bizigiro
«Makiaren kide izan ninduzun Ospitalepean, presoner Ravensbrücken»
Miel A. Elustondo
tonba handi ederrean
zizelatua gotorki
hau zuen utzi
Alemanen kontrako gerla hasi zen denboran, Parisen ari nintzaizun zerbitzari, familia diharü handiko batean. Ene anaia gehiena, Pierre, gerlako presonera zen. Bestea, François, Vichyko gazteria talde batean lan egiterat deitua zuten. Aita-amak ez ziren aberatsak, eta beren buruak bortxatuak ikusi zituzten ostatuaz arduratzerat. Ordea, bazuten adinik, ez zuten lana berek bakarrik egiten ahal, eta etxerat itzultzea galdatu zidaten. Eta hala itzuli ninduzun 1939an Parisetik Ospitaleperat. Etxeko ostatuan nintzen lanean 1944ko ekainaren 27an presoner altxatu nindutelarik.
1940an, nonbait hor, gure ostatua ontsa ari zen. Bagenituen gisa guzietako bezeroak, Ospitalepekoak, bistan dena, baina baita arrotz jendeak ere. Haietarik batzuk Alemaniarat lanerat igorriak izan nahi ez zuten gazteak ziren. Beste batzuk, Gurseko zerrategiko presonerak. Gurs ez duzu Ospitalepetik lau kilometrotarat baizik, eta ehunka espainiar errepublikano eta judu zenituen han zerraturik.
Hatsarrean, zerrategitik ilkitzeko baimena behar zizuten. Oroit naiz zenbait aldiz hamabost pertsona ere heldu zirela gure ostaturat, Gurseko zerrategiko internoak denak. Aise zen juduei atsegin ematea, gure zopa min eta bizia maite ukan baitzuten. Zerrategiko zaintzaileak ere izaten ziren gure ostatuan. Orotarik bagenuen eta ontsa zen.
Nire neba François makiekilan bat egiten Ospitalepean lehenetarik izan zen. Pasta hori ukan zuen Françoisek. Nik, haatik, nezakeen guzia egin nuen berari laguntze alderat, maitasunez bezainbat, ororen gainetik munduaren gure parte ttipia libratzen lagundu nahi nuelako. Esku hartu nahi nizun, eta, egun oroz, gerlaren gaineko berriei jarraikitzen nintzaien irratiz. Radio Londres zen. Banekien liberazio eguna huilan zela, eta arriskuak hartzeko prestik ninduzun, baina, egia erran, ez nuen jinen zitzaizkigun ondorioez hanitx pentsatu.
Eta, orduan, egun hura jin zen.
1944, ekainak 27
Ekainaren 27an, goizeko lau orenetan, jendeak oro lotan goxo zirenean, gure atea kolpatzen zutela entzun nuen, baten bat tarrapataka eta heiagoraka. Bat-batean jakin nizun nor zen, eta ene neba atzartzerat joan nintzaizun korrika. Doi zen eskapatu etxearen gibeletik! Gainerateko kideak oharrarazterat joan zen.
Atea ideki nuelarik, bi gizon ikusi nituen ene aitzinean: bata aleman soldadua zen; bestea, zibila. Haien ondotik, soldadu haboro azaldu ziren, sartu ziren eta barnerat bultzatu ninduten. Etxeko lau oheak ikusi zituzten, baina, tenore hartako, gu han ez ginen hiru baizik, anaia eskapi zenez. «Non da ments den pertsona?», galdatu zuten orduan. Bistan zena, anaiaren xerka heldu ziren. Ez genekiela, arrapostu eman genien. Eta arragaldatu zuten, eta aldikal borraz krudelki jotzen gintuzten. Handik, eliza ondorat eraman gintuzten bortxaz. Etxeak oro miatu zituzten herrian, eta etxeetako gauzak oro deboilatu. Ehunka ziren aleman soldaduak. Eta haserre eta espantuka ziren, ez baitzuten makietarik batto ediren, guk gordeak genituen haietarik. Ez ziren kontent, baina errabiatuak, eta etxe nahiz altzari, dena arpilatu eta harrapakatu zuten. Haatik, nahi zuten oro berentzat hartu ondotik! Gure arnotik ere gogo onez edan zuten, ez guti, eta nahi ukan ez zutena bazterrerat aurtiki zuten.
Eguerdiko biak arte Ospitalepean eduki gintuzten. Ondotik, kamioietan sarrarazi gintuzten. Batean, hiru emazte ginen: ama eta biak, eta gure auzo Aimée Larlus. Gizonak beste beribil batean eraman zituzten, baina ez dakizut norat. Gu hirurak Miarritzerat eraman gintuzten, galdatuak izaterat. Makiak non ziren jakin nahi zuten, eta gure herrian nor zen makietarik. Guk ez baikenuen deus erraten, bortizki kolpatzen gintuzten. Ororen gainetik, bazen aleman bat besteak baino gaiztoagoa, hark erran baitzigun behin baino haborotan ene anaia François exekutatu zutela.
Hemezortzi egunen buruan, Bordelerat eraman eta tren batean sarrarazi gintuzten, norat gindoazen ez genekielarik. Zazpi ehun preso ginen, omen, behiarendako bagoietan, eta haietarik 62 emazte gintuzun. Trena ez zen han eta hemen gelditzen baizik. Beroa zen sufriezina. Ez zen ur ez hazkurririk. Egarria zen alimalekoa.
Ravensbrückeko zerrategia
24 egunen buruan, Dachaurat (Alemania) heldu gintuzun. Fite, Ravensbrückerat (Berlin, Alemania) igorri gintuzten, lanealat. Egunean goilarekada zopa eta ogi beltz eta idor zati bat baizik ez genuen hazkurri. Hotzak hilak ginen gauez, eranzterat bortxatuak baikinen. Egun batez, gure ama arrajanzten entseatu zelarik, SS-etako emazte batek ikusi eta bortizki jo zuen, eta, ni, alaba ninduela jakinez, so egiterat bortxatu ninduen. Fisikoki nahiz psikikoki nehoiz bizi ukan dudan minik azkarrenetarik izan zen.
Goizean goizeko deia zen gaiztoena. Goizeko hiru orenetan, ilun eta hotza oin-zoletarainokoa, bortxatuak ginen barrakatik ilki eta horma baten kontra lerroz lerro ezartzerat. Han egon behar genuen, higitu gabe, deus esan gabe, orenak eta orenak, oinutsik, izan zedin euri, izan zedin elur, SS-etako gizon eta emazteek armaturik gu beha.
Gau batez, barrakatik landa lerroz lerro ezarriak ginelarik, zorurat heldu zen Aimée Larlus. Ene gibelean zegoen xutik, eta, bat-batean, plaust! Epilepsia zuen, eta pilulak behar ukan zituen. Baina zerrategirat sartu gintuztelarik, pilulak oro kendu zizkioten gure auzoari. SS-etako emazte batek Aiméeren identifikazio nonbrea hartu zizun. Ondoko egunean, lerrokatzeko deia egin zutelarik, Aimée lerrotik bazterrarazi zuten, eraman, eta ez genuen nehoiz arraikusi. Erraustegien ondoan ginen, eta egun oroz aditzen genuen haragi errearen usaina.
Biga hilabete, edo hiru, igaran ziren, eta bi multzotan banatu gintuzten orduan: lanerako aski osasuna zutenak ziren batean; bestean, hiltzerat joatekoak. Lerroan biluzirik, mediku azterketa igaran behar genizun. Medikua, mahai baten gibelean. Guk, esku ahurrak erakatsi behar genizkion. Gisa horretarat erabakitzen zuen laneko ginen, edo erraustegiko. Nik ene eskuak medikuari erakutsi ondotik, amaren aldi zen. Hark amaren eskuei behatu eta keinu egin zuen aitzina joan zedin. Fite bazterrarazi nuen ama. Jinkoari esker, medikuak ez zuen burua jaso. Bestela, ilezuridun emazte ahul sobera adintsua ikusiko zukeen.
Amaren arrangura
Ororen gainetik, amaren arrangura nuen, ene buruarena baino haboro. Airekoen fabrikan lan egiten genuen, zenbait aleman zaharrekilan. Atseginak ziren gurekilan, nahiz debekua zuten guri janik ematea. Eta, bestalde, han ziren beti gu begira SS-ak. Fabrikan ama zaharrenetarik zen, eta behin baino haborotan, jendeek erran zidaten ez zuela luzaz iraunen. Mirakulua izan zen alemanek ama tenore hartan ez hiltzea.
