astekaria 2020/07/17
arrowItzuli

bizigiro

Euskal Herria josteko unea

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Euskal Herria josteko unea

Urmuga Euskal Herria mendebaldetik ekialdera josten duen ertza da, Artziniegako (Araba) Anguloko portutik Hiru Erregeen Mahairaino (Izaba, Nafarroa). Mendilerro luze horretan jaiotzen dira euskal ibaiak: iparraldera, urak Bizkaiko itsasora isurtzen dira; hegoaldera, berriz, Ebro ibaira, eta handik Mediterraneo itsasora. «Urmuga Euskal Herria josten duen hari bat da: mendebaldea ekialdearekin, eta hegoaldea iparraldearekin. Uraren muga da, baina ez gure herriarena: hori azpimarratuko dugu musikaren eta kulturaren bidez», esan du Felipe Uriarte Urmugak, egitasmoaren sustatzaileetako batek.

Mendizaletasunak eta musikak bat egingo dute gaurtik abuztuaren 1a arte, Urmuga egitasmoan. Euskal Herria zeharkatuko dute mendebaldetik ekialdera hemeretzi etapatan, eta, tartean, bederatzi kontzertuz gozatzeko aukera izango dute mendi inguruetan, mendia eta musika batuz. Egitasmoaren antolatzaileak Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus orkestra dira, Sorland komunikazio enpresaren kolaborazioarekin. Dokumental bat grabatzeko asmoa ere badaukate.

Hemeretzi etapa, guztira

«Kostatuko zaigu Anguloko portua Hiru Erregeen Mahaiarekin pausoz pauso jostea. 370 kilometro inguruko zeharkaldia egingo dugu», esan du Uriartek. Hala ere, Urmuga zeharkatzeko helburua betetzeko prest daude. Hemeretzi etapatan zatituko dute bidea: «Batez beste, zortzi orduko etapak izango dira; egun batzuetan, bost ordutan amaituko dugu, eta, beste batzuetan, hamar ordu beharko ditugu», Uriarteren arabera.

Gainera, hamaika modutan parte hartu daiteke egitasmoan: «Batzuek osorik egingo dugu, beste batzuk hamar bat egun ibiliko dira, eta zenbaitek azken astea egingo dute; asteburuko jendea ere badago. Mendizale gisa parte hartu gabe, kontzertuak ikustera bakarrik etortzerik ere badago», esan du Uriartek. Egunero hamar mendizale inguru ibiliko dira.

Izarra Aizpuruak, berriz, zalantza batzuk izan eta gero, uztailaren 20tik abuztuaren 1era hartuko du parte. 28 urteko emakume hori Berriatuan (Bizkaia) bizi da, eta bakarrik hartuko du parte: «Ea nolako taldea topatzen dudan», esan du, gogotsu.

Talde horretan aurkituko du, bi egunez baldin bada ere, Nerea Etxebarria Aizpuru. Lekeition (Bizkaia) bizi da aspalditik 61 urteko bilbotar hori, eta lagun batekin hartuko du parte Urmuga egitasmoan: «Bi etapa egingo ditugu: zortzigarrena eta bederatzigarrena, hau da, Zegamatik [Gipuzkoa] Lekunberrira [Nafarroa] joango gara». Kontzertuetara joatea «ezinbestekoa» da, haren iritziz.

Musika mendien «altzoan»

Urmugan barrena egingo dituzten bederatzi kontzertuen ardatza Et Incarnatus orkestra izango da. Miguel Zeberio orkestrako zuzendariak ohartarazi du kontzertuak ez dituztela mendien tontorretan egingo: «Kontzertu guztiak mendi inguruetan izango dira: babes pixka bat eta altzo bat egiten duten toki aproposetan. Batzuetan, inguruko herrietatik gertuxeago izango gara beste batzuetan baino, baina beti naturguneetan izango dira kontzertuak».

Herritik gertu egingo dute, adibidez, Baigorriko (Nafarroa Beherea) kontzertua: Etxauzia Nafarren Etxeko lorategian. «Jauregi hori aldarri garrantzitsu bat da, kulturgune bat sortu nahi baita Euskal Herri osoa nolabait ordezkatuko duena Baigorrin. Lehen aldiz egingo da horrelako kontzertu handi bat Etxauziako lorategian», Zeberioren arabera.

Kontzertu ia guztiak Et Incarnatus orkestrak emango ditu, beste hainbat artistarekin batera: «Donostiako Orfeoia, Oreka TX, Maddi Oihenart, Petti, Mikel Urdangarin, Xabier Leturia, Txomin Artola eta abar izango dira gurekin. Zerrenda amaigabea da», esan du Zeberiok.

Kontzertuez gain, Urmugan barrena dabiltzala, musika ez da etengo; Izarra Aizpuruarengatik ez behintzat: «Trikitia eta panderoa jotzen ditut, eta ez dakit egitasmora eramango ditudan. Edonola ere, irrintziak bota eta alaituko dugu mendia».

Naturak berak ere sortzen du musika, Uriarteren esanetan: «Mendian beti dugu musika: oso goian bazaude haizeak txistu egingo du; baso batean txoriak izango dira edo erreka baten hotsa; eta euriak ere mendian sortzen du bere musika. Hau da, mendizaleentzat musika naturak egiten du. Nolabait, horri buelta ematen, beti entzuten dugu musika aretoetan, toki itxietan eta kalean, eta ederra da imajinatzea mendian musika egitea».

Gainera, Urmuga egitasmoaren planteamendua ondo egokitu da COVID-19 gaitzaren prebentziorako neurrietara: «Ez gaude oraintxe areto itxietan biltzeko moduan, eta orduan, hautu ona egin dugu», Zeberioren ustetan. Hala ere, mendizaleen eta kontzertuetako ikusleen kopurua zenbatua izango da, eta, horretarako, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute www.urmuga.eus webgunean.

Hala azaldu ditu neurriak Miguel Zeberiok: «Naturan egoteak ematen digu aukera lasaixeago ibiltzeko, baina jendeak badauka ohitura txukun jokatzeko. Naturguneetan Hego Euskal Herrian 1.000 pertsona egon daitezke gehienez, eta Iparraldean, 5.000, eta hori ez dugu inondik ere gaindituko. Eta hori hala izan dadin, leku nahiko zabalak hartu ditugu, jendea lasai izan dadin. Dena den, izena ematea gomendatzen dugu».

Entzumena kitzikatzeko

Lolekuak «oso ugariak» izango dira, Uriarteren arabera: «Apartamentuak, aterpe libreak, denda arinak eta frontoiak izango dira loleku. Dibertigarria izango da alde horretatik».

Etapetan parte hartzeko, ordaindu egin behar dute, izena eman eta gero; kontzertuetan, berriz, «ezinbesteko borondatezko laguntza bat» eskatuko dute, Uriarteren esanetan.

Kulturaren eta naturan egotearen egarria duen oro asetzeko aukera paregabea da Urmuga egitasmoa. Zeberiok mendia eta musika elkartzea goraipatu du: «Naturak badauka gure erroetara itzularazten gaituen zerbait primitiboa, zerbait erakargarria. Eta musika gure zentzumenik garrantzitsuenetako bat kitzikatzeko modua da, eta naturan ematen da oso aukera aproposa hori egiteko». Mendian barrena musikaren bidez, alde batetik bestera, Euskal Herria josteko unea da.

BERRIAn argitaratua (2020/07/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA