kultura
Bertsoaren bidegileak
Joanes Illarregi
«Parean» tokatu zitzaion Eizagirreri bilduma egiteko ideia. 2014ko Bertso Eguna emakumeek antolatu zuten, eta, talde antolatzailean egonda, piztu egin zitzaion «ezagutzen ziren eta ezagutzen ez ziren izen horien biografia motz bat eta bertso on batzuk» biltzeko gogoa. Eizagirrek dioenez, horrelako bildumak argitaratuz jendeak «oraintxe arte buruan sartuta» izan dituen eskemak hausten dira, beti pentsatu izan baita bertsoa «gizonezkoen esfera» bat izan dela eta emakumeek ez dutela jardun. «Jendeak uste du Kristina Mardaras izan zela lehenengoa, eta bertso eskolek ireki zietela emakumeei atea bertsolaritzan, baina garai bateko bertsolari hauekin topo egin eta aurreiritzi oker horiek hausten dira».
Hala ere, gizonezkoen bertsolaritzarren historiari ere «umiltasun gehiagorekin» begiratu beharko litzaiokeela aipatu du, antzinako garaiko bertsolariez oso gutxi baitago erregistratuta, bertsolaritza «hizkuntza gutxitu batean egindakoa izan delako, eta ahozko kultura gutxietsia egon delako idatzizkoaren eta beste kultur jarduera batzuen ondoan». Egin den bilketa nagusia Antonio Zabalak egin zuen, duela ez hainbeste denbora, eta «garaiko ikuspegitik baloratuta». Beraz, garaian emakumeen bertsolaritza ez baldin bazen kontuan hartzen, gaur arte iristea ia ezinezkoa zen. «Eta, hala ere, batzuk iritsi dira».
Eizagirreren iritziz, garai bateko emakume bertsolariei buruz dauden irudi eta aurreiritziak «gizonezkoek elikatu dituzte, boteregune ezberdinetatik». Gainera, hark dioenez, «elizak asko elikatu du nolakoak ziren emakume euskaldunak garai batean». Eizagirrek dio bertsotan bertsolari gizonek abestu eta idatzi zutenarekin eraiki dela garai bateko emakumeei buruzko iruditeria guztia. «Beraiek idealizatu zezaketen irudi zerutar bat, edo bestela kontrakoa: beraien ustez araua betetzen ez zuten emakumeei egurra eman ziezaieketen». Adibide modura, Jose Manuel Lujanbio Txirrita-k eta Juan Frantzisko Petriarena Rekondo Xenpelar-ek jarritako bertsoak aipatu ditu Eizagirrek, emakumeen bizkar barre eginez jasota dauden bertsoen erakusle: «Gizonezko batek edatea edo mozkortzea barre egiteko gauza zen, baina emakume bat mozkortzen zela edo edaten zuela esatea esan zitekeen irain handienetako bat zen».
Garai bateko emakumeen iruditeria horrelako sortetan oinarritu izan da, eta, beraz, Eizagirreren ustez, «irudia ez da ez erreala, ezta emakumeek egina ere». Bertso jarriak «boteregune» bat izan ziren garai hartan, publiko egiten zirelako, jende askok irakurri eta ikasten zituelako, abesten zirelako eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen zirelako. Alde horretatik, Eizagirreri «gehiago» balio dio emakume batek jarritako bertso batek beste ezerk baino gehiago, «errealitatea beraien prismatik» ikusarazten dutelako, eta «nork bere burua deskribatzea eta definitzea interesgarriagoa delako beste norbaitek egitea baino».
Txapelketak
XIX. mendean emakume bertsolariak bazirela errealitatea da, eta beraien sortak ere badaude gordeta; Plazida Otaño, Joxepa Antoni Aranberri Petrirena Xenpelar eta Joxepa Matea Zubeldia Elizegirenak, adibidez. Txapelketa batean lehen aldiz parte hartu zuen emakumea, ordea, Kristina Mardaras izan zen, 1985. urtean. «Ordura arte, esfera publikoan ez baldin bazen ongi ikusia emakumea, tabernan edo oholtzan ezin bazuen kantatu, txapelketan ere ez». Plaza publikoan lekurik ez daukanak txapelketan ere ez dauka tokirik.
Mardarasen atzetik hasi ziren emakumeak txapelketetan parte hartzen, baita txapeldun izatera iritsi ere. Bidea urratu zuten bertsoak bilduman biltzen dira txapela jantzita emakume horiek kantatutako azken agurrak. Eta horietan gogoan dituzte inposizioen ondorioz beren ametsa bete ez zuten emakume bertsolariak. Horregatik, bidean emakume bertsolari asko galdu, bota edo ahaztu egin direla uste du Eizagirrek: «Izenak oso gutxi eta justu-justu iritsi zaizkigu». Hain zuzen ere, hilda dagoen emakume bertsolari baten izena esateko eskatu eta «euskaldunen %99.9k» ez luketela erantzuten jakingo baieztatu du. «Ezagutuz gero ere, beti gizonezko baten erreferentziarekin lotzen da: Xenpelarren iloba, edo Otañotarren familiakoa...».
Askotan, emakumeen daturik bildu eta transmititu ez izana justifikatzeko, beraien bertsolari rola kolokan jartzen dela uste du Eizagirrek. «'Bertsolaria zen?' 'Bat-batean egiten zuen?' 'Edo prestatutakoak kantatzen zituen?'. Antzerako galderekin justifikatzen saiatzen gara». Bertsolaritza, haren ustetan, beste ikuspegi «zabalago» batetik ikusi behar da: «Bertso bat idazten duenak denbora gehiago edo gutxiago beharko du; eta bat-baterako saltoa denok ematen dugu noizbait, inor ez da jaiotzen bat-batean jakinda. Eta bertsoak egiten ikastea da bat-baterako jauzia. Kontua zera da: ez badute eduki bat-batean aritzeko inguru, lagun talde, plaza edo espazio bat, nola eskatu ahal zaie pauso hori ematearen froga utzi izana, bertsolari kontsideratzeko?».
Berandu bada ere, emakume bertsolari aitzindariek aitortza jaso duten galdetuta, Eizagirrek uste du oraindik badagoela zer egin: «Askoz gehiago eskertu, omendu eta disfrutatu beharko genuke aurreko horien lana. Uste dut balioa norberak ematen diola aurrekoek egindako lanari». Oraindik lan asko egiteke dagoela dio, etengabeko lana izan behar duela, eta «herritarron» zeregina dela hori. «Asko daukagu pentsatzeko gauzak nola egin ditugun, eta gehiago dugu pentsatzeko ea zer hobetu, 'asko lortu da' eta 'ongi gaude' esanez lokartu gabe.