astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

kirola

Bosgarrenez, Indurainen legea

Iñigo Lasa

Bosgarrenez, Indurainen legea

Esku bete Tour. Esku bateko hatz guztiak behar ditu Miguel Indurainek (Atarrabia, Nafarroa, 1964) lortutako Frantziako Tourrak zenbatzeko. Gaur bezalako egun batean, baina orain dela 25 urte, bere legea ezarri zuen bosgarren aldiz Tourrean.



Beste lau txirrindularik bakarrik lortu dute Parisko Eliseo Zelaietara horiz bost aldiz iristea, eta ez dira izen makalak: Jacques Anquetil, Eddy Mercx, Bernard Hinault eta Lance Amstrong. Segidan iristea, aldiz, Indurainek eta Amstrongek bakarrik lortu dute. Amstrongi, ordea, dopinarengatik irabazitako zazpiak kendu dizkiote. Txirrindularitzan etapa bakar bat irabazi ez duten ziklista asko dago, lehiakide kopurua handia baita, eta besteak gailentzea ez da erraza izaten. Indurainek, aldiz, etapak irabazi ez ezik, itzuli handiak ere aise irabazten zituen. Taldekide izandako Aitor Garmendiak ondo gogoratu du Indurainen nagusitasuna: «Guretzat Indurainek Tourra irabaztea normala zen, hain erraz irabazten zuela ikusita».

Lau Tour erreskadan irabazita, konfiantzaz gainezka iritsi zen 1995ekora. Lasterketa hura irabazteko faboritoa zen, eta konfiantza helarazten zien taldekideei: «Lasaitasuna transmititzen zigun Miguelek, eta horrek beste taldeko txirrindulariei konfiantza galarazten zien. Mentalki ere abantaila zuen».

Talde sendoak izan zituen Indurainen Banestok aurrean. Esaterako, Once taldea, ospe handiko txirrindulariekin joan zen Frantziara. Besteak beste: Laurent Jalabert, Erik Breukink, Neil Stephens eta Alex Zulle. Atarrabiakoaren morrontza lanetan aritu zen Ramon Gonzalez Arrietaren ustez, talde hori izan zen aurkari nagusia: «Oncek oso Tour ona egin zuen. Behin baino gehiagotan zaildu zizkiguten gauzak».

Lehen, sei etapak lasaiak izan ziren, baina zazpigarrenean, lasterketa irabazteko gogoz jarraitzen zuela argi utzi izan nahi zuen Indurainek. Liejako etapa hartan, Oncek lehen kilometroetatik hautsi zuen tropela. Nahasmen hori baliatuz, Indurainek erasoa jo, eta helmugara Johan Bruyneelen atzetik iritsi bazen ere, bere lehiakideei 50 segundoren tartea atera zien. Garmendiaren ustetan, «lehen abisua» etapa hartan eman zuen: «Besteak baino puntu bat gehiago zuela ikusi zen».

Erlojupekoa izan zuten hurrengo egunean. Garai hartan, orain egiten direnak baino luzeagoak izan ohi ziren erlojupekoak, 60-70 kilometrokoak izateraino; hori dela eta, garrantzi handia izaten zuten Tourren eta antzeko itzuli handietan. Indurain bere belaunaldiko erlojupeko probetan onena zen, eta hala demostratu zuen Seraingen amaitu zen etapan: erlojupekoa irabazi, eta maillot horia jantzi zuen. Bukaera arte kenduko ez zuena. Bjarne Riis (Gewiss) ezusteko lehiakide izan zuen Atarrabiakoak 54 kilometroko erlojupeko proban. Danimarkako txirrindularia, lan txukuna egin, eta Induraindik hamabi segundora geratu zen.

Goraka ere nagusi

Bakarkako lanetan ateratako aldeak, ondo baino hobeto kudeatu zituen Frantziako Tourreko mendate luze eta gogorretan. Igotzaile petoa ez izan arren, Gonzalez Arrietaren ustez, bikain ibiltzen zen mendateetan: «Igotzailerik hobenetariko bat izan da. Ez zitzaion gustatzen mendateetan bere ahalmena erakustea, baina onena zen».

Lasterketako estreinako erlojupekoaren ondoren, mendiko lehen etapa etorri zen, eta, han, sailkapen orokorrean aurreko aldean zen Alex Zulle ihesaldian sartu zen. Etapan zehar lider jartzea lortu zuen, baina azken mendatean Indurainek estutu egin zuen, erritmo bizkorra ezarriz bere tropelean. Beste txirrindulariek ezin izan zioten atarrabiarraren gurpilari jarraitu, eta mendate amaierara Zulletik bi minutura iritsi zen, maillot horia ederki babestuz.

Mendiko beste etapetan ez zuen aparteko arazorik izan. Sailkapen orokorreko txirrindulariak ez ziren lasterketaren lidergoa eskuratzeko gai ikusten, eta horrek gutxi erasotzera eraman zituen. Alpeetako eta Pirinioetako errepideetan gehien nabarmendu zen txirrindularia Marco Pantani izan zen, baina Italiako txirrindulariak ez zuen inongo momentuan maillot horia eskuratu ahal izan. «Pantanik ondo igo arren, erlojupekoetan denbora asko galtzen zuen, eta guk hori bagenekien; horregatik uzten genion alde egiten», dio Gonzalez Arrietak.

Aurrera jarraitu zuen Tourrak hurrengo egunetan. Lau etapa falta zirelarik, lider jarraitzen zuen Indurainek, eta, gainera, erlojupeko bat geratzen zen lehiatzeke. Itzuli handi bat irabazteko orain baino garrantzitsuagoa zen garai hartan bakarkako lanetan ondo moldatzea. Garmendiaren ustez, erlojupeko luzeek mesede egiten zioten Induraini: «Tourreko erlojupekoetan aldeak ateratzen zituen, ordu hartan hoberena zelako. Tourretan faborito ia denak ondo ibiltzen dira erlojupekoetan, irabazteko denean ibili behar da ondo, ez bakarrik goraka». Etxeko lanak eginda iritsi zen etapa hartara, gertuen zituen lehiakideak hiru minutura zeuden. Halere, ez zuen etapa irabazteko aukera joaten utzi, eta inork baino azkarrago amaitu zuen erlojupeko proba.

Horiz jantzita zeharkatu zituen Parisko kaleak, bosgarren aldiz segidan. Irribarretsu iritsi zen helmugara, historian arrastoa utzia zuela jakinik. Zulle eta Riis izan zituen kide podiumean, bigarren eta hirugarren postuan hurrenez hurren. 25 urte pasatu dira egun hartatik, eta Indurainek ezarritako errekorra inork ez du hautsi. Arauak ez dira aldatu, legeak berdin jarraitzen du.

BERRIAn argitaratua (2020/07/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA