gizartea
IRATI ZUBIA
«Galtzaileak berak izango gara egiaren balio salatzailea galduz gero»
Maider Galardi F. Agirre
Egia-osteko aroan gaudela diozu. Zein adierazle dago horretarako, eta zerk definitzen du?
Sintoma nagusiak dira: gezurraren hedapena, desinformazio orokortua, egiari lotutako iturriekiko mesfidantza -zientziarekiko eta kazetaritzarekiko esaterako-, baina normalean egiarekiko interes falta nabarmentzen da.
Pandemian, ordea, informazio jasa handia izan da, eta herritarrek bazuten beharra iturri fidagarrietara jotzeko, ezta?
Zalantzarik gabe informazioaren aroan gaude, eta kontsumoa eta azkartasuna eta kopurua asko handitu da. Horrek areagotzen du informazio faltsua egoteko aukera, baina baita egiazkoa dena bilatzeko aukera ere. Publikoari ezin zaio eskatu iritzi zuzenak eraikitzea kaos horren barruan.
Fake news-ak detektatzeko sistemak ere jarri dira martxan. Hedabideek jo dute berriro garbiketa lan hori egitera sinesgarritasuna berreskuratzeko?
Segur aski bai. Hedabide tradizionalek jasan dute mesfidantza hori, eta, orain, publikoak Internetera jotzeko joera du. Orain berreraikitze prozesu batean daude. Baina arazoa ez da albiste faltsu asko daudela, baizik eta egiazkoek ez dutela ibilbide handirik. Esango nuke koronabirusaren gainean ez dela askoz ere informazio faltsu gehiago egon egiazkoa baino. Kontua da egiazko horrek jendearengan inpaktua eduki ote duen.
Jendeak ez al du behar egia?
Egia-osteko garaian gaudela badiogu, ez dakit. Behar bai, baina ez dakit bilatzen den.
Hitzaldian esan duzu beharbada egia-osteko arotik egiaren arora igaro gaitezkeela, baina orain arte egiak izan duela halako kutsu despota bat.
Ez dut uste bide horretatik goazenik. Memoria gutxi dugu. Berri faltsuak hedatzen dira, baina ahaztu egiten zaizkigu berehala. Beraz, ez nuke esango egiaren arora jauzi egingo dugunik, eta ez dakit gizarteak nahi duen ere, kontuan hartuta egiaren izenean gehiegikeria eta basakeria handiak egin direla historian zehar.
Diozu egiarekin badagoela alde biko ikuspegi bat: batetik, benetako egia ikustearen beldurra; eta, bestetik, egia jakin bat gailentzearen beldurra. Baina, ez al da egia, berez, subjektiboa?
Lan asko egin behar da egia kontzeptuaren gainean. Badirudi zaharkitua dagoela, baina ez da hala. Posible da kontzeptu horretaz hitz egitea norberaren kokapena kontuan hartuta, testuingurua aintzat hartuta... Eta hori guztia bateragarria da egiarekin. Kaltegarria da balioen eta egitateen arteko bereizketa egitea, eta egia bat eta absolutua dela esatea. Ahots bakarreko egiaren izenean kalteak egin dira. Sinesgarritasuna leku askotatik lor daiteke, ez soilik egiaren bidez: sinesgarritasuna lor daiteke bozgorailu bat duzulako, ahots grabeagoa duzulako, zure sexu-generoaren arabera... Egoera horretan egiak ematen digun ahalmen salatzailea galtzen badugu, galtzaileak beti berak izango gara.
Alde horretatik, sare sozialek egiazkotasun hori demokratizatzen dutela diozu, baina aipatu duzu informazioa oso gune itxi eta txikietan hedatzen dela.
Hala da. Erresonantzia kutxen moduan hedatzen da informazioa. Lagunek lagunekin zabaltzen dute, eta gune txikietan gelditzen da; beraz, bazterreko ahots horiek ez badira behintzat gune horietara ailegatzen, ez dute hedapenik izango, eta ez dira bidegabekeriak salatuko.
Kontu bat da, ordea, egia hori zilegi dela onartzea, eta, bestea, materialki aitortza edukitzea.
Jakina. Egia gutxietsita dagoen aroan gaude, baina erabakiak hartzen dira, eta salaketarako baliabide bat gutxiago dugu.