan desagertu egiten direla 2-3 hilabete pasatu ondoren». Desagertze horren ondorioak ez du izan behar, ordea, ezinbestean, babes falta; «oroimen zelula» batzuk geratzen dira maiz organismoan, eta «berrinfekzio» baten aurrean defentsak «arinago» aktibatzea dakarte. Kasu honetan «oroimen zelula» horiek nola diharduten azaltzeko ikerketak giltzarri dira orain.
BEROAK ETA EGUZKI IZPIEK EZ DUTE SUNTSITZEA LORTZEN
Eguzki izpiekin eta tenperatura altuekin, birusen «iraunkortasuna» ahuldu egiten da usu. Birus honen inguruan ere esperantza hori maiz nabarmendu da: beroarekin apaltzea espero zen. «Baina birus hau berria izanik, zer ikusi da? Iraunkortasun hori ez dela jaisten. Nahiz eta eguzki izpiak egon, tenperatura altuak egon, ez dira gai birusa suntsitzeko». Klima beroko hainbat herrialdetan izurria nola zabaltzen ari den ikustea aski da horretaz jabetzeko: «Beroak eta eguzkiak, momentu honetan, ez daukate eraginik birusaren kontra. Etorkizunean ez dakigu izango duten. Populazioaren gehiengoa immunea denean, akaso, izango dute eragina; gaur egun, ez».
AIREAN GERATZEN DIREN PARTIKULEK KUTSA DEZAKETE
Hasieran esaten zenaren kontra, «ebidentzia zientifikoak» badira orain erakusten dutenak airean gera daitezkeela birusa daramaten tantatxoak, airearen mugimendua badago higitu egiten direla airean, lurrera edo gainazaletara jaitsi gabe, eta horiek ere kutsa dezaketela gaitza. «Ez dakigu zer neurritan, baina badirudi baietz», onartu du Basarasek. «Dena den, ez dakigu oraindik oso ondo zenbat denbora egon behar duen pertsonak aire kutsatu horrekin kontaktuan; hori askoz ere gehiago sakondu behar da». OME Osasunaren Mundu Erakundeak orain aste batzuk onartu zuen, hainbat erresistentziaren ostean, transmisio modu hori aintzat hartzeko erakoa dela; batez ere, leku itxietan. «Oso garrantzitsua da toki itxiak ondo aireztatuta egotea, eta leku itxietan maskararik jantzi gabe denbora askoan ez egotea».
MASKARA BABESERAKO BALIABIDE FUNTSEZKOA DA
Azken asteotan egin dute osasun agintariek maskararen erabileraren gaineko ohartarazpen argia; bidean, mezuak orotarikoak izan dira, eta kontrajarriak ere bai sarri. Merkatuan maskara gutxi egon izanak baldintzatutako auzia izan da Basarasen ustez, baina, arnasaren bidez zabaltzen den birus bat izanda, onartu du hasieratik «funtsezkotzat» hartu behar zela maskarek horren hedapenean izan zezaketen zeregina. «Asiako herrialdeetan, Txinan, Hego Korean, jende guztiak zeraman». Europan bertan, Txekian eta Austrian, esaterako, erabilera derrigortzera egin zela esan du, eta «kasu oso gutxi» egon direla. Beste hainbat neurri ezin dira ahantzi, hala ere: «Esaterako, eskuen garbiketa. Egun, ez daukagu besterik: distantzia, maskarak eta eskuen garbiketa».
TXERTOAREN INGURUAN ITAUN ASKO DAUDE ORAINDIK
Txertoan jarrita dago esperantza. «Ehun prototipo baino gehiago daude martxan. Bizpahiru badaude ja fase aurreratuetan: ikusiko dira emaitzak», azaldu du Basarasek. Itaun asko daude oraindik. Txertoa hartu duten guztiek «antigorputzak» sortuko dituzten ikusi behar da aurrena; gero, zenbat irauten duten. «Oraindik oso goiz da erantzuteko». Ezin da jakin txertoaren zenbat dosi beharko diren ere.