bizigiro
LEIRE VILLANUEVA 'ISEO'
«Irakurtzea mugitu gabe bidaiatzea da»
Olatz Silva
Zer ematen dizu irakurketak?
Galdera izan beharko litzateke zer ez didan ematen, ezin baitut esaldi motz batean laburtu. Irakurketarekin egiten dudan lehendabiziko gauza bidaiatzea da. Sofan, aulki batean edo ohean, sekulako bidaiak egin ditzakegu. Hori da irakurketaren magia. Bidaiatzeaz aparte, asko ikasten dut. Gurea ez den ahots bat irakurtzen ari gara; ez dugu gure bizitza irakurtzen, gainontzekoen bizitza baizik. Gai baten beste ikuspuntuak ezagutzea oso aberasgarria da.
Zer liburu mota gustatzen zaizu?
Alde batetik, saiakerak gustatzen zaizkit: feminismoa, historia, artea, baita psikologiari buruzkoak ere. Beste aldetik, eleberriak.
Liburu bat aukeratzeko momentuan, zeri jartzen diozu arreta?
Ez dut asko ikertzen. Batzuetan izenburua begiratzen dut. Izenburuak esaldi batekin harrapatu behar du irakurlea. Beste askotan, gomendioak eskatzen dizkiet lagunei, baita nire sareetan ere. Asko gustatzen zait gomendioak eskatzea, baita nik lagunei liburuak gomendatzea ere; horrela, bidea pixka bat ziurragoa bilakatzen da.
Zer hizkuntzatan leitzen duzu?
Gehienbat gazteleraz, baina baita ingelesez eta frantsesez ere. Jatorrizko hizkuntzan irakurtzen saiatzen naiz. Euskaraz hitz egiten dut bai aitarekin, bai Iruñeko lagunekin, baina egia da aspaldi ez dudala ezer euskaraz irakurri. Berriz aktibatzea gustatuko litzaidake.
Loturarik al dago irakurtzen eta abesten duzunaren artean?
Irakurketa eta musika erabat lotuta daude. Inspirazioa irakurketan aurki dezaket; nobela batean istorio bat aurkitzen badut, abesti batean kontatzen dut. Psikologiari buruzko saiakera bat sentimenduei buruz ari bada, hori ere erabili dezaket. Bien arteko lotura, beraz, erabat zuzena da. Hala ere, uste dut inoiz ez dudala liburu bateko esaldi jakin bat zuzenean nire abestietan txertatu.
Berriz irakurtzeko libururik?
Ez dut askotan egiten. Duela gutxi, Wayne Dyer idazlearen Your erroneous zones saiakera irakurri nuen, eta itzela iruditu zitzaidan. Oraindik irakurtzen nengoen bitartean, liburu hori behin baino gehiagotan irakurri behar dela pentsatu nuen, informazio pila bat zuelako.
Libururik idaztea pentsatu duzu?
Ez dut horretan asko pentsatu, baina burutik pasatu izan zait. Ez dakit egingo ote dudan, baina, inoiz gertatzen bada, modu naturalean egingo dut, neure burua behartu gabe.
Zer esango zenioke irakurtzea gustuko ez duen norbaiti?
Irakurtzea mugitu gabe bidaiatzea da, baita barrura bidaiatzea ere. Irakurtzen dugunean, musika entzuten dugunean edo pelikula bat ikusten dugunean, hori guztia geure barrura eramaten dugu. Oso zaila da gure bizitzara ez ekartzea. Irakurtzean ere hori gertatzen da: geure bizitzari eta guri buruz pila bat ikasten dugu.
Zer garrantzi dauka irakurketak gizartean?
Irakurketak hobetu egiten gaitu gizarte gisa; adituagoak egiten gaitu. Gainera, besteen ahotsak irakurtzen ditugunez, beste ikuspuntuak ikasten ditugu.