iritzia
Ez zaituztet ulertzen
Diego Pallés Lapuente
Horietan, ordenagailua telebistara konektatu eta mapa, testu eta argazki zaharrez hornitu ditugu atzoko eta gaurko kontuak. Pantailatik, besteak beste, Caceresera joan gara bisita birtual bat egitera beren sorterriko kalean barrena —«Ai ene, etxeko atea irekita utzi dugu!»—, zenbait hizkuntzaren pitintxo bat ikasi dugu —«Sinestea ere badela horrela elkar ulertzeko gai den jendea...»—, astronauta batzuek azaldu digute nolakoa den eguneroko bizimodua espazioan —«Hori guztia ordenagailuekin egin dute»— eta, bide batez, Lurraren esferikotasunari buruz dugun betiereko eztabaida mamitsua berriro piztu dugu horrekin.
Amonak bazekien bere aitak lursailak okupatu zituztenetako matxinoa izan zela 1936ko martxoan, Extremadurako hainbat nekazariren antzera, baina lehenbiziko aldiz ikertu dugu zertan zetzan benetan hango hura, garaiko argazki eta idazkien laguntzaz. Nor eta bere aita ia sekula ez aipatutako ekimen horien parte izan zela sinestezina zitzaion, horren moduko ausardiak bera jaio eta geroko kontuak balira bezala.
Aitonak beti antzeko eszeptizismoa adierazi du herriko zubi erromatarra orain dela 2.000 urtekoa dela komentatu diodanean —«Hitz bitan, Kristoren garaikoa, aitona»—, baina inoiz ez ikusitako zalantza-aurpegia jarri du komentatu diodanean ondoko iruinarriak 6.000 urte zituela; beharbada, horrelako antzinatea estreinakoz irudikatzearen ondorioz.
Inoiz baino kontzienteagoa izan naiz Ludwig Wittgensteinek esan zuenaz: lehoiak hitz egin ahalko balu ere, ez genuke bere solasa ulertuko, hain desberdinak bailirateke bere kultura eta bizitakoak. Inoiz baino kontzienteagoa izan naiz geure arteko maitasunaz, horrek ahalbidetu baitigu adinkideekin hitz egiteko baino askatasun handiagoa, desberdintasunak desberdintasun. Eta inoiz baino gehiago kezkatu naiz etorkizunean jendeak haien mundu-ikuskera imajinatu ere ezingo lukeela pentsatuz.
Baina abuela Cariño eta abuelo Juan, aurreko bizitza ezagutzeaz gain, askoz gauza harrigarriago baten lekuko izan dira: gaurko gizartera egindako jauziaren lekuko. Galduko ote dugu, haiek bezala, geure mundua aldatu edota mantentzeko ahalmena?