astekaria 2016/03/04
arrowItzuli

gizartea

Sare bat Sartagudatik Sarajevoraino

Ion Orzaiz

Sare bat Sartagudatik Sarajevoraino

Badira odolaren arrastoa kendu ezin duten lekuak. Gerrak orbaindutako herriak edota fusil hotsek hilobi bihurtutako larreak. Gurs, Sarajevo eta Sartaguda dira horietako bakan batzuk. Hiru hartxintxar, oroimen historikoaren errepide malkartsuan; askoz gehiago Europa osoan. Horien arteko errepide mapa osatzen hasteko asmoarekin jaio da Memsite 1936-2016 izeneko egitasmoa. Iruñean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, atzo.

Zehazki, oroimen historikoaren esparruan berebiziko garrantzia duten lekuen sarea osatu nahi du gobernuak, eta Nafarroako hainbat gune sartuko dituzte zerrendan: Sartagudako Memoriaren Parkea, Iruñeko Erorien monumentua eta Ezkaba mendiko Alfontso XII gotorlekua, besteak beste.

Nafarroako Gobernuaren ekimenez sortutako proiektua izanagatik, baina, Europako hainbat erakunderen arteko elkarlanari esker aterako da aurrera Memsite 1936-2016. «Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkaritzak sustatu du egitasmo hau, eta Europako beste zenbait herritako esperientziak ezagutzeko parada emanen digu», azaldu zuen Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollok, atzoko saioan. Proiektuari esker, «gerra guneak memoria eta elkarbizitzarako mugarri» bihurtuko dituztela nabarmendu zuen.

Testigantzak eta kritika

Gerra eta indarkeriaren agertoki izandakoak oroimen historikoaren erakusleiho bilakatzeko tenorean, besteak beste, Okzitaniako eta Bosnia eta Herzegovinako ereduei erreparatuko diete egitasmoaren sustatzaileek. «Europa astindu zuten hiru gerra bortitz izanen dira egitasmoaren ardatz: Gerra Zibila, II. Mundu Gerra eta Balkanetako Gerra; eta horietan garrantzi berezia izan zuten zenbait gune aztertuko ditugu. Ikusi nahi dugu nola bihurtu diren errespetuaren, bakearen eta giza eskubideen foku, horrorearen orube izan ondotik», gaineratu zuen Ollok. Informazio horrekin guztiarekin, txosten bat onduko dute, «memoria guneetan aplikatu beharreko politika publikoak» zehaztu ahal izateko.

Europa Herritarrekin 2014-2020 programako diru laguntza deialdira aurkeztu dute egitasmoa, baina, Europako erakunde ofizialez gainera, oroimen historikoaren esparruko elkarteek ere «zeresan handia» izanen dutela ziurtatu du kontseilariak: «Proiektuan parte hartzeko aukera izanen dute talde guztiek. Egitasmo hau elkarlanerako topagune izatea nahi dugu».

Atzoko aurkezpen ekitaldian izan zen Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen saileko zuzendari nagusi Alvaro Baraibar ere. Haren esanetan, tresna garrantzitsua izanen da Memsite 1936-2016, «Europako faxismoaren jatorria aztertzeko tenorean». Horrez gainera, «oroimen historikoari egin diezaiokegun ekarpenaz eta besteen esperientzia baliatzeko moduez gogoeta egiteko» ere balioko du. «Oroimen kritiko bat garatzeko beharra daukagu; iraganeko gatazkak aztertzen ez baditugu, nekez ulertuko ditugulako gaur egun gertatzen ari diren eskubide urraketak».

Egitasmoaren barruan, gainera, bederatzi jardunaldi antolatuko dituzte sustatzaileek, 2016ko irailetik 2017ko irailera. Horietatik lau izanen dira Nafarroan: Iruñean, Sartagudan, Azkoienen eta Tuteran.

BERRIAn argitaratua (2016/03/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA