astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

kirola

IñAKI OSA 'GOIKOETXEA'

«Pisu handia kendu nuen kantxara sartu nintzenean»

Mikel O. Iribar

«Pisu handia kendu nuen kantxara sartu nintzenean»

Abenduan jokatu zuen azken txapelketa IƱaki Osa Goikoetxea puntistak (Zumaia, Gipuzkoa, 1980). Sei hilabete luzez partidarik ezin jokatu ibili da, pandemiak eragindako etenaldia tarteko. Lehortea, ordea, joan den astean amaitu zitzaion Osari. Jai Alai World Tourreko Markina-Xemeingo (Bizkaia) Masterseko finalerdiak jokatu zituen Etxeto bikote zuela, Hormaetxea eta Lopezen aurka. Itzulera, baina, ez zen guztiz gozoa izan zumaiarrarentzat. Zazpi txapelketa jokatuko dituzte urte amaiera arte.

Denbora luzez partidarik jokatu gabe egon ostean, joan den astean itzuli zineten lehiara. Haren falta sumatzen zenuen?

Zalantzarik gabe. Azken hilabeteetako entrenamenduetan partida txiki batzuk jokatu ditut, baina, erritmoari dagokionez, oso ezberdina izan da. Pilotalekuko harmailak hutsik egon dira, eta presiorik ez duzu sentitzen.

Markinako pilotalekuan sartu zinenean, nola sentitu zinen?

Pisu handia kendu nuen gainetik kantxara sartu nintzenean. Urtea nola joan den ikusita, ez genekien denboraldia aurrera aterako zenik, eta puntistontzat nahiko gogorra izan da. Beraz, txapelketa jokatzea, eta ikuslearekin, gainera, oso pozgarria izan da. Berriz debutatzea bezala izan zen.

Nolako gorputzaldiarekin iritsi zinen lehen neurketara?

Kantxa zapaldu nuenean lasai nengoen. Partida aurreko beroketa saioan oso ondo sentitu nintzen. Baina ez zen edozein partida. Ohi baino tentsio handiagoa nuen, baita urduritasun apur bat ere. Ez nuen ongi pasatu.

Zergatik?

Nire jokoarekin ez nintzelako gustura geratu, eta ez nintzelako partida aurrean bezain ongi sentitu. Hormaetxea eta Lopez, gainera, beste inongo joko handirik egin gabe, gu baino gehiago izan ziren. Partida ona eta serioa «jokatu zuten, eta Etxetok eta biok haiek baino huts gehiago egin genituen. Espero dut hurrengo lehietan hobeto aritzea.

Lehen jokoan 15-10 galdu zenuten, eta bigarrenean, berriz, 15-7. Non egin zuen huts?

Nik nire bikotearekin asko hitz egiten dut partida jokatzen ari garen bitartean. Pilotak aldatu genituen, joko biziagoa nahi baikenuen. Baina kantxan ez genuen gure lekua aurkitu. Azkenean, aurkariek euren partida eginez garaitu gintuzten.

Publikoari dagokionez, %60ko ikusle kopurua izanda, nolako giroa bizi izan zenuten Markinako pilotalekuan?

Giro ona egon zen. Pena daukat partida ez zela agian gozatzeko modukoa izan ikuslearentzat. Tanto polit batzuk egin genituen arren, oro har, ez zen neurketa ona izan.

Oraindik sasoiko ez zaudeten seinale da hori?

Fisikoki, oso ondo ikusten naiz. Partidan ez nuen neke handirik sumatu, baina oraindik erritmo falta daukat. Uste dut datozen bizpahiru neurketetan erritmoa hartzen joango naizela eta besoa ere bere leku onera itzuliko dela.

Sasoia aurrera eramateko, beharrezkoa izan da pilotariek eta enpresak gerrikoa estutzea?

Esfortzua bi aldeetatik egin behar izan da. Okerrago izan zitekeen denboraldia zuri uztea. Erabaki oso garrantzitsua hartu da zesta-puntak bizirik iraun dezan. 2021ean, pandemiak ez badigu eragozten, ea normaltasun egoerara itzultzen garen eta denboraldi ikusgarri bat izaten dugun.

Osasun krisia bete-betean dela ere, urte amaiera arteko denboraldia izango duzue. Gutxienez, zazpi txapelketa jokatuko dira. Gustura zaude daukazuen egutegiarekin?

Ondo ikusten dut. Aurreko denboraldiak bi hilabetetan bakarrik zentratzen ziren: uztailean eta abuztuan. Aurten, ordea, hilabete horietan neurketa gutxiago izango ditugun arren, urte amaiera arte partidak jokatzeko aukera izango dugu. Hori bai, atsedena hartzeko tartea laburragoa izango da: astebete edo hamar egun, txapelketa bakoitzean noraino iristen garen arabera.

Partida kopurua nahikoa dela uste duzu?

Agian, partida gehiago jarriko nituzke. Baina, oraingoz, antolatzaileek ezarri duten kopuruarekin oso gustura nago, txapelketak hilabetero izango baititugu.

Bestalde, Zumaian eta Mutrikun txapelketak aurrera ateratzeko lanean dira. Zure herrian jokatzea nahiko zenuke?

Bai, noski. Etxean eta herritarren aurrean jokatzea beti da polita. Pandemiaren egoerak hobera egiten badu, txapelketa gehiago antolatzen aukera egongo da.

Zesta-puntak azken urteetan pisua hartu du. Puntista gisa, barrutik nola ikusten duzu?

Azken urteetan hobekuntza polit bat izan du zesta-puntak. Pilotalekuetara jende asko bildu da, baina momentu jakinetan. Ikusiko dugu denboraldi honek zer ematen duen. Denok gustura geratzen bagara, agian, datorren urtean zirkuitu luzeagoak egin daitezke. Hala, zesta-puntak indar handiagoa izango luke.

40 urte egin berri dituzu hil honetan. Ibilbide eta garaipen zerrenda luzea duzu. Pilotazaleek noiz arte ikusiko zaituzte?

Oraingoz, oso ongi sentitzen naiz kantxan. Joko ona erakutsi, eta lesioek oztopatzen ez natuen bitartean, lehiatzen jarraituko dut. Partidaz partida erabakiak hartzen joango naiz.

BERRIAn argitaratua (2020/07/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA