astekaria 2020/07/17
arrowItzuli

kultura

Oroimenean iltzatutako festa handia

Mikel Lizarralde

Oroimenean iltzatutako festa handia

Uztailaren 14a zen. 2019koa. Igandea. Duela urtebete, Berri Txarrak taldeak euskal musikaren historiara igaroko den kontzertu bat eman zuen Kobetamendin, Bilbon, 20.000 zaleren aurrean. Ahaztuko ez den gaua izenburua zeraman uztailaren 16an BERRIAn argitaratutako kronikak, eguna oroimenean ondo iltzatuta eramango baitute bertan parte hartu zuten antolatzaile, artista, gonbidatu eta zaleek. Euskal kulturaren festa handi bat izan behar zuen, eta asmo horrekin antolatu zuten arratsaldeko lehen ordutik gauera bitarteko egitarau oparoa. Dantzak, bertsoak eta zirkuak lekua izan zuten, eta Ahotsenea gunean jende andanaren aurrean aritzeko aukera izan zuten hainbat musika taldek: Atzapar, Larra Bideak, Diabolo Kiwi, Dukka, Natali, Huts, Patx & Run eta Iont.

21:15ak aldera hasi zen, berriz, Berri Txarraken kontzertua, eta berezia izan behar zuen ezinbestean, gonbidatu sorta handia baitzuten Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek: Broken Brothers Brass Band, Jurgi Ekiza, Aitor Gorosabel, Matt Sharp, Aiora Renteria, Anari, Leire Iseo, El Drogas... Une batean, eta jakinda zer-nolako lanetan sartu ziren kontzertu erraldoia antolatzeko, Urbizuk galdera bota zuen: «Mereziko al du?». Erantzunik behar ez zuen itauna.

Artzai Iraurgi Panda Artist Management enpresako kideak barru-barrutik bizi izan zuen Kobetamendiko jaialdia antolatzeko prozesua. Hirukoteak azaroan Iruñeko Nafarroa Arenan eman behar zituen bi kontzertuetarako sarrerak azkar agortu zirela eta areto guztiak betetzen zirela ikusita, lehenengo ideia izan zen estadio batean egitea jaialdia. «Baina azkenean ez ziren baldintzak bete, eta Kobetamendiko aukera egokia iruditu zitzaigun, BBK Live jaialdiaren azpiegitura balia genezakeelako».

Berri Txarrak-en kontzertu asko antolatu ditu Iraurgik, baina Bilbokoak «berezia» izan behar zuen, eta horrek berak areagotu egin zuen lan karga, gonbidatu asko baitziren egun osoan. Koordinazio lan handia egin behar izan zuten entseguak antolatzeko, «hainbeste jenderen agendak bateratzea ez baitzen erraza izan».

Kontzertuaren aurreko astean, Altsasuko (Nafarroa) Ihortia kultur etxea hartu zuten hiru egunez, gonbidatu guztiekin entseguak egin ahal izateko. Denek ezin zuten, ordea, eta taldeak Lekunberrin (Nafarroa) zuen lokaletik pasatu ziren probak egiteko haietako batzuk.

Uztailaren 14an, halere, dena «arazorik gabe» atera zela gogoratzen du Iraurgik. BBK Live egina zen ostegun, ostiral eta larunbatez, eta igande goizaldeko 06:00etan amaitzearekin batera hasi ziren Berri Txarrak-en festarako dena prestatzen. «Gure irudiak eta oihalak jarri genituen, eta teknikoki egin beharreko aldaketak ere egin genituen». Goizean soinu probak egin zituzten gonbidatu guztiekin, eta bazkaldu ondoren hasi ziren «urduritasunak», Iraurgik aitortu duenez. «Urduritasuna bai, baina emozio handia ere bai, 20.000 lagunen aurrean aritu behar baitzuen taldeak».

Broken Brothers Brass Banden haize tresnek publikoari harrera egitearekin bat hasi zen kontzertua, eta, Urbizu, Gonzalez eta Izagirre oholtzara igo ostean, Jurgi Ekiza (Willis Drummond, EraBatera) izan zen taldearekin batera abestu zuen lehen gonbidatua. Ez dut nahi izan zen aukeratua. Ekiza: «Gorkak berak askatasuna eman zidan kantua hautatzeko, baina esan zidan ondo ikusiko zuela Ez dut nahi izatea, nire ahotsarentzat egokia zelako».

Ekizak gogoratzen du taldeak «oso modu profesionalean» antolatu zuela jaialdi osoa. Altsasuko egonaldian izan zen bera, eta han izan zuen lehen aukera bere kantua Berri Txarrak-ekoekin prestatzeko. Kobetamendiko jaialdiaren egunean bertan, berriz, beste tarte txiki bat izan zuten entsegu txiki bat egiteko, soinu probak baliatuta.

Ekizak badaki kontzertu berezia izan zela Kobetamendikoa; 20.000 lagun ez dira elkartzen edozein modutan euskal talde bat zuzenean ikusteko: «Nik badakit sekula ez dudala hori lortuko», aitortu du. «Alderdi horretatik, esperientzia eder eta aberasgarria izan zen». Kontzertua, gainera, oholtza gainean eta alboan bizi izan zuen, eta ez du ahaztuko. «Momentu magikoak izan ziren emanaldi osoan. Aitor Su Ta Gar agertokira igo zenean, adibidez».

Urtebete igaro da Bilboko kontzertutik, eta egoera oso bestelakoa da orain. Emanaldi gutxi, segurtasun baldintza estuak, ikusle kopuru oso murriztuak... «Ematen du beste mundu batean bizi garela». Eta, horri lotuta, Berri Txarrak-ek «zortea» ere izan zuela uste du Ekizak. «Kantuak egiteko talentua dago, taldearen energia eta urte hauetan egindako alimaleko lana ere bai. Eta baita zorte pixka bat ere gauzak behar zen momentuan eta moduan egiteko. Hori ere talentua da». Eta Berri Txarrak-en azken birarekin lotu du hausnarketa. «Urtebete berantago egin izan balute, dena eroriko zen, eta oso amaiera tristea izango zen. Baina agurtu dituzte euskal musika eta Euskal Herria dena erori baino lehen. Horrek berak markatzen du une berezi bat haien historian».

Zinemagilearen begirada

Berri Txarrak-ek bira luzea egin zuen joan den urtean, eta, orain, Marina Lameiro zinemagilea bira horren lekukotza jasoko duen film bat amaitzen ari da. Ez da, baina, Berri Txarrak-i buruzko ohiko dokumental bat izango, ezta biraren kronika bat ere. «Kamera beste aldera mugitu dugu, ikusteko zaleek nola bizi izan zuten bira», zehaztu du zinemagileak. «Zaleak dira filmaren protagonistak, zale indibidualak. Ezagutu ditugu, eta haien bizitzan eta bizipenetan sartu gara».

Lameirok adierazi du abiapuntua eta eszenaratzea zinema komertzialetik eta ohiko dokumentaletatik oso urruti daudela, informazioaren gainetik «emozioa» gailentzen delako filmean. «Urruti dago ohiko dokumental eredutik. Edo jendeak dokumental gisa ulertzen duen horretatik. Hau da, dokumentalek informazioa etengabe eman behar dutela dioen ustetik. Filmean bada informazioa, beti dagoelako informazioa, baina hori baino inportanteagoa da emozioa».

Hasi ere, modu berezian hasi zuen filmaketa. Taldeak Lekunberrin eman zuen kontzertuan hartu zituen lehen irudiak. Hala ere, hirukoteari ez, baizik eta zaleei begira jarri zuen kamera: «Agertokian kokatu, eta lehen lerroan jarri nuen begia. Horrela ikusi nuen luzez jendea: nola abesten zituen kantuak, nola bizi zuen kontzertua. Hori oso irudi indartsua izan zen. Nola aldatzen den pertsona baten aurpegia, zer keinu egiten dituen». Kontzertu bat filmatzeko modu estandarrekin zerikusirik ez, beraz. «Plano luze batekin, zerbaiti begira dagoen pertsonarengan eta denboran zer gertatzen den ikusi nahi nuen».

Taldearekin biran ibili zen Lameiro, baina batik bat zaleekin igaro zuen denbora. Kontzertuetan lehenik, eta handik kanpo ondoren. Eta sumatu du lanketa oso berezia izan dela jarraitzaileentzat ere. «Niri asko kostatzen zait jendeari galdetzea ea filmatu dezakedan, oso lotsatia naiz eta. Baina beraiek hain direnez Berri Txarrak-en zaleak, ohore bat da haientzat. Eta sentitu dut eroso egon direla».

Lameirok zuzentzen duen bigarren film luzea izango da Berri Txarrak-en biran oinarritutakoa, eta taldeak berak eta Arena ekoiztetxeak eramango dute aurrera. Young & Beautiful aurreko lanarekin Publikoaren saria jaso zuen Lameirok Iruñeko Ikuspuntu jaialdian, 2018. urtean.

BERRIAn argitaratua (2020/07/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA