astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

gizartea

Gazteak: erruaren aurpegi berria

Andoni Rekondo, Maialen Arteaga

Gazteak: erruaren aurpegi berria

«Gazte batzuek egiten dutenagatik gazte guztiei arduragabe etiketa jartzea neurriz kanpokoa iruditzen zait», hori adierazi dio BERRIAri Mikel Martin hernaniar gazteak. Azken astean elkarri lotuta joan dira gazteak eta koronabirusa hitzak. Parranda giroan sortutako kutsatzeek ezbaian jarri dute gazteek gaitzaren inguruan duten ardura, eta positiboen datuak gazteen kontzientzia faltagatik izan direla esan dute askok. Eusko Jaurlaritzak neurri berriak jarri ditu martxan, tartean maskaren derrigorrezko erabilera. Baina gazteek harremanetan jartzeko dituzten espazio batzuk itxi dituzte foku gune direlakoan, eta tabernak, berriz, irekita daude oraindik.

Gazte perspektibatik, ordea, ez dira termino beretan mintzo. Nerea Lauzirika, Lierni Tolosa, Eloy Izagirre, Paula Martin, Uxue Yuste, Mikel Martin, Olatz Magunazelaia eta Naia Tolosa «errudun» rol horren zama duten gazte bizkaitar eta gipuzkoarrak dira. Zornotza eta Hernanikoak. BERRIAri azaldu diotenez, uste dute azken asteotan ezarri zaien «arduragabe» estigma hori ez dela bidezkoa: «Errudun izendatu gaituzte, eta neurriak eta bermeak jarri behar dituztenak dira benetan errudunak», adierazi dute.

Hedabideek azken asteetan eduki duten jokabideari ere erreparatu diote gazte horiek. Diotenez, gazteen artean arduragabekeria nagusitzen dela dioen ideia hauspotu dute, eta ardurak hartu behar dituztenengan ez dute halako interesik jarri. «Albiste erraza bilatu nahi izan dute. Jendeak errudunak eta erantzunak bilatzen ditu, eta hedabideek hori eman dute», adierazi du Mikel Martinek. Gainerakoak ados daude, eta gazteak jomugan izatea estrategikoa dela uste dute: «Oso erraza da gazteoi talde gisa errua botatzea, norberak eta goi karguek duten erantzukizunetik libratzeko» gehitu du Lauzirikak. Lierni Tolosa ere ados dago Lauzirikarekin: «Pisu guztia gugan jartzea arazoarengandik ihes egiteko biderik errazena da».

EAEko hauteskundeen osteko datuekin ere mesfidati agertu dira gazteak. «Sinesgarritasuna galdu» dutela iruditzen zaie Lauzirikari eta Izagirreri: «Maskara behar ez dela esateari utzi, eta maskara derrigorrezkoa dela diote orain. Bozak egiteko dena ondo zegoela zioten, eta orain amama eta aitita ez bisitatzeko esaten digute. Eta errua gazteona dela. Kontraesan handiak daude». Lauzirikari «grazia» egiten dio egoerak: «Osasun sailburua ari da esaten errua gazteok dugula, eta haren alderdiak, berriz, pandemian hauteskundeak egitea lehenetsi du».

Goi karguen jarrerak ez die konfiantza ematen: «Kontua da albistegietan esatea ez dagoela koronabirusarekin kutsatutakorik», gehitu du Lauzirikak. Magunazelaiak nabarmendu du gazteengan badirela koronabirusak sortutako beste albo kalte batzuk, baina horiei ez zaiela inon erreparatzen: «Milaka gazte depresioak jota egoteak ez die axola; COVID-19aren grafikoan goi karguen izenak agertzen ez diren bitartean, dena ongi».

Mesfidati azaldu diren gazte berberek autokritikarako tartea ere hartu dute. Kontziente dira egoeraren konplexutasunaz, eta, ahal den heinean, bakoitzak bere ekarpena egin behar duela dio Lauzirikak: «Gazteok ez dugu dena bikain egiten. Baina inor ere ez da ari dena ondo egiten; mundu guztiak bezala, ahal dugun guztia egiten dugu». Hala ere, autokritika horren haritik, interpretazio zabalago baten beharra dagoela azpimarratu dute. Arazoaren tamainari erreparatuta, gazteengan soilik zentratzea hutsegitea dela gehitu dute: «Batzuetan gehiegikeria batzuk gertatu direla? Bai, hori ezin du inork ukatu. Hala ere, autokritika zabalagoa egin beharko litzateke, denok jokatu behar baitugu arduratsu».

Adin bakoitzak harremanetan jartzeko forma, hizkuntza eta espazio berriak dakartza berekin. Agerraldi berrien aurrean, ordea, gazteen topaleku asko legez ixtera behartu dituzte, besteak beste udalekuak, gaztetxeak eta gazteen lokalak. Tabernak irekita daude oraindik, ordea: «Kontsumora bideratutako aisialdia da gelditzen zaiguna», adierazi du Izagirrek. Hori ikusita, jendez lepo egon dira azken asteetan herri eta hirietako tabernak: «Egia da tabernak gazte jendez beteta egon direla, baina hori da legez baimendu digutena», nabarmendu du Paula Martinek. Mikel Martinek ere beste irtenbide batzuen beharra dagoela uste du: «Gazteon beharrak ez dira kontuan hartu prozesuan zehar, eta kontziente gara behar horiek ez direla hain premiazkoak egoera honetan. Baina, orain, parrandarik ez egiteko irtenbideak eman beharko lituzkete».

Izagirre taberna bateko langilea da, eta egoera guztia perspektiba bikoitzetik bizitzea tokatu zaio: gazte eta tabernari ikuspuntutik. Adierazi du, gazteak ez ezik, helduak ere askotan ibiltzen direla taberna giroan: «Joan den larunbatean, lanean egon nintzenean, helduen bazkari ugari izan ziren, eta haiek aritu ziren poteoan. Baina ez daukate inoiz errurik. Errazagoa da gazteak seinalatzea».

Gainera, pentsatzen dute tabernak ez direla kutsatzeko espazio bakarra. Izan ere, helduen topagune izaten diren elkarteak, esaterako, irekita daude, gazteenak ez bezala. Hartutako erabakietan gazteen beharrizanak baztertu eta «bigarren mailan» utzi dituztela sentitzen dute zortzi gazteek.

Neska-mutilek aitortu dute segurtasun distantziak urratu izana ez dela izan «arduragabekeriagatik». Euskal herritarrek harremanetan jartzerakoan duten «hurbiltasunak» eragin zuzena duela uste dute: «Denbora pasatu ahala, zailagoa egiten da bi metrora egotea. Pertsona guztiok behar dugu kontaktua. Inkontzienteki gerturatuz joan gara, baina ez gazteak bakarrik; pertsona guztiek eduki dute bilakaera hori» nabarmendu du Mikel Martinek.

«Normaltasun berriak» lehengo bizi «arruntari» eutsi nahi izan badio ere, gazteak oraindik «arraro» sentitzen dira toki ohikoenetan.«Lasaitasuna ere galdu dugu; edozein plan egin, eta zerbait gaizki egiten ari zaren sentsazioa sartzen zaizu gorputzean», aitortu du Naia Tolosak. «Oraindik ere, aurrez aurre gaudenean ez dugu jakiten lagunengana hurbiltzea ondo dagoen ala ez», diote gazteek, ezjakintasuna adieraziz.

Harremanak itxialdian

Harremanek zeresan handia eman dute konfinamenduan. Aro teknologikoaren presentzia handitu egin da hilabete gutxi batzuetan, eta gailu teknologikoekiko menpekotasun eta beharrizana ere hizpide izan da gazteen artean. Ordura arteko kaleak zirenak sare sozial bilakatu zitzaizkien goizetik gauera: «Sare sozialen dependentzia izugarria izan dut, baina dependentzia hori harremanetan jartzeko beharragatik sortu da. Sare sozialak kale bihurtu ziren», kontatu du Paula Martinek, «bakardade sentimendua gainditzeko erabili ditugu», gehitu du. Itxialdian harreman telematikoak alternatiba zirela pentsatu arren, ez dira antidotoa izan gazteentzat; «garrantzitsuena» falta zela iruditzen zaio Yusteri: «Gertutasuna».

Itxialdiaren eragina etxekoekin edukitako harremanean nabaritu da. Aitortu dute gazte izanda «zailagoa» izan dela emozioak kudeatzea, eta etxekoekin harreman «gorabeheratsua» eduki duela gehitu du Izagirrek: «Gazteok kalean egoteko ohitura dugu. Lagunekin egon ez eta etxean ordu asko ematerakoan, umore aldaketa asko izan ditugu, eta gurasoekin talka asko ere bai».

Itxialdiaren arintze prozesua ere ez dute «zirudien bezain erraz» pasatu. Yustek adierazi du hasieran «modu positiboan» hartu zuela, baina ondoren «komeriak» eduki dituela: «Goizean edo gauean ordu gutxi batzuetan atera eta gainontzeko denbora etxean pasatzea gogorra izan zen. Gorabehera asko sortu dizkigu egoera horrek, emozionalki batez ere». Arintze faseetako ordutegiekin ere kexu ageri da Lauzirika: «Ordutegiak diseinatu zituzten horiengana egokitzen ziren, ez beste inorengana». Iruditzen zaie hartutako neurriak ez zirela moldatzen gazteen errealitatera. Izan ere, tabernetako kontsumo bidezko aisialdiak ziren baimenduta zeuden bakarrak, eta, gazteen esanetan, dirua tabernetan xahutzera «kondenatzen» zituzten. Hori ikusita, azpimarratu dute gazteak diru iturri gutxiko kolektiboa direla, eta horietako askori diru iturri «apurrak» eten egin zitzaizkiela itxialdian.

Hala, zortzi gazteek salatu dute goi karguek eta udalek ez dietela inolako aukerarik eskaini aisialdi «alternatiboak» edukitzeko. Eta, gainera, nabarmendu dute ikasketekin segitzeko arazoak ere izan dituztela.

Ikasketak, etxetik

Prozesu osoan zehar, garrantzi handia hartu zuten baliabide teknologikoek. Baliabide falta oztopo izan dutenen artean dago Izagirre, eta horrek bizitza telematikora egokitu ezin izatea eragin dio. Izagirreren etxean lau bizi dira: gurasoak eta bi neba-arrebak; guraso biek telelana zeukaten, eta bi neba-arrebek, ikasketak. «Bi ordenagailu genituen; beraz, ni sarritan ez nintzen konektatzen, iruditzen zitzaidalako aitaren telelanak nire ikasketek baino garrantzi handiagoa zuela». Antzeko egoera asko izan dituzte etxean: «Beste behin, arreba ezin izan zen klasera konektatu nik ordenagailua behar nuelako azterketa egiteko. Kaos bat izan da».

Lierni Tolosa gaztea ere ezohiko egoera batean harrapatu zuen pandemiak. Selektibitatearen ohiko urduritasunari egoeraren ezjakintasunarena gehitu zaio: «Selektibitateak ezinegona sortu du. Asko luzatu da denboran, eta informazio falta nagusitu da. Lau egun lehenago ez genekien azterketa non egin behar genuen ere». Selektibitatearen planteamenduarekiko ere zalantzak dituzte: «Iruditzen zait irakaskuntza aldatu egin dela, presentzialak eta telematikoak ez baitute zerikusirik. Horregatik, azterketak egiteko modua birmoldatu beharra dago», gehitu du Naia Tolosak.

Bi ondorio atera dituzte gazteek: egin diren ekintzetan «erabaki politikoak» daudela atzetik, eta erabakiguneetan ez dagoela gazterik. «Erraza da erabakiak burbuila batetik hartzea, baina gazteok ez gara erabakiak hartzen diren burbuila horretan bizi», diote gazteek, burbuila lehertu nahian.

BERRIAn argitaratua (2020/07/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA