gizartea
Lehen kolpean, 2.152 hildako lau hilabetean
Mikel P. Ansa
Pandemiaren hasieran kutsatuen kopuruari begiratzen zitzaion, gailurra noiz ailegatuko zen igartzeko. Azkar sumatu zen ez zela aski. Ospitaleratuen eta ZIUetan zeudenen datua esanguratsuagoa zen. Lau hilabete geroago, heriotzen kopurua da gaitzak utzi duen arrasto sakonena: 2.152 hildako lau hilabetean. Hego Euskal Herrian, inoiz ez da hainbeste jende hil azkeneko berrogei martxoetan eta azkeneko berrogei apiriletan —ez dago lehenagoko daturik—. Eta koronabirusak eragindako heriotzetan, Munduko tasarik handienetakoa du Euskal Herriak. Baina ez da bera eskualde guztietan. Gaitzak arrasto handiagoa utzi du Gasteiz aldean, eta Nafarroako eta Bizkaiko leku batzuetan; txikiagoa, Gipuzkoan —Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dago, baina gutxienez hamar eri hil dira—.
Lorratz sakonena zahar etxeetan utzi du COVID-19ak, eta zaintza sistemari buruzko zalantzak erein ditu. Zaharren egoitzetatik kanpo ere, adinekoen artean eragin du kalterik handiena: hildakoen %90ek 70 urtetik gora zituzten.
Ekainean baretu da egoera. Ospitaleetako karga jasangarria da, kasu positibo berri gutxi agertzen ari dira, eta zahar etxeak arindu dira. Kutsatze kate berriak dira kezka orain. Ekainetik, hamar foku sortu dira, eta Tuterakoa (Nafarroa) eta Ordiziakoa (Gipuzkoa) eteten jarria dute arreta oraintxe bertan administrazioek, baina aise sor litezke fokuak. Lehen olatuak hori erakutsi baitu: oso erraza dela dena hankaz gora jartzea.