bizigiro
Hemeretzi faseko paisaia aldaketa
Lander Muñagorri Garmendia
Eta ez da gutxiagorako. Belaunaldiz belaunaldi artzaintzarako erabili diren bazkaleku askotatik igarotzen da ibilbidea, eta jarduera horri esker daukate parke natural askok orain daukaten paisaia. «Jarduera horrek egituratu ditu gure mendi ingurune asko, eta paisaia ere aldarazi dute». Eta, Aldairen ustez, hori da artzaintzaren bideak kontatzen duen istorioa: «Gure arbasoen bizitzeko moduaren istorioa kontatzen du, eta nola euren artean bazegoen kultura komun bat, nola egituratzen zuten lurraldea». Ibilbidean zehar gizakiaren eragina behin eta berriro ikus daiteke: izan arrasto arkeologikoen bidez -trikuharri edo harrespilak-, edo izan artzainek egun oraindik erabiltzen dituzten txabolak.
GR-282a osatzen duten bide denak, ordea, ez ziren erabiltzen transhumantzia egiteko. Hau da, ibilbidea ez zen sortu artzaintzarako erabilitako bideekin soilik. Beste arrazoi batzuek bideratu zuten sorrera: Gasteizko Eraztun Berdeak hiriaren inguruan dauden naturguneak biltzen ditu, eta, hortik harago, Arabako lautada inguratzen duen beste ibilbide bat ere badago: GR-25a, 175 kilometrokoa eta zortzi etapakoa. Horrez gain, Araba inguratzen duten mendi zein parke naturalak bilduko zituen ibilbide perimetral bat falta zen, eta horregatik sustatu zuen Arabako Foru Aldundiak artzaintzaren bidea.
Hain justu, Arabako lautada inguratzen duten mendietatik doa ibilbidea, eta, horregatik, bisitariak une oro paisaia «izugarri ederrak» dauzkala dio Aldaik. Ibilbideak, gainera, ez dauka gorabehera aipagarririk, une oro 600 eta 1.000 metroko garaieratik doalako. «Urbasatik Aralarrera joateko bidean daude aldaparik malkartsuenak, Sakanara jaitsi behar delako eta hortik Aralarrera igo». Gorbeiako parke naturaletik igarotzen denean iristen da ibilbidea punturik altuenera, 1.200 metro ingurura. Horregatik dio mendizale federazioko kideak ez duela zailtasun berezirik. «Batzuetan, ingurua ezagutu edo interpretatzeko gaitasuna beharko da, baina bestela ez dauka zailtasun berezirik». Bidean dauden seinaleak ere egokiak dira.
Araba inguratzen duten lurraldeetatik eta probintziatik igarotzen da artzaintzaren bidea. Eta horiek denak kultura batek batzen zituela dio Aldaik, bizitzeko modu batek. Hori guztia bidean ikus daitekeen arren, paisaia aldaketak ere begi bistakoak dira. Klima asko aldatzen baita ibilbidearen zati batetik bestera. Isurialde atlantikokoko klima eta paisaiatik Mediterraneoko trantsiziokora igarotzen da, eta hori da bideak dituen beste bereizgarrietako bat: «Paisaia aldaketa handiak daude; hori da artzaintzaren bide hau erakargarri egiten duten puntuetako bat».
Paisaia aldaketa ugari
Aizkorriko parke naturaletik abiatuta, besteak beste Urkiola, Gorbeia, Aralar eta Urbasa-Andiakoak ere gurutzatzen ditu ibilbideak. Eta parke natural horietan guztietan oraindik artzainak mendira igotzen dira udan, abereentzako bazkaleku bila. Alegia, artzaintzak oraindik inguru horietako paisaia egituratzen jarraitzen duela esan liteke. Ez hori bakarrik, GR-282ko bide batzuk oraindik transhumantzia egiteko erabiltzen dituzte artzain batzuek. Hala gertatzen da Aizkorriko Urbiara ardiak igotzen dituzten artzainekin, edo Urbasara, Gorbeiara eta Aralarrera doazenekin. Artzaintzaren bideak izena eta izana hartzen du horrela.
«GR-282a sortu aurretik bide hauek guztiak existitzen ziren, baina artzaintzaren bidea sortu zenean horiei guztiei balio bat eman zitzaien, batasun bat muga administratibo guztien gainetik». Hori guztia bide batean biltzea interesgarria iruditzen zaio Aldairi, eta horregatik esan du aurtengo udarako plan polita izan daitekeela. «Ezaguna da Pirinioak zeharkatzen dituen GR-11 bidea, baina etxetik asko urrundu gabe ere hemen aukera interesgarri ugari dauzkagu». Inguruko altxorrak nabarmendu ditu, eta horietako asko ezezagunak direla nabarmendu: «Izkiko parke naturala, esate baterako, gasteiztar askok ez dakite non dagoen ere». Hori da, haren ustez, ibilbide honek alde on bat, etxetik gertu ezezagunak diren txokoak ezagutu daitezkeela.
Dena batera egin beharrean zatika egiteko aukera dago, baina modu batera zein bestera izan, abiatu aurretik bidaia ondo planifikatu behar dela esan du Aldaik. Ibilbide luzea izanik, etapa amaiera guztietan lo egiteko aukera legoke. Oinez ere inguruko naturguneak ezagutzeko aukera eskaintzen du bideak.
Bihar: Euskal Herriko ibilbideak (eta IV): Burdinaren bidea.