astekaria 2020/07/17
arrowItzuli

kultura

Ezkutuan egon diren margolanak

Aitor Biain

Ezkutuan egon diren margolanak

Errepide nagusi batek gurutzatzen du Arabako Lautada, mendebaldetik ekialdera eta ekialdetik mendebaldera. Ibilgailuen joan-etorria etengabea da uda beteko goiz sargori batean, baina helmugara iristeko irrikan dagoen bidaiariari inguruko ezerk ez dio arretarik erakartzen. Zarata eta mugimendu horretatik kanpo, ordea, denborak beste abiadura bat du; lasaitasuna erabatekoa da galsoro horiz inguratutako herrixka bakartuetan. Horren dira ezohikoak bisitariak, ezen bizilagunen txakurrak ere zaunkaka hasi baitira arima bat usaintzearekin batera. Altxorraren zaindariak dirudite, ezezagunen presentziaz ohartarazten. Ez da gutxiagorako, Gazeoko eta Alaitzako horma irudiak Erdi Aroko ondarerik garrantzitsuetakoak baitira inguruan.

Bisitari ezezagunak ez dira horren urrutikoak oraingoan, nolanahi ere: Gasteizko eta Getxoko sei lagun dira, «etxeko» ondarea ezagutu asmoz hurbildu direnak. Done Martin Tourskoa elizaren inguruan dira, eraikinaren kanpoaldeko xehetasunei adi, bisita gidatua noiz hasiko zain. Garazi Zelaiak atoan ekin dio azalpenak emateari: «Orain gauden toki honetatik bertatik igarotzen zen garai batean Iter XXXIV galtzada erromatarra. Eta asko izan ziren, baita ere, XIII. mendetik aurrera San Adriango tunela zeharkatzen hasi zirenak Santiagorako bidean, bertatik igarotzen baita Donejakue bidea». Lautadarena eta errepide nagusiarena ez da gaur egungo kontua, beraz.

Eta zabaldu ditu ateak halako batean. Eta piztu dira argiak. Eta... «Alaaa!!» koordinatu bat entzun da. Isiltasuna gailendu da une batez, ikusten ari zarena deskribatzeko hitzik gabe geratzen zarenean sortzen den isiltasun hori. Harridura horretan, pentsatzekoa da bisitariek ahoa ohi baino gehiago zabaldu dutela. Baina irudikapena baino ez da, aurpegia maskaraz estalia baitute denek.

Elizaren abside guztia hartzen duten XIV. mendeko irudiak dira erreakzio horren arduradun. Berdez, urdinez eta granatez margotutako irudi gotikoak dira, eta kontakizun erlijiosoak dituzte oinarri. Lehen kolpean, aitaren, semearen eta espiritu santuren irudikapenak erakartzen du begirada. Begiradak automatikoki egiten du zoom kanpora, ordea, eta ikusmira zabaltzean antzematen dira gainerako irudien xehetasunak ere. Tarte luze bat behar da ñabardura guztiei banan-banan erreparatzeko.

Denboraren higadurak horma irudiaren zati batzuk hondatu ditu, baina orokorrean ondo daude. Dena dago ongi egituratuta: zerua goiko aldean dago, eta eskuineko hormaren beheko aldean dago infernua. Komiki itxura du denak, eta nabarmen antzeman daitezke Jesusen bizitzaren inguruko pasarteak ere. «Zenbat apostolu zenba daitezke?» galdetu du Zelaiak, laser izpi txiki batekin Jesusen azken afariaren margolanari seinaleztatuz. «Hamalau»; «hamahiru»; «hamabi ez al ziren ba?». Zalantza orokortu da, eta elkarri begiratu diote denek. «Oteizarenak ere hamalau ziren, ezta?», iradoki du batek, erantzuna argudiatu nahian. Barre txiki batekin erantzun die Zelaiak: «Hamahiru dira, Maria Magdalenarekin».

Margolanek ezkutuan iraun dute mendeetan, harik eta 1967an aurkitu eta bistaratu zituzten arte. Juan Jose Lekuona parrokoak aurkitu zituen, erretaula nagusiaren zati bat mugitu zuenean. Orduan zaharberritu zuten tenplua ere.

Misterioaren edertasuna

Taldeak Alaitzarako bidea hartu du jarraian. Autoz egin dute lau kilometro eskaseko bidea, Iruraiz-Gauna udalerritik atera gabe. Eguerdia da dagoeneko, eta eguzkiak are gehiago berotu du eguna. Alaitzako elizaren barruan, ordea, fresko egiten du. Batzuentzat «hotz» ere bai. Barrura sartu orduko, bisitarien lepoak luze gora jarri dira berriz ere, absidearen goiko hormara ahalik eta gehien arrimatu guran. Ez da harritzekoa hurrengo egunean lepoko mina nabaritzea batek baino gehiagok, ohartu gabe egiten baita keinua.

«Ikaragarria da. Ez du zerikusirik aurrekoarekin. Ez dira irudi erlijiosoak», deskribatu du, ozen, bisitarietako batek. Borroka edo setio baten marrazkia ikus daiteke erdian, bere gaztelu, soldadu, zaldun eta guzti. Errituak ere interpreta daitezke apur bat gorago: hileta bat, kanpandorrea eta arkupeak dituen eliza batean. Animalien irudiak ere ugariak dira, eta badira jarrera lizunak iradokitzen dituzten pertsonaiak ere. Herdoil kolore gorrixka dute marrazki guztiek, eta antolaketa anabasa batetik gertuago dago ordena jakin batetik baino. «Arin egindako marrazkiak dirudite, baina teknika konplexu bat dute atzean».

1982an aurkitu zituzten pinturak; hain zuzen, Gazeokoak baino hamabost urte geroago. Lekuonak berak aurkitu zituen horiek ere: hezetasuna karezko horman kalte egiten ari zela jabetu zenean agertu zitzaion zaldi baten burua izan zitekeenaren marrazkia: «Esaten dutenez, XIV. mendekoak dira, eta Naiarako (Errioxa) 1367ko gudua kontatzen dute. Bertan parte hartu zuen soldadu ingeles batek margotu omen zituen», azaldu du Zelaiak. Bisitariak gudu hartan zer gertatu zen galdetzen hasi aurretik ezeztatu du kondaira: «Izan zitekeen, baina ez da egia», erantsi du. «Erromesen itxura duten soldaduen makuluei erreparatuz gero, ondorioztatu dezakegu zaldun tenplarioak direla, eta, beraz, XII. eta XV. mendeen artean margotu zutela». Baina ez, hori ere teoria hutsa da, gidariaren arabera: «Kultuzko toki pribatu bat izan zitekeen, baina ez dakigu gehiago. Misterio bat da».

Ikerketa batzuen arabera, XIV. mendekoak dira, baina bada lehenago margotu zirela uste duenik ere. Denborak ezkutatu ditu horma-irudia interpretatzeko gakoak, ordea. Nork margotu zituen? Zergatik? Zer adierazi nahi zuen? Galderak ugariak dira margoa ikuste hutsarekin, baina jolas hori ere obraren parte da; izan ere, erantzun argirik ez dagoenez, bakoitzak bere kondaira sor dezake. «Baduzue teoriarik?», galdetu die Zelaiak bisitariei. Pareten oihartzunean galdu da galdera, erantzunik jaso gabe.

GAZEOKO ETA ALAITZAKO PINTURAK

Lekua. Iruraiz-Gauna (Araba).

Urtea. XIV. mendea.

BERRIAn argitaratua (2020/07/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA