ekonomia
Pertsianaren zama
Miren Garate
Autonomoen kasuan, hil horretako etekina pareka daiteke soldatarekin, fakturatu dutenari gastu guztiak ordaindu ostean geratzen den zatia. Eta fakturatutakoaren eta irabazien artean alde handia egoten dela nabarmendu du Ekizak. «Adibide erraz bat jarriko dut: webguneak egiten dituen batek zerbitzua bakarrik ematen du; ia ez dauka materialak erosi beharrik. Bada, mila euro irabazteko, 2.500 euro inguru fakturatu behar ditu». Eta gastuen zerrenda egin du jarraian: autonomoen gutxieneko kuota, ia 280 euro; PFEZa, fakturatutakoaren %15; lokal bat, gutxien-gutxienik hirurehun euro; Internet, berrogei euro; noizbehinka taxiren bat edo otorduren bat, 50 euro; argindarra; orri batzuk... Zehaztu du negozio motaren arabera asko aldatzen direla gauzak, baina kontatu du lana egin ahal izateko material asko erosi behar izaten duten autonomoek -garraiolariak, mekanikariak, igeltseroak eta abar- hamar aldiz gehiago fakturatu behar izaten dutela mila euro irabazteko.
Ekizaren hitzetan, buruan asmo batzuk egoten diren arren, hau da, soldata bat edo hilean kopuru jakin bat irabazteko nahia egoten den arren, horretara mugatzen da kontua: «Itxaropen bat da soldata hori, ilusio bat, proiektu bat, baina ez besterik. Segurua gastuak bakarrik izaten dira». Negozioan dirua sartzen dela ikusita irabaziak ere ondo doazela pentsatzeko arriskua egon daitekeenez, garrantzitsua iruditzen zaio inguruan aholkularitza ona izatea. «Ezinezkoa da guztia kontrolatzea: ea finantzaketa merke duzun, zer diru laguntza dauden, nola egin marketina...».
Diru galerekin hasten dute eguna, eta ordaindu beharreko horiek kontuan hartuta erabaki behar izaten dute zenbateko tarifa finkatu beren zerbitzuei, edo zenbat kobratu produktu bat. Cebrecosen hitzetan, gastu eta prezio guztiak nola koordinatu erabaki behar izaten dute. «Non irabazi ikusi, non galdu, non estutu... Azkenean, eskaeraren arabera jartzen ditugu prezioak». Alabaina, gero eta zailagoa da aurreikustea zer bilakaera izango duten salmentek. «Lehen, urte arteko konparazioak eginda, bazenekien maiatza ona izango zela, urria ere bai. Orain ez dugu halako jarraitutasunik: eguraldi ona, Athleticen partida... Hainbeste input daude eragiten digutenak».
Uste du jendea «low cost-arekin engainatzen» hasi zenean okertu zirela gauzak saltokientzat. «Normala ez den prezio politika eta ekonomia mota batera goaz. Ezin gara beti prezioak jaisten aritu». Azaldu duenez, zapata baten prezioa merkatu ahal izateko, esate baterako, hornitzaile ugari estutu behar izaten dira, pieza asko dituztelako oinetakoek -lokarria, zola, larrua...-, eta horietako bakoitza hornitzaile batena. «Eta zer gertatzen da? Estutu eta estutu, ezin dela kalitaterik eman prezio txikiagoan».
Gutxienekora iritsi ezinda
Besteren konturako langileentzat gutxieneko soldata bat bat dago finkatuta legez: Hego Euskal Herrian, aurten, 950 euro gordin baino gehiago ordaindu behar zaizkie lanaldi osoan aritzen diren langileei, gehienezko 40 orduko lanaldiarekin, eta hamalau ordainsari hartzen dira kontuan -hamabitan ordaintzea nahiago izanez gero, 1.108,33 eurokoa da gutxieneko soldata-; Ipar Euskal Herrian, berriz, 1.539,42 euro da kopurua 35 orduko lanaldirako, hamabi ordainketa kontuan hartuta.«Gutxieneko horren alde gaude, noski, baina aurtengo igoerak min egin digu. Kopuru hori ordaindu behar zaie langileei, baina enplegatzaileek beraiek, askotan, ez dute hainbeste irabazten. Horri ere begiratu behar zaio», esan du Ekizak.
Autonomoen batez besteko irabazien daturik ez dute Nafarroako ATAn eta Bizkaidendak elkartean, baina batak zein besteak baieztatu dute asko eta asko ez direla iristen gutxieneko soldatan ezarritako kopuruetara. «Are okerrago, dirua galtzen edo oso gutxi irabazten ere asko ari dira, ahal duten bezala irauten, agian 60 urte inguru dituztelako eta saltokia itxiz gero beste lanen bat aurkitzea zaila dutelako», azaldu du Cebrecosek.
COVID-19ak eragindako egoera dela medio, aholkularitza zerbitzu bat hartu zuten Bizkaidendak elkartean. 2.000 bazkide inguru dituzte, eta 4.000 dei jaso dituzte alarma egoeran. «Bagenekien gaizki geundela, baina ez genuen uste egoera hain txarra zenik». Martxoaren 14an jarri zen indarrean alarma egoera, eta azaldu du saltoki batzuek hilabete horretako autonomo kuota ordaintzeko adina ere ez zutela. Haren esanetan, horrek erakusten du egunean egunekoarekin bizi direla merkatari asko. «Orain dela hiru urte eskatu genuen autonomoentzako diru sarrerak bermatzeko errenta, eta jendea harritu egin zen, baina egoera halakoxea da».
Eta hobera ez baizik okerrera egitea espero du. Berriz ere konfinamendua etorriz gero «erabateko hondamendia» izango dela uste du, eta bestela ere zailtasunetatik ez direla libratuko. «Gure moduko jendearentzat arazoak orain hasiko dira batik bat, krisi ekonomikoaren eraginak jasaten hasten garenean; osasun pandemia izan beharrean, pandemia ekonomikoa izango da. Sumatu egiten da».
Bizkaidendak-eko lehendakariaren esanetan, kezka dago herritarren artean, konturatu baitira beharrezkoa dela aurrezki batzuk izatea, edozer gerta daitekeelako egun batetik bestera. «Ikusi dugu bi hilabeterako etxera bidalita gaizki pasatzen dela, eta zuhurrago dabil jendea. Horrek kontsumoa murriztea ekarri du». Konfinamendua amaitu berritan, gertuko saltokietan erostearen aldeko kontzientziazio bat igarri zuen. «Baina ahaztu egin zaio jendeari. Kosta ahala kosta, merkeena nahi du orain. Jendea ez da konturatzen hemen gaudela gure zergak ordaintzen, eta zerga horiek berriz ere sortzen dutela fluxu ekonomikoa herrian eta probintzian».
Bide beretik doaz Nafarroako ATAren aurreikuspenak. Barometro bat egin du herrialdeko autonomoekin, eta emaitza izan da iazko fakturazioaren erdia espero dutela; hain zuzen, %89,9k uste dute gutxiago fakturatuko dutela aurten. «Hori soldatetara eramanez gero, fakturazioa gutxitzen zaien horiek eta ixten dutenek zer soldata izango dute datozen hilabeteetan?». Era berean, %30ek erantzun dute enplegua gutxituko dutela. Hain zuzen, estatistikek erakusten dute jada hasi dela autonomo kopurua murrizten, baina batik bat udazkenera begira daude jarrita elkartean. «Negozio asko galduko direla uste dugu. Horregatik, bigarren aukeraren legea prestatzen hasi behar dugu berehala, orain ixten duten horiek berriz hasteko aukera izan dezaten». Uste du kulturalki oraindik zigortu egiten dela porrot egitea. «Beste herrialde batzuetan, balioa ematen zaio erori eta berriz hasteari. Hemen, ez: hemen, seinalatu egiten da. Hori aldatu beharra dago».
Jarrera kontua
Cebrecosek eta Ekizak azaldu dute negozioa itxitakoan ere ez direla amaitzen arazoak autonomoentzat, askok zorrekin amaitzen dutelako, eta horiek ordaintzen jarraitu behar izaten dutelako. «Enplegua erregulatzeko espediente batean sartutakoan, diru guztia langileentzat izaten da; gure kasuan, ez dago halakorik».
Etor daitekeenari begira jarrita, badituzte lagundu dezaketen zenbait neurri buruan. Autonomoentzako finantzaketa eskatu du Ekizak. «Funtsezkoa izango da». Eta kontatu du badagoela bereziki amorrua ematen dion kontu bat: udalen berankortasuna. «Fakturatzea kostatzen denarekin, kobratzeko arazoak izaten dira gainera. Ez dute legea betetzen, eta udalei banku lana egiten diete autonomoek». Zergekin du kezka Cebrecosek. «Egundoko presioa dugu, eta tristeena da orain ere guk ordaindu beharko dugula». Bide beretik, Ekizak nabarmendu du ez dela zergak igotzeko garaia, diru gehiago bildu beharrean kontrakoa izan daitekeelako ondorioa. «Negozio bat estutzen baduzu, ixtea eta enplegurik ez egotea lortzen da: ez autoenplegurik, ez besteren konturako langilerik. Batzuetan, diru gehiago lor daiteke jendeak lanean jarraituta».
Arazoak arazo, irrikaz hitz egiten dute autonomo izateari buruz, eta halaxe bizi dute beren egunerokoa ere. Edozeinek ezin duela autonomo izan dio Cebrecosek. «Zentzuduna izan behar da, aurrezki batzuk eduki martxan hasi aurretik, bideragarritasun plan bat egin, eta abar». Gaur egungo egoera kontuan hartuta, «ausardia» hitzarekin deskribatu du autonomo izatea. «Pentsamolde bat da, gogorra, baina baditu bere alde onak ere: adibidez, zeure buruaren nagusia izatea. Ilusioa beti eduki behar da; bestela, egunero 800 euroko zorrarekin hasten zarela pentsatzen baduzu, ez zara ohetik jaikitzen».
Ekizak uste du autonomo izatea «jarrera» bat dela, eta besteren kontura aritzen direnen eta norbere kontura aritzen direnen artean alde nagusi bat dagoela: «Soldatapekoek segurtasuna bilatzen dute, eta horrekin ez dut esaten konformistak direnik, denek nahi dutelako gora egin. Autonomoek, ordea, ezin dute segurtasun horren bila hasi, ez dagoelako». Ekintzaile hitza gustatzen zaio, negozio bati ekin eta batere segurtasunik gabe apustu horren alde egitea dutelako ardatz, «sabairik gabe».
Desio bat ere aipatu du: «Batzuetan nahiko nuke autonomoak izan diren agintariak edukitzea, zeren ez dute ezagutzen gaia, eta nahiko nuke gurearen moduko elkarteei ere gehiago entzutea».