astekaria 2020/07/17
arrowItzuli

bizigiro

Xaretaren xendra sarea

Ainize Madariaga

Xaretaren xendra sarea

Sarako (Lapurdi) leizeetan autoa aparkaturik, berehala atzematen da Zugarramurdiraino (Nafarroa) eramaten duen pottoka urdinaren seinalea, harriaren gainean. Goiti doan bide mundrunatu zabaletik eskuinetara gelditzen da ibiltaria xurgatzen duen xendra. Eki pindartsuaren babesgune itzaltsua. Atxuriaren magalean, Larhungo harri gorria paratua izan da zolan, erromatar galtzadari irudi, ibilaldia eroso egiteko, nahiz ez duen ordezten mendiko zapaten beharra.

Xareta izena Barandiaran antropologoak atzeman bide zuen; lau herriak biltzen dituen eskualdea: Sara, Ainhoa (Lapurdi), Zugarramurdi eta Urdazubi (Nafarroa), zeina txara hitzetik baitator: oihanttoa. Hariztiak du, oroz gainetik, besarkatzen enborren artean menturatzen den nehor.

Oraintsu arte lanean aritu izan da Zugarramurdiko leizeetan eta sorginen museoan Helena Xurio Arburua zugarramurdiarra. Pottokaren Bideak kontatzen ez dituenak salatu ditu: «80ko hamarkadan hasi ginen aditzen Xaretaz eta, horrekin batean, Pottokaren Bideaz. Turismoa bultzatzeko asmatu zuten elkartea. Hobe holakoak asmatzea turismoa kanalizatzeko. Niri ongi etorri zait turistei esplikatzeko non ginen, muga aipatu behar izan gabe». Lau herrien arteko elkartea bera 2004an sortu zen, eta, hortik, Europatik jaso dituzte diru laguntzak, bertzeak bertze, Pottokaren Bidea egiteko.

Bidexkaren bazterrean, harrigarriro, burua oraindik osorik du ustezko onddo beltzak, nehoren ahosabairen zepotan urtu gabe. Lau bideren besarkagunetik beheiti, ezkerretara, Errotaxarreko bordan bada jan eta edateko parada (Halty izenez), goitikoa hartuz ere, Ixtilarteko bordak batzarri ederra egiten dio bertaratzen den orori (Anttonen benta). Mikel Mitxelenak kopetako izerdia idortzen du tixertaz; sasi garbitzeko makinarekin aritu baita lanean. Ezkaratzak errendatu dizkio hatsa eta freskura, bai kendu egarria ere. II. Mundu Gerla betean ireki zuen benta Mitxelenaren amatxiren anaia zenak: Anttonek. Gibeleko jangelako zoladurari ohol bat altxatu dio, lur-arrasa biluzian utziz: «Mostradorea hemen zuen lehen, Nafarroara begira. Hortxetan, gibelean kaxak ezartzen zituen. Haien pean gordetzen zuen altxatzen den taula hau, ikusten? Pean gordetzen zuen sos guzia!». Lapurtarrak ziren bezero gehienak: Nafarroan merkeagoa zen jatekoa erostera zihoazen. Ixtilarteko bordak ikusi ditu pasaia zenbaitzuk: «Anttonek karabineroei edaten ematen zien bitartean pasatzen ziren kontrabandistak: gerlagatik eskas ziren guziak pasatzen ziren: azienda, kobrea, dentela... Guk ere horrekin segitu dugu: sosa, motoak, eper arrautzak... pasatzen utzi izan ditugu, trukean zerbait hartuz». Oraingo egunean, ostatuak du bentaren tokia hartu, paisaia ikusgarria lagun, moleta ahamen bat ahoan murtxikatuz: «Momentu ona pasatzera etorri behar da, lasaitasunaz gozatzera», gehitu du Mitxelenak. Preseski, atzoz geroztik dago egunero ostatua zabalik.

Bidegurutzera itzuliz, eskuineko xendra berriz lotzen zaio Pottokaren Bideari. «Mintzo diren harriak dira», xehatu du Xuriok. Gaur gero denak isilduak diren harritzar horiek badute oraindik mintzarazten zituzten botoiak: Arranomendi, Sara eta Larhun. Bistak erakutsi beharko lituzke, ez balira metro pare bateko iratzeek kukuturik.

Haritz tartean agertu da izerdi-lapetan Guadalajarako (Espainia) gizona: «Net galdu naiz!». Ekin dio berriz ere zaldi herexak bilatzeari, ustez bide xuxenetik.

Egia da zenbait tokitan duda sortzen duela marka faltak, baina zailtasunik gabe aski da berriz gibel egitea. Hala-hala, tronpaturik, leize tiki baten sartzeraino eraman lezake. Xuriori oroitzapena jin zaio gogorat: «Hau dena zulo da. Ttikitan denean barrena sartzen ginen. Beti aditu izan dut zakur bat sartu zela Zugarramurditik eta atera Saran. Guk, behinik behin, ez genuen sekula lortu».

Zugarramurdiko leizeetarat iristear, Charente Maritimeko (Frantzia) bikoteak Sararat buruz hartu du bidea, Zugarramurdiko plazara heldu gabe: «Galdu gara, harat igan gara batere behar izan gabe. Baina ez da larria, bihar berriz etorriko gara, bide zinez atsegina baita, dena itzalean». Ur handiko erreka zeharkaturik, leizeen sarrerarat darama malda xutak, non ez baita bertako hiru lagun baizik ageri, «ekarri dituzte jan eta edateko makina berriak», erran du langileak.

Karrikaz karrika, garren atzaparren oinazeak zirimola bortitzez harrapatzen du Zugarramurdi: «Inkisizioak kondenatutakoen artean etxe hauetakoak LogroƱorat [Espainia] eramanak izan ziren, torturatuak, batzuk erreak, eta anitz, kartzelan hilak: Nabarkoenea, Barrenetxea, Iriartea, Surutegia, Etxegia, Bordako etxea, Arburua, Subildegia eta Beheretxekoak. 30.000 jende hurbildu zen LogroƱorat, erretzen ikusteko. Zer pentsatuko ote zuen gaizo jende honek ? Harat eramana, konprenitzen ez zuen lengoaia batean kondenatua...».

Zugarramurdik barneratua duen historiak arranguratzen du Xurio: «Berri Txarrak taldeak badu kantu bat zeinean baitio sinisten ditugula gure gezurrak. Kondenatu zituzten haiek ez ziren sorginak, baizik eta akusatuak ziren hala izateaz. Herritarrak ziren. Ez zen bakarrik feminizidioa izan; gauza anitz nahasi ziren. Onartezina zait baliatzea masakreaz, negozioa egiteko...».

Tarte batez lur eta harriari lekua utzi badio ere, berriz ere nagusitu da zimendua Alkerdi auzoan. Martikoeneko amatxi-aitatxiak toto daude, bakearen enbaxadore, lau bideren junta airosean. Donezteberen XVI. mendeko kapera saihetsean utziz, errepidea zeharkatu beharra da, Etxalekua gasna saridunaren saretik pasatzeko. «Etxalekukoa zen bertze kondenatuetako bat», erantsi du Xuriok. Haren ondorengoetako bat traktorean dabil.

Alkerdik erdia misterio

Aitzinago, «ikusten diren gaineko arroka handi horien pean dira Alkerdiko leizeak», zehaztu du gidak. Preseski, Aitor Ollo SOS Alkerdi elkarteko kide urdazubiarrak aurkeztu ditu: «Urdazubiko leizeetan ez da giza arrastorik [publikoari zabalik direnetan]. Berroberrikoan, ordea, duela 14.000 urteko aztarna pila atzeman ziren, zeinak Nafarroako Museoan baitira». Goraxeago dagoen Alkerdin ere Madeleine aldiko bisonte bat, zaldi bat eta orein bat atzeman zituzten. 2014an, Diego Garatek garai bereko hamar bat bisonte gehiago aurkitu zituen arte. Haatik, 2015ean, ondo-ondoan dagoen harrobia berriz martxan ezarri nahi izan zutelarik, lehergaiak erabiliz gainera, herritarrak arranguratu ziren: «Ikusirik Alkerditik oso hurbil dela, plataforma bat muntatu genuen. Helburua zen inguru guzia ongi aztertzea eta ondare kulturala arriskutik kanpo uztea. Azkenean, plataformari esker, Nafarroako Gobernuak ikerketa eskatu zuen, eta duela 23.000 urteko bisonte baten horma irudia atzeman zuten Aranzadik eta Satorrak espeleologoek. Horrekin batean, harrobia gelditu zen», kontatu du Ollok. Alkerdi eta Berroberria leizeak Europako ondarearen eguna kari bakarrik irekitzen dituzte. Pottokaren Bidea bertatik iragaten da.

Handik biziki laster, justuki, harrobi horren sarreran, sortzen da duda nondik joan. Eskuinera hartuz gero, Urdazubirako bidea harrapa daiteke, zeina haritz zahar ikusgarritik pasatzen baita. Baina ezkerrera da joan behar, errepidean zenbait metroz ibiliz, txaran sartu eta Ikaburua auzoak batzarri egin arte. Bertan dira Urdazubiko leizeak, Ikaburukoak hain zuzen ere, Urdazubik leize franko baititu, bisitariei hetsiak badira ere.

Pottokaren seinale urdinek jarraitzen dute, Urdazubitik Ainhoara, eta Ainhoatik Sarara, orotara hamabi oreneko ingurua lotuz.

Bihar: Euskal Herriko ibilbideak (II): Ardoaren eta arrainaren bidea.

BERRIAn argitaratua (2020/07/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA