astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

kirola

Gailurrera iritsi da jada

Ainara Arratibel Gascon

Gailurrera iritsi da jada

Bere lehen entrenatzaileari hitzeman zion, eta lortu du. John Rahm golfaria lehen postuan da munduko sailkapenean, igande goizaldean PGA Tourraren Memorial torneoa irabazi eta gero, Ohion (AEB). Soilik 24 golf jokalarik lortu dute rankingaren lehen postura heltzeko balentria, eta hori lortu duten europarretan bederatzigarrena da Barrikakoa. 25 urte eskasekin egin du, gainera. Hunkituta, torneoa amaitu berritan, etxekoak izan zituen gogoan, NBC kateari egindako adierazpenetan. Euskaraz hitz hauek izan zituen gurasoentzat. «Aita, ama... Eskerrik asko. Eskerrik asko guztiagatik, benetan».

Sinetsi ezinda zegoen lortutakoarekin. «Ziurrenik, inoizko ibilbiderik onena egin dut. Denbora behar izaten dut gauzak barneratzeko, baina ezin dut ukatu lortu dudana garrantzitsua dela. Familiagatik nago batez ere pozik: amagatik, amonagatik... Izan ere, aste hauetan bi senide galdu ditugu koronabirusarengatik».

Lau urte eta hilabete bat pasatu dira Rahmek profesionalen zirkuituan debuta egin zuenetik. 21 urte baino ez zituen. Urte hauetan 11 txapelketa irabazi ditu. Memorial torneoa irabazteak 76 puntu eman dizkio, eta, guztira 460,82 batuta, Rory McIlroy irlandarra aurreratu du munduko sailkapenean. 11 aste zeramatzan hark lehen postuan (guztira, aurreko aldiak zenbatuta, 106). Aste gehien Tiger Woods egon da: 683.

Erregulartasuna izan da Rahmen ibilbidearen gako nagusia. Izan ere, 11 txapelketa irabazteaz gain, 48 aldiz lortu du hamar onenen artean sailkatzea. Soilik Justin Thomasek lortu du Rahmek baino trofeo gehiago altxatzea urte hauetan. Duela egun batzuk, argi zioen: «Lehen postuan egotea irabaztearen ondorio izango da, baina batez ere ondo jokatzearena».

Oraingoan presioari, haizeari eta euriari egin behar izan zien aurre garaipena eskuratzeko. Lehen erdian bikain aritu zen, bi birdie eginez. Bigarren erdian, ordea, bogey batekin hasi zen, eta bogey bikoitza egin zuen. 11. zuloan, gainera, lau jaurtiketa behar izan zituen parraren gainetik. Ryan Palmer aurkaria hiru kolpera hurbildu zitzaion. Baina garaipenak ez zion ihes egin. Azkenean, 279 kolperekin osatu zuen ibilbidea: Palmerrek baino hiru gutxiago. Munduko sailkapeneko lehen postuan jartzeaz gain, 1.674.000 dolarreko saria jaso zuen ( 1.464.000 euro).

Aitortu zuen ez zela garaipen erraza izan. Izan ere, euria dela eta, zelaia oso bizkor zegoen. Gainera, bi kolpeko zigorra jaso zuen hamaseigarren zuloan. Kolpe ikusgarria egin zuen Barrikakoak. Baina epaileek balio gabe utzi zuten, belarra zanpatu eta pilota mugitu egin zelakoan jo aurretik. Hala, birdie-a bogey bilakatu zen. Rahmek ez zion aparteko garrantzirik eman gertatutakoari. «Amaiera arte ez dut jakin zer gertatu den, oso sartuta egon bainaiz jokoan. Azken batean, ez du torneoaren emaitza aldatzen. Pena ematen didana da birdie-a mantendu ez izana, nire inoizko kolperik onenetako bat izan dela iruditzen baitzait». Zailtasunak-zailtasun, gakoa «lasai egotea» izan zela nabarmendu zuen. «Asko ikasi behar izan dut emozioak kontrolatzen. Hori izan da nire kirol ibilbideko erronkarik handienetako bat, eta uste dut txapelketa hau mugarri bat izan dela. Ziurrenik, gaur izan ditudan gorabeherak beste batean izan banitu, frustratu egingo nintzen. Baina jakitun nengoen hutsegiteak iritsiko zirela, eta eutsi egin behar niola».

Hemendik aurrera zer egingo duen galdetuta, ez zuen zehaztasunik eman. «Datozen asteetan erabakiko ditugu urte amaiera bitarte izango ditugun helburuak». Beti esan izan du, dena den, torneo handietako bat irabaztea gustatuko litzaiokeela.

Kolpe «ezinezkorik» ez

Ander Padura, Larrabea golf zelaiko arduraduna, «oso pozik» zen atzo Rahmek lortutako garaipenarekin. Han hasi zen jokatzen egungo munduko zerrendako lehen golfaria, eta zale talde bat du. «Goizalde osoan mezuak elkarri bidaltzen aritu ginen klubeko kideak. Gutxik sinesten zutena errealitate bihurtu du».

Padurak hori lortzeko gakoak azaldu zituen.«Teknikoki oso ona da; kolpe bikainak ditu. Baina batez ere psikologikoki duen indarra eta jokoa kontrolatzeko duen ahalmena nabarmenduko nituzke».Gainera, haren izaera lehiakorra gogorarazi zuen. «Harentzat ez dago kolpe ezinezkorik, eta, hori dela eta, batzuetan gehiegi arriskatzen du. Baina nor gara gu hari zerbait esateko, munduko onena izanda».

Orain ez dute hainbeste harreman, baina Euskal Herrira etortzen den aldiro ahalegintzen dira harekin egoten. «Hona etortzen denean oso denbora laburrerako izaten da, eta beti du egitekoren bat. Baina elkarrekin gaudenean oso atsegina da». Atzera begira ere jarri zen Padura. «Gogoan dut oso langilea zela, eta udan gurasoek etxe bat alokatzen zutela klubaren alboan. Ordu asko ematen zituen hemen».

Beste hainbat zorion mezu ere jaso zituen. Horietako bat izan zen Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariarena. «Ahaleginaren eta hobetzeko gaitasunaren emaitza da garaipen hau. Zorionak eta eskerrik asko Euskadi Basque Country izena nazioartean zabaltzeko lanarengatik».

Rahmek beti esan izan du oso athleticzalea dela, eta lagun handia du Aritz Aduriz. Hark ere idatzi zion mezu bat sare sozialetan: «Handian pentsatzea ez dago edonoren esku. Harro nago kirolari heltzeko duzun eraz. Zorionak».

BERRIAn argitaratua (2020/07/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA