astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

mundua

Bamijanetik Timbuktura

Kristina Berasain

Bamijanetik Timbuktura

Salsal eta Xahmama zeuden lekuan bi zulo daude, erraldoiak, harrizko bi zentinela isilek zuten garaierako zuloak. Bamijango budak txikitu zituztela 15 urte beteko dira gaur zortzi, eta, orduz geroztik, islamaren interpretazio hertsiak azken urteotan ondare kulturalean eragin dituen txikizioen ikur bilakatu dira. Mendeetako zelatariak mila puskatan txikitu zituzten talibanek, eta zibilizazio zahar baten arrastoak segundo bakar batean ezabatu. Hainbat egunez bonbardatu zituzten ordura arte munduko budarik handienak ziren estatuak: oinetan dinamita jarrita leherrarazi zituzten, baina, guztiz hondatzen ez zirela ohartuta, zuloak egin, zuloetan bonbak jarri, eta bonbak zartarazi zituzten. 2001eko martxoaren 9a zen. Eta zuloek hor jarraitzen dute, hutsune sakonago baten metafora gisa.

Zetaren bidean aurrera eginda, ondare kulturalaren kontrako beste sarraski ugari egin zituzten gerora muturreko islamistek. Siriako Palmirako Baal eta Baalxamin tenpluak, esaterako, iaz dinamitatu zituen Estatu Islamikoak. Zerrenda iluna da, zetazko bidea bezain luzea, baina ibilbide horretan argi izpi bat piztu da orain.

Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak aurreneko aldiz pertsona bat akusatu du ondare kulturalaren kontrako «gerra krimenak» egiteagatik. Ahmad al-Faqi al-Mahdi Maliko Timbuktu hirian bederatzi hilobi sakratu eta meskita bat suntsitzeko agindua emateaz eta ekintzetan parte hartzeaz akusatu zuten atzo. Fatou Bensuda fiskalak ondare kulturalaren hondamenditik harago doazen ekintzak direla salatu du: «Krimen bat da, gizakiaren arima eta izpirituaren kontrako ekintza, gizakien alderik sakon eta intimoenari eragiten diolako, herri baten identitateari eta fedeari». Al Mahdi Abu Turab ezizenez ezaguna da, eta tunika zuri batekin agertu zen atzo epailearen aurrera.

Kultura hauts bilakatuta

Timbuktu 333 sainduen hiri edo basamortuko harribitxi gisa da ezaguna, mendeetan gorde duen ondare preziatuarengatik. Mausoleo ugari ditu, buztin eta kare lurrezkoak, eta horietako batzuk pikotx eta palaz suntsitu zituzten muturreko islamistek 2012an, baita XV.mendeko meskita bat ere: Sidi Yahya —Djingareyberkoa ere hondatu zuten—.

Mendeetan zutik egondako kultura hauts bilakatu zuten. Eta idatziz jasotako historia erre. Unescoren arabera, matxinoek 370.000 eskuizkribu bereganatu zituzten, horietako asko kontrabandoan saltzeko, eta «neurtu ezinezko balioa» zuten beste 4.200 dokumentu betiko desagerrarazi zituzten. Sufismoaren, hau da, islamaren adar mistikoenaren ondarea babesteko, herritarrek eskuizkribuak ezkutatu eta kanoa eta kamioietan sartu zituzten hiriburura eramateko, Bamakora. Ekintza horrekin hainbat agiri salbatu zituzten, horretarako euren bizitza arriskuan jarri bazuten ere.

Ansar Dine Legearen Defendatzaileak taldeko kidea da Al-Mahdi. Al-Qaedako Magreb Islamikoko adar horrek xaria lege islamikoa zorrotz ezartzeko ahalegina egin zuen harik eta 2013an boterea galdu zuen arte —Maliko eta Frantziako armadek eta tuareg independentistek kanporatu zituzten bereganatutako eremuetatik—. Libian eskuratu zituzten armak matxinoek, iraultza arabiarrak piztu zirenetik erruz baitaude kalaxnikovak inguruan.

Gerren biktima isilak

Ondare kulturala, baina, behinolatik izan da gerren albo kalteen biktima isila: artelanak, harribitxiak, aztarnategiak, oroitarriak, hilarriak... Bamijanetik Timbuktura, ekialdetik mendebaldera, kontinente guztietan eta garai guztietan aurki daitezke zibilizazioen ondarearen kontrako sarraskiak. Azkenak, Bosniako Mostarko XVI. mendeko zubi zaharra, Sarajevoko liburutegia, Kabulgo museoa, Kairoko museoa, Irakeko Museo Nazionala, Mosulgo Liburutegi Nagusia, Niniveko Ateak, Hatrako estatuak, Diyarbakirko harresiak eta Kurshunlu meskita, Alepoko Sultaniyah eta Khasrawiya madrasak, Palmira bera...

Tigris eta Eufrates ibaien ertzetan dauden aztarnak dira azkenaldian erasoen eta arpilaketen jomuga nagusiak. Estatu Islamikoak Mesopotamian, Sirian eta Iraken kontrolpean dituen eremuetan 1.800-12.000 aztarnategi daudela ohartarazi du Unescok. Irina Bokova erakundeko idazkari nagusiak milaka urteko kultura suntsitzen ari direla salatu du: «Gizateriaren kultura ondare gisa izendatuta dauden lekuak suntsitzea gerra krimena da, galera itzela munduarentzat». Suzanne E.Bott Drachman Institutuko Irakerako eta Afganistanerako proiektu zuzendaria ekintza horien absurdoaz ere mintzatu da: «Iragana suntsitzeak ez du historia aldatzen».

Hindu Kush mendilerroan XV. mendean zizelkatutako bi budak dira horren erakusle. Betiko desagerrarazi zituzten arren, memorian jarraitzen dute iltzatuta, bereziki ibarreko jatorrizko hazara etniako herritarren memorian. Khadim inguruko haitzuloetan bizi da, eta budak nolakoak ziren zehaztasunez irudikatzen du oraindik: «Aitonak esaten zidan iraganean budak apainduta zeudela, eta handienaren begietan harribitxi urdin eder batzuk zeudela, gauez ibar osoa argiztatzen zutenak».

BERRIAn argitaratua (2016/03/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA