astekaria 2020/08/07
arrowItzuli

mundua

Inurri erraldoia

Urtzi Urrutikoetxea

Inurri erraldoia Urtzi Urrutikoetxea

Grazia Deledda kalean daukagu ostatua. Sardiniako herri guztietan bada 1926an Nobel saria jaso zuen idazlearen kalerik. Antonio Gramsci ere eman zuen uharte liluragarri honek. Munduko aitortza jasotako erraldoiak, aberria sarri ahoan, baina ia beti metropoliaren hizkuntzan. Duela bi hamarkada antzeratsu egin nuen hainbat astetako bidaia luzea: gazteari ezin kitzikagarriago eta apurtzaile zitzaizkion Amsterdam eta Kopenhage lotu genituen. Bidean, gure esperientzien antzik izan zezaketen herrietan ibili ginen Herbehereetako kostaldetik Danimarkako mugaraino, kanal, behi eta bizikleten artean frisieraren ekintzaileak ezagutzeko asmoz.

Alpeetara hurrena, Suitzako ostatu xumeenerako ia sosik ez, baina Grisoietako erromantxeak zertan ziren jakin guran. Estatu aberats eta demokratikoetako hizkuntza gutxituak ziren, estatuaren onarpena eta babesa zeukaten, baina makal sumatzen genituen. Baziren aldizkariak eta eskolak, kale eta bide-seinaleak elebidunak ziren, baina alemana edo nederlandera edo beste hizkuntza handiren bat zen beti nagusi, handiago, gailen. Ondorioa ez zen hutsala: estatuaren aparteko oldarraldirik gabe ere, hizkuntzak atzerantz zirudien. Belaunaldi berriek jakingo zuten gehienez ere, baina arazorik gabe ziharduten estatu-hizkuntzan, ez zien inolako zimikorik sortzen. Ez zuten liburu beltzik. Memoria bai, estatu demokratikoenak baditu historian orrialde itsusiak. Eurek ere ez zuten doan lortu zeukatena. Baina XXI. mende hasiera hartako errealitatea oso bestelakoa zen. Baziren urratsak, egin dira gerora ere, baina hain dira xumeak, eta hain da handia asimilazioaren olatua.

Aurretik bisitatu genituen Irlanda, Bretainia, Asturias (geroko utzi ditut katalanak); hobeto ezagutzen genituen ingelesa, frantsesa eta espainola gailentzeko inperialistak. Kontinentez aldatuta Ameriketan aurkitu genuena, zelan esan, hizkuntzaren aurretik beste dozena bat auzi ezartzen dituen —espainolez ezartzen dituen, alegia— gizarte zibila behin eta berriz. Larrekoa erabat onenean, eta ez beti; noranahikoa, ia sekula ez. AEBetan, hondamendia ia gauzatua da, kasinoak edo genealogia eta bazterketa soziala, bai, libre zara hizkuntzari eusteko, baina norbanakoaren askatasunak ozeano anglofono indibidualista baten urtutako komunitatearekin egiten du beti topo.

Herriotako Txillardegi, herriotako Elbira Zipitria, herriotako Gabriel Aresti nor den, nor izan litekeen, nor dabilen arrasto horretan bilatzen saiatu gara. Gutxitan aurkitu dugu; azken batean, nork bere bidea egiten du, bere iturritik edanda, bere herriko tradiziotik bere herrira. Egin ditugu lagun interesgarri eta txundigarriak, langile nekaezinak komunitatean eta estatuaren aurrean. Baina Joan Maririk ez, ziur ezetz. Lorea Agirrek atzo jasotako ezaugarri horiekin komunitatearentzat lan egindakorik ez. Lider karismatikoak bai, inurri lanean dabiltzanak ere asko, taldean eragiten dutenak baita ere. Lider baino inurri diren eta liderren argitasunez tiratu baino lema bideratu eta laguntzen dakien figurak bakanak baino gutxiago, ia hutsak direla esango nuke. Joan denerako ere lan erraldoi hori bideratzen asmatu du, hurrengoei konfiantzaz ematen —ez da erraza, zure bizitzako lanaz berbetan ari zarenean, zure bizitzako lana besteek jaso eta zabaltzea ere badela aintzat hartu ezean—.

Gu ere bizitzan eta munduan zure antzera ibiltzen saiatzen gara, Joan Mari: xume, leziorik eman ez, eta ahal dela irribarrez. Harrotasun puntu bat: izango zen akatsik, baina besteek baino hobeto egin ditugu gauza asko. Bidean, gidari baino aldamenean langile edo, zergatik ez, askorik nabarmendu gabeko lemazain, zeu izateko zoria izateagatik. Stein kazetari eta lagun samia zuen aipagai atzo Laura Mintegik: haren eskutik bisitan etorritako 30 idazleek txundituta entzun zuten euskara batuaren prozesua, datak eta biltzarrak eta honen eta haren izenak. Baina kontakizunak badu beti ezkutukorik, kontziente ez zaren kontzientzia hori.

Lehenago behar genuen baina zuen aurkako krimenak bideratu zuen Euskal PEN sortzea, katalanen laguntzaz. Zenbat lagun ezagutu ditugun munduan hari esker, Egunkaria kasua eroaten, eta beste hainbat gerora, Nafarroako politika euskarofoboak, Frantziarenak —okzitanoekin batera egindako lanean—; baita ekartzen ere, kurduek ondo dakite zer den egunkaria ixtea eta kulturgileak, ikertzaileak, kazetariak espetxeratu, torturatu edo hiltzea, Musa Anterrekin gertatu legez —«nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, ziur aski zure estatua nire lurrean eraiki duzulako da»—, Diyarbakirren paramilitarrek bahitu eta biharamunean hilik agertu zen.

Lehendik ere esan beharko genien ziur aski adiskide katalanei, zuen alde, Egunkaria-ren krimena salatzeko hainbeste egin zuten lagunei: Joan Mari Torrealdairen moduko intelektual erraldoia atxilotzeko eta torturatzeko gai den estatuak ez du inolako zalantzarik egingo beharrezko deritzon indarkeria guztia erabiltzeko zuen egitasmoak bere estatuaren egitura astintzen duela uste badu. Eskerrik asko denagatik, Joan Mari.

BERRIAn argitaratua (2020/08/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA