astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

iritzia

Datorren ikasturteari begira

Koldo Tellitu

Datorren ikasturteari begira

Orain dela hilabete gutxi batzuk ikastoletan hausnarketa garaia ailegatu zela esan genuen, azken urteetan egindakoa baloratu eta hurrengoetan zer-nolako ekarpen eta protagonismoa eman behar genion hezkuntza sistemari. Horregatik jarri genuen martxan Ikastolen VII. Batzarrerako eztabaida prozesua. Zoritxarrez, COVID-19ak bertan behera utzi zuen abian jarritako prozesua. Baina gaur egun dugun perspektibak baieztatu besterik ez du egin hezkuntzaren inguruko eztabaida sakona behar dugula. Gertatutakoetatik ikasitakoarekin geure burua etorkizunera begira jarri behar dugu.

Egoera berezi honetan ikastolok (baita ziurrenik ere beste sareetako ikastetxe askok ere) eman dugun erantzuna bikaina izan da. Esfortzu kolektibo handia eskatu digu, baina halakoxea izan da gure komunitate osoaren ahalegina ere (irakasle, ikasle, familia, langile guztiena). Harro gaude egindakoarekin eta lortutako emaitzekin. Baina harago joan beharra daukagu.

Irakasleei tresnak eta gidalerroak eskaintzeaz gain, prozesua nola gauzatu behar duten erabakitzeko orduan lagundu egin behar diegu, eta oso ongi finkatu eragile bakoitzaren rola eta lana (irakasle, langile, familia…). Online klaseak, bideoak, tresna teknologikoak... erabili ditugu etxeetara iristeko. Baina gehiago sakondu behar dugu ikasle eta familiekin harremanak eta jarraipenak sendoak eta etengabekoak izan daitezen. Zenbat eta txikiagoa izan ikasleen autonomia (adinaren arabera), orduan eta aurrez aurreko dedikazio handiagoa eskaini beharko zaie ikasleei, baita beren familiei ere. Arreta berezia behar duten ikasleei begira, ezohiko egoeran ikasketa prozesuan atzera egin ez dezaten bideak aurkitu behar ditugu, eta baliabide bereziak jarri behar dira arlo honetan. Ikasle guztiekin harreman pertsonalizatua ziurtatu beharko da.

Ikuspegi pedagogikotik ere sakondu beharko dugu irakaskuntza telematikoen metodologian, egoera bakoitzean (aurrez aurrekoa edo telematikoa) metodologia eta material egokiak erabiliz eta zein neurritan erabili behar diren kontuan hartuta. Ebaluatzeko tresnak eta irizpideak ere egokitu eta gauzatu beharko ditugu, eta, horrekin batera, ikasleen arteko talde lanean fokua jarri behar dugu.

Itxialdi garaian areagotu egin zaigu lehendik ere nabarmena zen euskararen erabilerari eta kalitateari buruzko kezka. Heldu den ikasturtean, beraz, indartu egin behar dugu alor hau eta euskararen erabilera bermatu behar diegu gure ikasle guztiei (etxeko hizkuntza euskara ez denean batez ere), horretarako metodologiak eta material egokiak bilatuz.

Bestalde, ezin dugu aurrera jarraitu egoera honetara eraman gaituzten arrazoien irakurketa kritikoa egin gabe, ingurumenari egiten ari garen kalteari buruz (aztarna ekologikoa nola aldatzen ari garen barne), teknologiarekiko dugun mendekotasunari buruz, kontsumismoari buruz, bai eta herri gisa erantzuna emateko orduan izan ditugun gabeziei buruz ere. Gure ikasleei euskal komunitatearen parte sentitzen lagundu behar diegu, gure gizartean gertatzen ari dena egungo egoera errealetik abiatuta erakutsiz. Erabaki hartzaile kritikoak, sortzaileak, ekintzaileak... izaten lagundu behar diegu, ikaslearen irteera profilean zehaztuta daukagun moduan.

Ez da erraza izango. Hala eta guztiz ere, konbentzimendu osoa dugu aurrera egingo dugula. Asko ikasten ari gara (eta ikasiko dugu datorren ikasturtean), eta ziur gaude prozesu honetatik lehen baino indartsuago aterako garela. Betiere talde bezala erantzuten badugu, parte hartze prozesu zabalak martxan ipinita, erantzuna ezin baita indibiduala izan, kolektiboa baizik, langile, familia eta ikasleekin. Eta hau guztia gauzatzeko, egoera berrira egokitzeko, baliabideak beharko dira, eta horren finantzaketa administrazioak bere gain hartzea lortu beharko dugu.

Honek denak balio behar du gure hezkuntza sistema zalantzan jartzeko ere, bere osotasunean: egin diren lanak, metodologiak, ikasle-irakasle-familien protagonismoa, egituraketa juridiko zein laborala... Susmatzen genuen aldaketaren beharra; azken urte hauetan buru-belarri aritu gara ideia horrekin (konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza, ebaluazioaren aldaketa, ikasleen lekua ikasketa prozesuan….), baina gaur egun ezinbestekoa dela esan behar dugu, hori baita pandemia honetatik atera dezakegun ondorio nagusia: aldaketarik gabe, gure sistema porrotera doa.

Aldaketaren bidean hasi beharko dugu pausoak ematen, eta gure ustez lehenengoak Hezkuntza Legea behar du izan. Ez da nahikoa «akordio» batekin, ez da nahikoa erreforma partzialak edo koiunturalak egitearekin. Errotik aldatu behar da sistema. Bertan gauden eragile guztiok parte hartu beharko dugu eta gure ekarpenak egin beharko ditugu, elkarlanean.

Egungo hezkuntza-sistemaren zikloa agortuta dago; pandemia honek oso agerian utzi ditu gure sistemaren gabeziak eta aldaketarako premia. Ezin dugu jarraitu egoera honetan, bakoitza bere aldetik, bata bestearen kontra etengabe, norabide gabeko egoera batean. Gerta daiteke larritasun-egoeratik atera ondoren lehengo leku eta posizionamenduetara bueltatzea, baina horrek adieraziko luke ez dugula ezer ikasi. Gure gizartea hori baino helduago dela sinesten dugu, eta gure aldetik indar guztiak jarriko ditugu norabide aldaketa hori ahalbideratzeko.

BERRIAn argitaratua (2020/07/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA