astekaria 2020/07/24
arrowItzuli

politika

LOUIS LABADOT

«Aldaketa izanen da Maule gobernatzeko maneran»

Joanes Etxebarria

«Aldaketa izanen da Maule gobernatzeko maneran»

Ezagutu ditu aulki zenbait: axuanta eta oposizioko kidea izan da azken urte luzeetan Louis Labadot (1943, Maule), aurten zortzigarren aldiz hautagai zen komunista. Aldaketa politiko argia da orain arteko enpresaburutik gaur egungo sindikalistara.

Bigarren itzuliko emaitzak entzun bezain laster, Internazionala entzun zen herriko etxe aitzinean. Ondotik, Marseillaise.

Iniziatiba ez dut nik hartu, baina ez dut deus himno nazionalaren kontra. Ni frantsesa naiz, eta himnoa ongi joaten zait. Internazionala, berriz, kamarada baten iniziatiba izan da. Internazionalista naiz, baita ere: opresioaren kontrako herrien borroka ene ildoan da. Biziki ederra da Internazionala! (Irriak) Badakit euskaraz ere kantatzen dela. Marseillaise-k nire inguruko batzuk ofenditu ditu, hitz bortitzak direlako eta abar... Nire aldetik, arazorik ez. Euskal Herria eskualde txiki bat delako, Frantzia ene herria da, herritar frantziarra naiz.

Errejent izan zara urteetan, erretreta hartu arte. Bada lotura bat Marseillaise-rekin, errepublikazale zaren heinean.

Nire ikasle tipiei Marseillaise ere irakatsi diet: programan zegoelako eta naturala iduri zitzaidalako. Nire errejent iragana zinez inportantea da, lagundu nauelako balore batzuk garraiatzen: tolerantzia, askatasuna eta bakea. Eta askatasun eta bake ideia horiek gure himno nazionalean presentzia badute. Haurrei balore unibertsal horiek transmititzen saiatu naiz, proselitismorik egin gabe, kasu egin behar baita burmuin gazteekin. Ofizioa zinez maitatu dut, baina, eskola publikoaren garapena ikusten dudalarik, badira maite ez ditudan gauzak. Gobernu desberdinen ondorioz, irakaskuntza publikoaren garapena ezkorra izan da, nire ustez. Ikastolak sortzea normala izan da azkenean, Estatu frantziar zentralizatzaileak dena egin duelako euskarak presentziarik ez dezan ukan eskola publikoan. Euskaldun bati ezkondua naiz, eta eskola publikoan euskara mintzatzea debekatua zitzaion. Errepublikaren oinarrizko hutsegitea izan da 'hizkuntza gutxituak' deitzen ditugunak bridatzea. Euskararen eztabaida horietan, nire errejent iraganak ene alde egiten du, Ikas-Biren hastapenak begi onez ikusi nituelako. Sufriarazi nau entzuteak euskal kultura eta hizkuntzaren geroarentzat pisu bat izanen naizela entzuteak. Maule kulturen bidegurutze bat da espainol, portuges, euskaldun eta frantziar artean... Festibal multikulturala egin nahi dut hori goratzeko.

Besta horretan kultura desberdinak maila berean izanen dira?

Lekuko taldeak biltzea da ideia: espainol edo latinoak, portugesak, euskal taldeak... Sinergiak sortzea da ideia, Maulen denak elkarrekin gaudelako. Baina ez dugu deus finkatu; kultura batzordeak bere gain ukanen du hori antolatzea. 2021 urtean zerbait ona gerta daiteke, eta bakoitzak bere lekua atzemanen du, kultura bakoitzak. Bat edo bestea ostrazismoz baztertu gabe.

Zer neurri hartuko duzu euskararentzat?

Argi izateko, funtzioa hartu berri dut, eta ezinbestekoa den egoera akta ere berriki egin dut. Orain iragana bada ere, hauteskundeetako kanpaina denboran entzun izan da ez nauela arranguratzen euskal hizkuntzaren eta kulturaren geroak. Hori hala dela ukatzen dut. Bistan da ikastolaren, gau eskolaren eta euskararen aldeko elkarteen diru laguntza guztiak mantenduko ditut. Seinale elebidunak ez ditut aldatuko, edo bai: soilik euskaraz diren horietan frantsesa ere gehituko dut, autobus geltoki bat euskaraz soilik delako, adibidez, hor frantsesezko izena gehituko dut; umore doi batekin diot hori. Baina arrangurarik ez; Louis Labadot ez da izanen, entzun den bezala, euskararen lurperatzailea.

Mixel Etxebestek erran zuen ere zu auzapez izanez Maule ez zela gehiago Euskal Herrian izanen, Euskal Elkargoari erreferentzia eginez.

Euskal Elkargoaren eta oro har elkargo guztien kontrako postura ukan dut, orokorki, erabakiguneetatik urruntzen gaituztelako. Euskal Herriari atxikia naiz, eta beste nornahi bezain euskal herritarra naiz. Euskal Elkargoaren ideia borrokatu nuen: bere edukia eta bere dimentsioa. Baina orain sortua da, eta Euskal Elkargoarekin lan egin behar dut, sufragio unibertsalean horretarako ere hautatua izan naizelako. Bistan da herri arteko kontseiluan egonen naizela. Airean den beste galdera bat da zer lau zuberotar hautetsi izanen diren kontseilu iraunkorrean. Delibero hori uztailaren 23an hartu beharko du lurralde poloak [Zuberoako hautetsiez osatua], eta ni kontseilu iraunkorrerako hautagaia izanen naiz Maule eta Zuberoako interesak ordezkatzeko. Euskal Elkargoak izan behar luke, edo beharbada jadanik hala da, lurralde osoko sinergiak biltzen dituen gunea. Erran izan da ez dela zatiketa politikoak agerian uzteko lekua; hori hala bada, emanen zaidan rola beteko dut. Aldiz, zatiketa politikoek lekua baldin badute, ikusiko dugu, eta zerbait erranen. Orain arte, bi ordezkari zuberotar presidente ordeak ziren, eta beren orientazio politikoak ez zuen arazorik eragiten; erran da orain Maule komunistek gidatuko dutela —drama balitz bezala—, baina Maule eta Zuberoari atxikia naiz eta interes horien defentsan aritu nahi dut. Dena den, ez naiz isilik egonen. Zatiketa politikoak baldin badira, gertatu arau konponduko ditugu.

Ostiralean egin zen Elkargoaren lehen bilkura hautetsi berriekin. Lehen hitza zuk ukan duzu, kide zaharrena zarelako.

Besteak beste, erran dut Maule, ni auzapez izendaturik ere, Euskal Herrian egonen dela. Uste dut dena argi utzi dudala: eskualde honekiko dudan atxikimendu azkarra, egiten dizkidaten auziak eta Zuberoako eta Mauleko interesak defendatzeko dudan kemena.

Ondotik, presidente berria bozkatu duzue.

Hautagaien deialdia egin dut kide zaharrena nintzelako, eta, menperatzen ez ditudan arrazoi desberdinengatik, hautagai bakarra izan da: Etxegarai jauna. Batzuek hautagai izatea galdetu zidaten, eta pentsatu dut zinez ez zela egokia, ez dudalako Maule eraman nahi burura joanen ez den estrategia batera. Bozkatu dugu, 232etarik 148 boz eskuratu ditu, beraz pentsa daiteke batzuk ez direla bere lanaz hain kontent. Beste eztabaidetan, bestalde, uste dut hitza hartu dudala behar zenean eta kanpaina denboran erran dudanari fidela izan naizela.

Itzulia egina duzunez, nolako herriko etxea atzeman duzu?

Aitzinkontua uztailaren 27an aurkeztua izanen da. Aukera tipiak ditugu, eta autofinantzarako aterabideak zinez guti dira. Gure programa usu baldintzazkoan deklinatua zen, dudak genituelako, eta hobe zen. Programako puntu batzuk tratatuak izanen dira, baina ez segidan. Bide berritzeetan programa desberdinak pentsatu ditugu, baina jadanik lehen fasea plantan ezartzeko zailtasunak badira. Aldi oro, erran genuen bezala, herritarrengana itzuliko gara gauzak argitzeko. Herri baten aitzinkontua zintzoa, orekatua eta bereziki sekula ez baita defizitarioa izan behar, horrek ondorioak dituelako. Finantzak ez dira erran izan den bezain sanoak. Finantza batzordea bilduko delarik eztabaida pizten bada, gauza deserosoak erraten ahalko ditugu; lehen susmoak bagenituen, orain, aldiz, badakigu. Eztabaida baketsua bada, ez ditugu aipatuko kexatzen dituen hainbat gauza. Baina badira egiazko zailtasunak, ukatu ezin direnak. Halere, Maulen hobeki bizitzeko egin daitekeena oro egin nahi dugu.

Diozu finantzak ez direla sano, baina hautetsien kalte ordainak %15 emendatu dituzue.

Kalte ordainen emendatzearena gezurra da, kazetari batzuek hala aipatu badute ere. Ez da emendatzerik, ez da deus. Lurralde arauen betetzea besterik ez dugu egin: lege bat pasatu da Senatuan eta Asanblea Nazionalean behartzen gaituena tasa gorena hartzera. Galdera ez zaie egin gauza bera egin duten Zuberoako beste herriei. Ez da hautetsien kalte ordainen emendatzerik, eta ideia hori hedatzen dutenek kasu egin behar lukete.

Mixel Etxebestek zioen hiriaren kudeaketa ez dela kolore politikoaren araberakoa. Komunista bat auzapez izateak zerbait alda lezake edo ez?

Errana dut apolitikorik ez dela: bera eskuinekoa da, eta ni, ezkerrekoa, kito. Komunista bat bizi komunari interesatzen zaion norbait da; beraz, auzapez komunista batekin, aldaketa da kudeaketa jendeekin eginen dela. Anitzen ametsa da parte hartzea. Jendeak, elkarteak kudeatzea... Kudeaketa autokratikoa baino aisa zailagoa da. Ez dut erraten egun batetik bestera aldatuko denik. Hasteko, zerbitzu administratiboekin mintzatuko naiz, gure engaiamenduen behatoki bat plantan ezartzeko: herritarrak bilduko lituzke, eta, ikusten badute ez dugula hitza betetzen, erranen digute, eta guk esplikatuko diegu zergatik. Ez dakit bihar jende andana bat bilduko denetz behatoki horretan, ez dakit nagusiak eta langileak bilduko dituenetz... Ekonomiaren garapenaz hausnartuko duen talde bat ere plantan ezarriko dut, enpresaburu batek gidatua, baina hori guztia emeki-emeki jinen da. Aldaketa hori izanen da: gobernatzeko manera. Erraza da norbere bulegoan egotea nahasmendu ekonomiko eta sozialez babesturik; terrenoko errealitatearekin harreman zuzena ukaitea segur aski askoz zailagoa izanen da.

Erran nahi luke delibero batzuk herriko kontseilutik kanpoko biltzarretan hartuko direla?

Bai; gehiengoaren ideiarekin bat doalarik, bai. Proiektu batzuk koadro argi batean berrikusi, hobetu ala moldatu badaitezke, zergatik ez? Aurreko agintaldian ere bilkura batzuk egin ziren herritarrekin, Mauleko plaza baten berritzeko, baina ez guk ulertzen dugun maneran. Proiektu egingarriak eginen ditugu, bistan dena, gure eskalakoak.

BERRIAn argitaratua (2020/07/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA