astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

mundua

Egipto eta Etiopia aurrez aurre: uraren lehen gerra?

Ricard Gonzalez

Egipto eta Etiopia aurrez aurre: uraren lehen gerra?

SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna erori eta gero, 1990eko hamarkadan, analista eta komunikabide askok uste zuten baliabide hidrikoen kontrolak sortuko zituela etorkizuneko gerrak, eta ez ideologiak. Baina, hogeita hamar urte igaro, eta ez da hala gertatu; nazioarteko lankidetzaren bidez kudeatzen dira ibai arro transnazionalak. Dena dela, agian munduak inoiz ez du orain bezain hurbil izan uraren gerra bat; izan ere, gori-gori dago Etiopiaren Pizkundearen Urtegi Handia dela-eta Egiptoren eta Etiopiaren artean piztu zen gatazka. Urtegia eraikitzeko azken fasean daude, eta, joan den astean, Etiopia ur depositua betetzen hasi zela argitaratu zuten hainbat hedabidek, aurrez Egiptorekin akordiorik egin gabe hasi zela lan horietan, eta horrek hauspotu egin zituen liskarraren garrak. Ordu batzuk beranduago, Etiopiako Gobernuak gezurtatu egin zuen informazio hura.

Duela hamar urte sortu zen ika-mika Kairoren eta Addis Abebaren artean Nilo ibaiko ura dela eta, urtegi erraldoi hori eraikiko zutela iragarri zutenean: Afrikako eta munduko urtegirik handienetakoa izango da, 1.800 kilometro koadroko eremua eta 74.000 milioi metro kubiko ur hartzeko edukiera izango baititu. Elektrizitatea sortzeko erabiliko da nagusiki, Etiopiako Gobernuak uste baitu urtegia ezinbestekoa dela herrialdea garatzeko, hazkunde ekonomiko eta demografiko bete-betean dagoenez gero. Gainera, Pizkundearen Urtegiari esker, Etiopia gune energetiko bihur daiteke, eta aukera izango du inguruko herrialdeei elektrizitatea esportatzeko. Egipto, berriz, beldur da Nilo ibaiaren emaria asko murriztuko ote den; izan ere, Nilo ibaitik datoz basamortuz jositako herrialde horren baliabide hidrikoen %90 baino gehiago.

Sudanek ere parte hartu du bi herrialdeen arteko negoziazioetan, hari ere eragiten diolako proiektuak. Luzeak eta tentsio handikoak izan dira negoziazioak, eta ez dute akordiorik ekarri. Horregatik, Kairo ez da fio Addis Abeba asmo onez ari ote den. «Etiopiako Gobernuak ekintza burutuen politika aplikatzen du. Badirudi haren asmoa zera dela, negoziazioa luzatu, eta bitartean urtegia eraikitzen jarraitzea, hura kudeatzeko oztoporik ez izateko», salatu du Nader Noureddinek, Kairoko Unibertsitateko Baliabide Hidrikoen irakasleak. Susmo horiek egiaztatu egin dira; izan ere, Etiopiak uko egin dio hiru aldeek otsailean lortutako akordioari. Hilabeteak aritu ziren Washingtonen negoziazioetan, AEBak eta Munduko Bankua bitartekari zituztela. Aste honetan erabakigarria izan daitekeen bilera sorta hasiko dute Afrikako Batasunak babestuta.

Zerihun Abebek, Etiopiak urtegiaren kontua negoziatzeko duen taldeko kideak, irmo ukatu du salaketa hori: «Egiptoren borondate onik ezagatik, berekoikeriagatik eta diruzalekeriagatik ari dira huts egiten negoziazioak. Egiptok eta Sudanek aldebakarrez egin izan dituzte mugimenduak iraganean, eta, haiek ez bezala, Etiopia prest dago Pizkundearen Urtegiaren proiektu nazionala eztabaidatzeko eta negoziatzeko». Alfonso Medinillak, ECDPM think tank-eko ikertzaile eta Afrikako gaien espezialistak, ez dio sinesgarritasunik ematen Egiptoren bertsioari. «Negoziazioak ondo doaz aurrera, eta oso gai gutxitan dauzkate desadostasunak bi herrialdeek. Ez dago Etiopia asmo txarrez ari den zantzurik. Uste dut Etiopiak ere hitzarmen bat lortu nahi duela, nazioarteko presio gehiagorik ez izateko: akordioa behar dute garatu ahal izateko», esan du analistak telefono bidezko elkarrizketa batean.

Hiru aldeek negoziazioei berrekin zieten ekainean, eta AEBak, Europako Batasuna eta Hegoafrika behatzaile lanetan aritu dira orain honetan. Egiptok Etiopiaren gaineko nazioarteko presioa areagotu nahi du, eta horregatik sartu du tartean NBEko Segurtasun Kontseilua: kontseiluak gaia landu zuen ekaineko bilera batean. Ia hamar urte iraun duten elkarrizketak azken mugara iritsi direla adierazten du munduko diplomaziaren organorik garrantzitsuenak esku hartzeak; danbatekoz, desadostasunez eta elkarrenganako mespretxuz betetako hamar urte izan dira. Salbuespen gutxi izan dira: bat, 2015ean sinatutako Printzipio Adierazpena. Gatazka konpontzeko lehen pausoa izan behar zuen. Dokumentua, ordea, ez da batere zehatza, eta bakoitzak bere modura ulertzen du. Ur depositua betetzeko prozesuaren iraupena izan da eragozpen nagusia negoziazioetan, baina, dirudienez, ados jartzeko bidean dira: bost eta zazpi urte bitartean iraungo du depositua betetzeko prozesuak.

Gai zailagoak ere badaude, ordea: besteak beste, nola konpondu urtegiaren kudeaketak etorkizunean sor ditzakeen gatazkak, eta, bereziki, Egiptok zer ur emari jaso behar duen urtebete edo gehiagoko lehorterik badago. Azken gai hori funtsezkoa da, klima aldaketa dela eta. «Ikerketen arabera, %50 handitu daiteke Niloren emari osoaren urtetik urterako aldakortasuna, baina muturreko fenomenoak, hala nola lehorteak eta uholdeak, gero eta sarriago gertatuko dira», idatzi du Ana Elisa Cascaok Conflictos sobre recursos Naturales y el desarrollo sostenible [Natur baliabideen gatazkak eta garapen jasangarria] liburuan Pizkundearen Urtegiari buruzko kapituluan.

Arrazoi historikoak

«Gatazka hau oso konplexua da, arazo bakarra ez baita Pizkundearen Urtegia; arrazoi historikoak daude tartean, eta haien berri jakin behar da gatazka ulertu ahal izateko», adierazi du Medinillak. Egiptok, bere eskakizunak egiteko, britainiarren kolonialismo garaian lortutako akordio batzuk hartzen ditu oinarri; gero, 1959an, Sudanekin aldebiko hitzarmen batean eguneratu zituztenak, alegia. Dokumentu horren arabera, Egiptori 55.500 milioi metro kubiko dagozkio, eta Sudani, 18.500. Horri Egiptoko Aswango urtegi erraldoian lurruntzen diren beste 10.000 metro kubiko gehituz gero, ibaiak urtean izaten duen ur batezbestekoa osatzen da: 84.000 milioi metro kubiko. Abebe kexu azaldu da mezu elektroniko batean: «[Historikoki], Egipto eta Sudan alde bakarretik aritu dira; ekintza burutuez baliatu dira, eta azpiegitura hidrikoen proiektuak egin dituzte gainerako herrialdeekin hitz egin gabe».

Yasser Abbas Sudango Ur Baliabideen ministroa, Selshy Bekely Etiopiako Energia ministroa eta Mohamed Abdel Aty Egiptoko Ur Baliabideen ministroa, urtarrilean, Addis Abeban egin zuten bilera batean. STR / EFE

Nilo ibaiaren arroan dauden gainerako bederatzi estatuek (Burundi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia, Eritrea, Kenya, Ruanda, Hego Sudan, Uganda eta Tanzania) uste dute kuota horiek injustuak direla, eta horietako seik Entebbeko Hitzarmena sinatu zuten 2010ean. Hitzarmen horren helburua Nilo ibaiko uraren banaketa berriz zehaztea da. Nilo Zuriak eta Nilo Urdinak Khartum inguruan (Sudan) bat egiten dutelako da Nilo munduko ibairik luzeena, eta Nilo Urdinaren ibilbidean dago Pizkundearen Urtegia.

Egiptok eta Sudanek ez dute ezer jakin nahi Entebbeko Hitzarmenari buruz. Sudanek, ordea, jarrera aldakorra izan du Pizkundearen Urtegiaren gatazkan; inguruko herrialdeekiko harreman politikoak nola zeuden, horren arabera. Hasieran, mugak zedarritzeko gatazkak zirela medio Kairorekin tirabirak zeuzkanean, Khartumek Etiopiaren alde egin bide zuen. Sudanek ez dauka urtegi handirik bere lurraldean, eta, beraz, ez du inoiz kontsumitzen 1959ko hitzarmenean ezarri zitzaion 18.500 milioi metro kubikoren kuota. Horregatik, Addis Abebarekin akordio bat egingo balu, Pizkundearen Urtegian gorde ahal izango lituzke bere kuotaren soberakinak. Hala ere, Sudanek izan dituen aldaketa politiko sakonek bere kanpo politika ere aldarazi diote, eta, orain, Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Egiptok osatzen duten ardatzaren alde dago. Azken bileretan, Kairorekin elkartu, eta NBEra jotzeko erabakia babestu du.

Egipto, Niloren menpeko

«Egipto ezingo da bizi Nilo ibaiaren ur emaria asko murrizten bada. Ekonomia eta kontsumitzeko ura horren menpe dauzka», adierazi du Noureddinek, eta gogorarazi Egiptoko biztanle batek, batez beste, 500 metro kubiko ur dauzkala urtean; hau da, herrialde bat «estres hidrikoan» dagoela ebazteko NBEk ezarritako mugaren erdia. Katedradunaren iritziz, beharren arabera eta ur iturri alternatiboak dauden edo ez kontuan hartuta egin behar da banaketa: «Etiopiak bederatzi ibai dauzka, baita zenbait aintzira handi ere, eta euri asko egiten du han. Guztira, Etiopiako baliabide hidrikoak 122.000 milioi metro kubiko dira. Egiptok, berriz, 62.000 bakarrik dauzka, eta horietatik 55.5000 Nilotik datoz». Gaur egun, nekazaritza Egiptoko BPGaren %12 da, eta langileen %24 horretan aritzen dira. Gizakiaren lehen zibilizazio handia ezingo zen Egiptoko lur lehorretan sortu ondoan ur emari handiko ibai hori izan ez balu.

Etiopian, oso bestelako ikuspuntu batetik begiratzen diote egoerari. Iritzi publikoaren arabera, Egiptok badauka urtegi handi bat, Aswangoa, funtsezkoa herrialdearen garapenerako. Orain, Etiopiaren txanda da. «[Etiopian] 65 milioitik gora lagun bizi dira elektrizitaterik gabe. Ibaiak indar izugarria dauka. Denbora luzez, Etiopian giza krisiak eta goseteak izan dira nagusi. Hori aldatu beharra dago. Etiopiak nazio gisa iraungo badu, biztanleak pobrezia gorritik atera behar ditu, eta, horretarako, baliabide hidrikoak baliatu behar ditu», adierazi du Abebek. Etiopiako BPGa 780 dolar ingurukoa da per capita, Egiptokoa baino lau aldiz txikiagoa. Etiopiarrentzat, nazioaren harrotasun kontua bihurtu da Pizkundearen Urtegia eraikitzea. 4.500 milioi euro kostako da, eta, gatazka sortu duenez, Etiopiako Gobernuak arazoak dauzka nazioarteko finantzaketa eskuratzeko. Horregatik, gastuaren zati handi bat ordaintzeko, biztanleek erosi dituzten bonu patriotiko batzuk erabili ditu.

Hain zuzen ere, kontsultatutako aditu batzuen arabera, negoziatu eta konponbide bat lortzeko oztopo nagusia zera da, gatazka politizatu egin dela, eta horrek sentimendu nazionalistak hauspotu dituela bi herrialdeetan. «Egiptoarrek badakite, eta mundu guztiak ere bai, gerra nola egiten dugun egoerak hartara behartzen bagaitu», esan du duela gutxi Birhanu Julak, Etiopiako Estatu Nagusiko buruzagiordeak, Kairoko kazetarien inguruetan sumatzen diren gerra hotsei erantzunez. Etiopia da, Afrikan, guztiz kolonizatu ez zuten herrialde bakarra: harrotzeko motibo handia etiopiarrentzat.

Truke komertzial gutxi dago Egiptoren eta Etiopiaren artean, eta horrek ere zaildu egiten du konponbide irudimentsuak bilatzea; izan ere, ezin da beste bitarteko batzuen bidez konpentsatzeko modurik aurkitu. Esaterako, lur ureztatu gehiago izango lukeenez, Etiopiak modua izango luke Egiptori merkeago saltzeko elikagai batzuk: hain zuzen, Egiptok lehorteetan ekoitzi ezingo lituzkeenak Niloren ur kuota apalduz gero. Kuota horixe dute liskar-iturri nagusia.

«Egipto gerrara bultza lezakeen gauza bakarra ura da», esan zuen Anuar Sadat presidenteak 1979an, Israelekin Camp David-eko akordioak sinatu eta gero. Halakorik gerta ez dadin konponbideak aurkitzeko epea bukatzen ari da, eta Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministro eta 2019ko Bakearen Nobel saridunak urtebete dauka zerbait egiteko. «Uste dut hiru hilabete dela epea akordio bat lortzeko. Tarte horren ondoren, uraren gerra bat izan genezake historian lehen aldiz», ohartarazi du Noureddinek. Bi herrialdeek elkarrekin mugarik ez badaukate ere, beste tresna batzuen bidez gauzatu daiteke gatazka: esaterako, beste estatu baten bidez edo milizia baten bidez. Hain zuzen ere, ez da kasualitatea berriki liskarrak atzeman izana Etiopia eta Sudanen arteko mugan.

BERRIAn argitaratua (2020/07/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA