astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

bizigiro

MIKEL MARTINEZ

«Obretan pasioa eta egia bilatzen ditut»

Amaia Igartua Aristondo

«Obretan pasioa eta egia bilatzen ditut»

Bakarra ezin hautatu, eta obra asko zerrendatu ditu Mikel Martinezek (Lizarra, Nafarroa, 1955) gustukoenaren inguruan galdetzean. Arte diziplina ugari ditu atsegin, oraingo eta lehengo sortzaileak... Emaitza askotarikoa da: Dario Fo eta Tadeusz Kantor antzerkigileak nahiz Barricada biltzen ditu.

Zer bilatzen duzu kulturan?

Emozioa sentitzea. Obra batean pasioa eta egia sentitzen ditudanean gertatzen zait hori. Niri abesti, dantza edo bestelakoek negarra eragin diezadakete, nahiz eta beste arrazoiengatik asko kostatzen zaidan negar egitea. Hunkitzen nau gauzak benetakoak direla sentitzeak; izan daiteke komedia, drama... Oro har, gustatzen zait zeozer esan diezadaten gizarteari buruz, edo harremanei buruz, edo niri buruz.

Diozu ezin duzula bakarra aukeratu. Musikan, adibidez, zeintzuk aipatuko zenituzke?

Gauza oso ezberdinak gustatzen zaizkit: Belliniren Norma opera, AC/DC, Anari, Javier Krahe, Laurie Anderson, Lou Reed, Itoitz, Ruper Ordorika... ez naiz aditua musikan, ez naiz musika kritikaria, baina badakit zerk hunkitzen nauen.

Eta literaturari dagokionez?

Liburuekin ezberdina da, autorearen eta irakurlearen artean distantzia handiagoa baitago. Musikan, interpretatzailearen aurpegiak, indarrak eta ahotsak laguntzen dute emozioa eragiten. Liburuek beste modu batera transmititzen dute. Adibidez, Augusto Roa Bastosen Yo el Supremo-n edo BeƱat Sarasolaren Deklaratzekorik ez liburuan badaude pasarte pare bat asko hunkitu nautenak, egoera baten deskribapenarekin arnasa geldiarazten dizutenak. Ezinegona sentitzen duzu, eta bukatzerakoan ia erreakzio fisiko bat duzu.

Pasarte horietako bat deskribatu dezakezu?

Yo el Supremo-k badu pasarte luze bat: gerra historiko batean girotuta dago; ez dago tirorik, pertsonaia basamortu batean dago bakartuta, eta egoera hori oso ondo islatzen du Roa Bastosek. Pasartea bukatu zenean berreskuratu nuen arnasa.

Gaizki pasaraztea ere eskertzen duzu?

Edozein emozio eskertzen dut: barrea, beldurra, nazka... Normalean emozio horiek ez dira hutsak izaten; egoera horietatik ikasi egiten duzu. Ez dira soilik denbora-pasa bat. Ikusi behar dut egileak dena ematen didala, eta hori teknikatik harago doa. Maria Callasen Norma operaren interpretazioarekin negar asko egin izan dut, baina ezingo nuke azaldu teknikoki zergatik iruditzen zaidan hain ona. Nik pasioa eta egia bilatzen ditut, eta horretarako konpromisoa eduki behar da.

Konpromisoa oro har, politiko-soziala...?

Normalean, dena lotuta doa. Konpromisoa dago zintzotasunean, transmititu nahi duzun hori transmititzean. Gero, politikoa izan daiteke kontatu nahi den horretan, baina ez du zertan gizartearen kontu bat ukitu. Izan daiteke harreman pertsonalei buruzkoa, eta horien ingurukoak benetan esatea ere konpromiso politikoa izan daiteke era berean, nire ustez. Politika oso zabala da.

Nola eragin dute horiek guztiek zure aktore jardunean?

Nik ez daukat aktore eskolarik; nire eskola da 40 urte daramatzadala antzerkia egiten. Obra bakoitzean ikasten duzu, baita beste aktore eta zuzendariekin duzun harremanetan ere. Hunkitu banaute, ez dakit zein teknika erabili duten, baina nabaritu dezaket aktoreak dena eman duela, biluzi egin dela. Eta, gogoa eta indarra ikusten ditudanean, nik ere hori egin nahi dudala pentsatzen dut. Aktore ona izateko, imitatzeko teknikaz aparte, pertsonaia zeure egin behar duzu, eta gero zure arimaren eta gorputzaren bitartez atera behar duzu kanpora. Eta hori maitasunez eta eskuzabaltasunez beteriko ekintza da.

Nola aldatu da zure gustu kulturala urteetan zehar?

Uste dut beti izan dela plurala. Hasieran, gauza gutxiago ezagutzen nituen, eta tokikoagoak ziren. Oso gazte nintzela, asko negar egiten nuen Bob Dylanen Pat Garrett & Billy the Kid albumarekin. Denetarik gustatzen zait hunkitzen banaute, eta orain hunkitzen nauten gauza batzuk duela hamar urte ezagutu ere ez nituen egiten. Ez da soilik obra konkretu batzuen kontua; estilo edo egiteko modu batzuk dira, baina hemen ere salbuespenak egon daitezke. Adibidez, zarata ez zait bereziki gustatzen, baina AC/DC eta Barricada bai, indarra antzematen diedalako.

Urteekin ezagutuz joan zaren artista eta obra berri horiek aldatu al dute zure antzezteko modua?

Bai. Uste dut gero eta aktore hobea naizela gero eta arte diziplina gehiago gozatzeko aukera izan dudalako. Gero eta emozio gehiago sentitzeko aukera izan dut, eta emozio horietatik nire bizitza pertsonalerako irakaspenak jaso ditut; horrek aktore hobea egin nau.

BERRIAn argitaratua (2020/07/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA