iritzia
Lau fantastikoak
Blanca Urgell
Eragin negatiboa ere izan du, ostera, La linguistique fantastique liburuan (1985) Sylvain Aurouxek-eta agerian jarri dutenez, hizkuntzalaritzak tradizioaren parte hori —Hizkuntzalaritza fantastikoa— barregarri utzi eta zientziaren esparru zilegitik bota baitu oraintsu arte, hizkuntzaren «alkimia» balitz bezala.
Tradizioaren eten hori Antonio Tovarren liburu batek ekarri zuen Euskal Herrira: Mitología e ideología sobre la lengua vasca (1980). Liburua irakurri beharrekoa da oraino, inork baino lehenago eta hobeto bildu baitzituen Erdi Arotik aurrera euskararen gainean idatzi zutenen izenak, lanak eta gogoetak. Alabaina, Unamuno —Unamuno!!!— baino lehenagoko ia guztia «apologisten» zakarrontzira bota dugu harrezkero.
Stephen Jay Gould zientzia hedatzaile handia zenaren hitzak parafraseaturik, aurreko ikertzaileen pasarteak erabiliz «barregura eta iraganaren ezgaitasunak gainditu izanaren autoatsegina sortzea bilatzen duten saioak» gaitzetsi behar genituzke. Lehenik eta behin, euren lanak munduaren ikuskera ezberdin baten adierazleak direlako, «ez euren ergelkeriaren edo orduko inozotasun kolektiboaren seinaleak». Bigarrenik, intuizio zoragarriak izan zituztelako batzuetan, begi zabalez begiratuta oraindik ere emankor izan daitezkeenak.
Gure burua irudikatzea baino ez dugu XVI. edo are XIX. mendean ere, hizkuntzaz dakigun guzti-guztia ahaztuta, aurrekaririk, baliabiderik, akademiarik eta unibertsitaterik gabe, gure indar hutsez euskararen deskribapena egiten. Nork gaindituko Poza, Oihenart, Larramendi edo Astarloa?