ekonomia
Xingolaren sustraietan barna
Julen Otaegi Leonet
Jada ezaguna da xingolaren gaitza 1940ko hamarkadatik Euskal Herrian, baina ustekabean hedatu zela adierazi du Xabier Zubiaurrek, ENBA sindikatuko eta Basozale Elkarteko kideak: «Aspalditik zegoen [gaitza], eta ez geunden prest hari aurre egiteko. Ezustean harrapatu gintuen». Hedapen masiboa aurretiazko azterketa bat egin ez izanari egotzi dio. Eduardo Rodriguezek, Bizkaiko Basogintza Elkarteko Zuzendariak, Bizkaian «eraso handia» pairatu zutela esan du. Gipuzkoarekin mugakide diren lursailetatik hasita zabaldu zen lehenik, eta handik «gogor» hedatu zen.
Iazko eguraldi lehorrarekin, baretu egin zen gaitzaren hedapena; ez zuen izan 2018. urteko irismen bera. Berri onak ematen dute, baina Bizkaiko Basozainen Elkarteko Iñigo Ibaibarriagarek dio etengabe hedatzen ari dela: «Beti astiro ibili da, baina beti egin du aurrera. Eguraldiaren arabera, bizkorxeago, motelxeago, baina beti egingo du aurrera».
Rodiguezen ustez, aurtengoa «korapilatsua» izan daiteke, eguraldia onddoaren mesedetan jokatzen ari baita. Aurreikuspenak besterik ez dira hauek, irailetik aurrera egiten baitira diagnosi egokiak. Bestela, urtea «ondo doa printzipioz», Ibaibarriagaren arabera. Gipuzkoako pinudien egoerari dagokionez.
Errotiko aldaketak
Egoera kaskar horri aurre egiteko, normalean baino pinu gehiago moztu dituzte; gaitza zabaldu zenetik, etekinak galtzeko beldurrez, jabe askok eta askok beren pinudiak botatzea erabaki dute. 2018an 8.500 hektarea bota ziren, 2019an, 15.400. Azken urteotan pinudien hektarea kopurua mordoa jaitsi da. 22.200 (%16) galdu dira 2005. urtetik. Halere, oraindik ere gehien hedaturiko espeziea da intsinis pinua: 115.349 hektarea hartzen ditu, zuhaitzen azaleraren heren bat kasik. «Mozte-birlandatze ratioa begiratu eta aztertu behar da; sektorearen iraupena bermatu behar da», ohartarazi du Rodriguezek.
Izan ere, halako neurriko mozketen eraginez, baso jabeari burura etorri ahal zaion lehenetarikoa mendiak lagatzea izan daiteke. Zubiaurrerentzat, basoak uztea da gaitzak ekar dezakeen ondoriorik larrienetakoa: «Istorio honen benetako arazoa abandonua da. Gipuzkoan urtero-urtero mila bat hektarea ari gara uzten. Aldatu gabeko lurretan ez dago inongo etekinik, eta larre eta oteek suteak egoteko arriskua gehitzen dute».
Duela 30 urteko suteak ekarri ditu gogora Basogintza Elkarteko Rodriguezek, zeintzuk garretan utzi baitzuten euskal baso ugari: «Markina inguruan pinudiak erre zitzaizkien, eta orain gaitzak jota dituzte pinu heldugabeak. Adorerik gabeko egoerekin egiten duzu topo».
Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Mendi eta Natura inguruneko zuzendariak ziurtatu du Aldundiak «ez dutela etsiko» baso sektorea berrindartu arte; administrazioaren, gizartearen eta baso jabeen arteko elkarlana giltzarri da, harentzat.
Euskal basoetako paisaia erabat aldatu den honetan, profesionalei lana pilatu zaie, Basozainen Elkartekoak dioenez: «Bat-batean milaka hektarea bota egin dituzte, eta lehen luzerako egitekoa zena urte gutxian egin da».
Basoak kontrolatzeaz arduratzen dira basozainak: zenbat zuhaitz botatzen diren, basoak berriro landatzean lurrak, distantziak errespetatzen direnetz.... Foru Aldundiak ezartzen ditu mozteko zein birlandatzeko baldintzak, eta haiek betetzen direla ziurtatzen dute. Lan erritmoari dagokionez, Ibaibarriagak uste du agian berdintsu iraun dezaketela datozen bost-hamar urteetan. «Lan zama handia da basozainona».
Ordezkatzeko sasoia
Mozketen ostean betiko ohiturei eutsi diotenak ere badira; oraingoan, pinua alboratuz eta beste espezieei ateak irekiz. Galduriko etekina berreskuratu nahian, «kasu askotan» eukaliptoa landatzea erabakitzen dute baso jabeek, ekonomikoki errentagarriagoa baita. Hamabost urte besterik ez ditu behar mozteko moduan egoteko. Bizkaian gertatu da ordezkapen hau gehienbat: 2018tik 686 hektarea landatu dira han, baina lehenagotik datorren joera da —6.600 landatu dira 2005etik EAEko lurraldeetan, 5.376 Bizkaian—.
Halere, «ikuspegi orokor batetik» eukaliptoa besterik ez dela aldatzen badirudi ere, bestelako espezieak ere landatzen dira. Etorkizunean etekina ikusten diete baso jabeek, epe luzerako bada ere. Koniferoak dira batez ere: sekuoia, cryptomeria, douglas izeia edota bestelako pinu espezieak. Bertako espezieak galtzaile.
Rodriguezek bestelako aukeretara jotzen duten baso jabeak ere badirela adierazi du: «Lursail txikiagoak dituztenak zuhaitz hostozabal autoktonoak landatzera animatzen dira: pagoak, haritzak... Administraziotik diru laguntzak jasotzen dituzte, eta ez die etekinari erreparatzen, inbertsioa ez baita hainbestekoa».
Herriaren onurarako, tokiko espezieari «lehentasuna» ematen diotela adierazi du Ariztimuñok. Botatako pinudiak aldatzea errazagoa izan da ekonomikoki baso jabeentzat; urtero jasotzen diren diru laguntzei beste batzuk gehitu zaizkie. Xingolaren izurriteagatik, 25 urtetik beherako pinudiak botatzeko eta beste espezieekin —eukaliptoa salbu— landatzeko laguntzak badira. «Eskertzen dugu administrazioen ahalegina. Laguntza guztiak dira garrantzitsuak», azaldu du Rodriguezek.
Datorrenerako lehengoratu
Alternatiba guztien artean, «oreka» beharrezkoa da, Ibaibarriagaren iritziz: egurgintzaren alderdi ekonomikoaren, kalitatezko zuraren eta espezie autoktonoen artekoa. Guztia, sektorearen etorkizuna bideragarria izan dadin: «Luzera begirako ikuspegia falta da; lurrak lehengoratu daitezkeela ziurtatu behar dugu sektorearen onurarako». Ibaibarriagak «produkzio industriala» deritzo oraingo basogintzaren kudeaketari; luze gabe pentsatzen da basoak ustiatzean.
Ariztimuñoren esanetan, «unean uneko arazoei» egin behar zaie aurre, luzera begirako politikak ahaztu gabe. «Lehen ere izan dira gaitzak, eta izango dira. Helburua irtenbideak topatu eta aurrera egitea da».
Era berean, Xabier Zubiaurrek dio basoak iraun dezan «oztoporik» ez dela jarri behar, kudeaketa egoki bat aplikatzen den bitartean. Argi du etorkizuna oraingo basoak zaintzen dagoela: «Azkenengo helburua egurrari irtenbide bat ematea da. Hemengo kulturaren parte izan da basoa beti, gurea dugu».