Puru infernua zen zerrategia eta, gainerat, alituek bonbardatuak ginen. Bonbak aditzen genituen, nonbait han, urrun, lehertzen zirela. Sirenaren hotsa izugarria zenuen. Ene ama arrabots hark traumatizaturik izan zen bere bizi guziko.
Egun batez, barrakan gu, bonbardatzeak atzarri gintuen. Gauerdi iria zen. Hamabi oren jarraikian lan egin genuen eta argitasunak atzarri gintuen. Gure barrakan jauzi zen bonba bat. Berrogeietan hamar emazte hil zituen. Zoriz, barrakaren beste aldean gintuzun, baina hura izua! Orduan, beste bonba bat zartatu zen, eta zuloa ideki zuen horman. Pentsatu genuen eskapi joatea, baina barrakatik landa infernua zen! Ez zen sua baizik ikusten. Zuhaitzak sutan, eta ibaiko txalupak ere! Ke beltza zen alde guziez, ez zen arnasa hartzen ahal ere. Kanpoan nintzelarik, ama ments nuela ohartu nintzen, eta barnerat arrajin nintzen, su artean, xerka. Miarritzeko beste presoner batek kanporat ilki nadin bortxatu ninduen. Suak harturik nituen janzkiak. Kanpoan, ama kausitu nuen. Hura bakea! Bera ere nire xerka ibilia zen, izuturik.
Libro, azkenean
Zerrategiko azken hilabetea lubakiak egiten igaran genuen Berlin irietan. Alemanek errusiarren inbasioa gibelarazi nahi zuten. Egunean hamabost kilometro baino haboro egiten genituen, lubakia baizik ez genuen egiten. Oinak, odolduak. Aliatuen bonbaketariak gure buruen gainean zebiltzan, baina alemanek debekua ezarria ziguten batto ere pausa gintezen. Behar zenuen higitu. Zaintzaileek gure aitzinean jaten zuten, guk haboro sufriarazteko. Guk, goilare zopa baizik ez genuen jateko. Engoitik, ez zen ogirik. Ondoko aldi batean, Oranienburgorat (Alemania) eraman gintuzten gutiz haboroenak, eta, handik, oinez, 350 kilometrotarat. Oinez ibiltzen ahal ez zirenak zitalkeriaz jotzen zituzten.
Bidea gorpuz betea zen; gizonak ziren haboroenak. Amari sokorri ematea baizik ez nuen buruan, oinak odoletan baitzituen, eta erreumatzarra. Puru, presoner zenbaitek ama eramaten lagundu ninduten. Gauez, oihanean lo egin genuen. Goizean atzarri ginelarik, zoruan inguruan ikusi genituen burukoak, armak eta gas maskak. Zaintzaileak partituak ziren. Fite, errusiar tankeak ikusi genituen. Guziz atsegin ziren gurekilan. Beren barraketan ezarri gintuzten. Baziren han jangela eta logelak! Janaria goxo zen, gure sabel delikatuek aisa jatekoa. Ama eta biok purki ahul baikinen, etxerat igorri gintuzten, mementoko. Holandarat eraman gintuzten kamioian, Lillerat (Frantzia) gero. Han, bainatu ginen eta janzki garbiak eman zizkiguten. Ordu arte, buhameen gisarat gintuzun, mihise handiak itsuski jantziak bezala.
Lillen trena harrarazi ziguten, Bordelerat (Akitania). Handik, Maulerat. Eta hango geltokian, ezustean, jendeak gure haiduru. Jende paketa bazen han! Eta han zen ene anaia François ere, negarretan gaizoa. Medikuak autoan sartu eta Ospitaleperat eraman gintuen. Ostatuan, aita! Alemanek presoner altxatu zutelarik, Bordelerat eramana izan zen, baina herria liberatu zutelarik, etxerat itzuli ahal izan zen. Beti bezala ari zen aita, suaren aitzinean ezarririk jaten. Hunkituak ginen denok, bizirik, oro elkarrekilan. Alemanen zerrategitik ilki eta ostaturat heldu ginelarik, 28 kilo pisatzen zuen amak, 27 nik. Ororen gainetik, oinak genituen zauri minetan.
Egunen buruan, anaia Pierre ere itzuli zen; Alemaniatik, erran nahi baita.
Gerlaren deskalabrukeriak oro gainditu genituen.
Andredena Mariari esker onaren emateko, Pierre eta biok Lourdeserat joan gintuzun pelegrin.