astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

gizartea

Salatu dute Zarauzko Udalak ez zuela ezer egin festa eragozteko

Maider Galardi F. Agirre

Salatu dute Zarauzko Udalak ez zuela ezer egin festa eragozteko

Azken egunetan Zarautzen (Gipuzkoa) dago koronabirusaren foku nagusietako bat. Uztailaren 8an, selektibitatearen ostean, festa bat egin zuten gazteek, eta baliteke bertan egotea jatorria. Atzo arratsaldean, Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi zuen dagoeneko 80 direla PCR proben bitartez atzemandako positiboak, baina Xabier Txurruka alkateak ukatu egin du «transmisio komunitarioa» dagoela. Unibertsitatera sartzeko proba egin ostean, 1.500 eta 2.000 gazte artean elkartu ziren malekoian, uztailaren 8an, eta udaltzainek eta Ertzaintzak kanporatu egin zituzten handik. Jaia ez zen amaitu, ordea: asteburu horretan bertan, gazteak saldoka joan ziren Zarautzera, festa egitera. Ertzain batek -ez du izenik eman nahi izan- BERRIAri azaldu dio udalak bazuela jaiaren berri: «Asteburu horretan jada bazegoen festa egiteko deia, eta udalak ez zuen ezer egin hori eragozteko». Azaldu duenez, uztailaren 8ko gaualdiaren ostean, Ertzaintzak operatibo berezi bat antolatu zuen astebururako, eta udaltzainek ere aurreikusia zuten jaia izango zela: «Guk bagenekien, eta udaltzainek ere bai; hortaz, udala jakinaren gainean zegoen».

Txurrukak «lasaitasun mezu bat» helarazi nahi izan zuen atzo goizean. Jakinarazi zuen, gainera, «jende pilaketa horietan izandakoen PCR proben emaitzak» badituztela jada -2.700 test baino gehiago egin dituzte guztira-, eta lehen kutsatuek ez dituztela kutsatu ingurukoak; hortaz, ez dagoela transmisio katerik. Baina jende pilaketa horiek oso handiak izan zirela baieztatu du BERRIArekin hitz egindako poliziak: «Asteazken horretan gazte asko zeuden pilatuta, segurtasun distantziak errespetatu gabe eta maskara jantzi gabe». Parranda horietatik egun batzuk pasatuta, eta azken asteburuan positiboen gorakada izan arren, udalak ez die erantzun BERRIAren galderei: «Zarauzko Udala festa egun horietan gertatu zenari buruz jardun da azken asteetan; ez dago informazio gehiago», adierazi dute udaleko iturriek.

«Udalak dio festa izan daitekeela fokuaren jatorria, baina baita beste zerbait ere», adierazi du ertzainak. Alabaina, haren ustez, aukera bazegoen jende pilaketa hori eragozteko: «Asteazkenean autobusak antolatuta zeuden ez dakit, baina astebururako Eibartik, Elgoibartik, Debatik, Mendarotik [Gipuzkoa] eta abarretatik zetozen autobusak eta trenak; tabernak irekita egon ziren berandu arte, eta ia ezinezkoa zen jendea kanporatzea. Goizeko seiak arte festa izan zen malekoian eta tabernetan». Atzoko agerraldian, Murgak ez zuen argitu beste herri batzuetako kutsatzeek zerikusia duten Zarauzko festa horiekin.

Lankideen artean «kezka» dagoela dio ertzainak, eta jakinarazi du patruila gehiago elkartu zirela Zarautzen asteburu hartako jende pilaketak eragozteko, eta, hortaz, espero zutela festa egongo zela. Ez zen «bat-bateko pilaketa» izan, haren hitzetan. Malekoian izan zen Polizia, gazteei eskatzeko segurtasun distantziak bermatzeko, eta jendea pilatzea eragozteko. «Guk ezin dugu besterik egin. Politikariek agintzen dute zer egin eta zer ez egin».

Asteazkenean bai, udaltzainek eta ertzainek «ustekabean» topatu zuten malekoia gaztez beteta, baina astebururako bazekiten zer gertatuko zen. Gainera, ertzainak dio tabernak goizaldean zabalik zeudela oraindik. Goizeko txanda zuten poliziek hainbat taberna topatu zituzten oraindik irekita 06:30 inguruan. Udalak joan den astean mugatu zien ordutegia, 03:00ak arte; eta ondoren etorri zen Eusko Jaurlaritzaren agindua, taberna guztiak 23:30ean ixteko. BERRIArekin hitz egin duen ertzainak dio udala ahalegindu dela tabernak 06:30 arte zabalik edukitzen, baina Jaurlaritzak betearazi duela agindua.

«Asteburu horretan udalak tabernak itxi behar zituen», esan du ertzainak: «Niri amorru handia ematen dit, honetan egiten dugulako lan, eta bagenekielako zer zetorren. Orain 80 kutsatu daude. Esango dute Zarautzen ez dagoela berragerraldirik, baina badago».

Tabernariak, kexu

Beste hainbat herritan bezala, tabernetan eragina izan du koronabirusaren fokuak, eta Zarautzen ere ordutegi mugatua dute orain. Bada kutsatutako langileak edukitzeagatik itxita dagoen tabernarik ere. Hain justu, horietako baten jabeak -ez du izenik eman nahi- esan du «ustekabekoa» izan zela selektibitatearen osteko festa, eta, tabernetan jendea bildu arren, jendea malekoian pilatu zela, kanpoan. Edonola ere, orain taberna itxia dute, gaitzak gertu harrapatu dituelako.

Ostatuaren jabearen arabera, udalak ez du haiekin hitz egin hartu diren eta hartuko diren neurriak lantzeko, eta babesik eman ez izana gaitzetsi du: «Itxialdian bai, itxialdian esan ziguten alokairua ordainduko zigutela, ura ez genuela pagatu beharko... baina baita zera ere!».

Parranda gunean du taberna, eta espero du egoera apur bat baretzea, taberna berriro ere ireki ahal izatea, eta egunerokoa bere onera itzultzea. Halere, aitortu du «zentzuz jokatzeko garaia» dela.

Udalak selektibitatearen osteko jaietako berragerraldia ukatzen segitzen du, baita kutsatze komunitarioa ere. Guztiz bestelakoa da ertzainaren ikuspegia: «Badakigu zer dagoen Zarautzen: turismoa eta... Denak segitu behar du horrela».

BERRIAn argitaratua (2020/07/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA