astekaria 2020/07/17
arrowItzuli

iritzia

Zertarako parte hartu?

Amalur Alvarez

Zertarako parte hartu?

Zertarako bozkatu? Zertarako parte hartu politikari guztiak berdinak badira? Azken urteotan, herritarron artean erakundeekiko mesfidantzak eta frustrazioak indarra hartu dute, eta, EAEko azken hauteskunde autonomikoetan, hain zuzen, apatia politikoak isla izan du emaitzetan. Izan dugun parte hartzerik baxuena izan da joan den uztailaren 12koa.

Ez da kasualitatea. Inoiz baino globalizatuagoa eta deslokalizatuagoa den munduan geroz eta herritar gehiagok sentitzen du bere bizitzak gidatzen dituzten erabakiak urrun hartzen direla. Eta gertu ditugun erakundeen gehiegizko instituzionalizazioak, lau urtetik behin soilik bozkatzeak zein hartzen diren erabaki politikoen zurruntasunak sentsazio hori elikatu eta hedatzen laguntzen du. Izan ere, azkartasunaren eta eraginkortasunaren izenean herritarron gogoetei, eztabaidei, hausnarketei eta beharrei nekez ematen zaie tokiren bat edo beste erakundeetako politikagintzan.

Azken hauteskunde hauen emaitzei begira, politika instituzionalizatuak badu zer hausnartu, beraz. Demokrazian, herritarron parte hartzea eta inplikazio politikoa erabakien zilegitasunaren oinarria da. Herritarrak subjektu aktibo izatea ezinbestekoa da bizitza demokratikoan, baita politika eguneroko praktikekin eta tokian tokiko beharrekin bat ulertzea ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gobernantza eredua demokratizatzeko beharra berretsi da hauteskunde hauetan. Politika sozialean dihardugun askok eta askok argi dugu hori dela bidea, eta horretan ari gara lanean. Orain, politika instituzionalari demokrazia ereduari buruzko hausnarketa egiteko momentua heldu zaio.

Herritarron parte hartzeak, aldi berean, duina behar du izan, eta azken hilabete hauetan ikusi dugu osasun krisiari aurre egiteko guztion oinarrizko eskubideak murriztu dituzten erabaki ugari hartu direla —herritarroi bizkarra emanda, gainera—. Herritarron bizitza politikoa eta soziala mugatu egin dituzte. Gure bizitzak erdigunean jartzeko asmoa duten gobernuen irtenbideak ezin du izan herritarron eskubide eta askatasunak mugatzea, eta are gutxiago herritarrak hauteskunde batzuetan parte hartzera deitzen gaituzten garaietan.

Haatik, herritarrok badugu zer hausnartu ere. Eskubide eta askatasunak ditugu, bai, baina baita betebeharrak ere. Demokrazia guztion ardura da; demokraziaren zaintza guztioi dagokigu; erakundeei, eragileei eta herritar guztioi. Gizarte eta herri justuago bat eraikitzeko ardura dugu, eta gure eskubideak murrizten dituzten erabaki horiek non, nola eta zeinek hartzen dituen arretaz begiratu behar dugu, eta gehiegikerien aurrean mobilizatu. Erakundeek hartzen diren erabakien zilegitasuna zaindu behar duten moduan —herritarron parte hartzea eta iritzia kontuan hartuz—, herritarroi dagokigu erabakiak gure beharrak aintzat izanik hartzen direla ikuskatzea, eta. hala ez den kasuetan, argi adieraztea, alternatibak proposatzea eta horien eraikuntzan parte hartzea.

Hortaz, herritarroi parte hartzeko arrazoiak ez zaizkigu falta, baina horretarako tresnak eta aukerak biderkatu egin behar dira; premiazkoa da. Gure erabakiak hemen hartzeko bideak irekitzea ere ezinbestekoa izango dugu, bada, urrun hartutako erabakiak, gure bizitzak bete-betean eragiten badituzte ere, herritarron kontrol demokratikotik kanpo gelditzen direlako. Eta, horretarako, pasatzen utzi ezin den aukera bat dugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Estatus politiko juridiko berri bat elkarrekin eraikitzeko eta erabakitzeko aukera historikoa dugu aurrean. Estatus berriaren oinarriak behetik gora adostea eta eredu demokratikoago eta parte hartzaileago bati guztion artean bide ematea gakoa izango da gizarte justuago bat posible egiteko. Eta zalantzarik ez daukagu horrek ezinbestean eskatzen duela erabakitzeko eskubidea ardatz izatea.

Berreraikuntzarako garaiak dira, erabakiak herritarron eskuetan jarriz, erakundeak irekiz, gobernatzeko eredu kolaboratiboagoak eraikiz, erabaki publiko eta politikoekiko gerturatzeko molde berriei bide emanez, hemen erabaki ahal izateko tresnak posible eginez eta herri perspektiba indartuz. Alor anitzetako eragile sozialen elkarlanez martxan jarritako Hamaika Garahamaikagara.eus— egitasmoak, hain zuzen, asmo hori du, hemen eta herritarrok erabakitzea posible egitea. Sinetsita gaude herritarron parte hartzeko aukerak hedatu eta bizitza politikoaren eremu guztietan erabakitzen hasi behar dugula. Osasunaz, hezkuntzaz, zaintzaz, hizkuntzaz, kulturaz, lanaz, etxebizitzaz, ongizateaz nahiz estatus politikoaz erabakitzeko. Aldaketa garaiak bizi ditugu; baliatu dezagun aukera eta eraiki dezagun elkarrekin gure herriak behar duen berreraikuntza.

BERRIAn argitaratua (2020/07/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA